Eklipsearen dardarizoa II: Animalien aztoramendua

Eklipseren bat bizi dutenek badakite; eta lehen aldiz biziko dutenek ikusiko dute: pertsonak ez gara eklipsea sumatzen dugun bakarrak; beste animalietan ere eragiten du bat-batean eguna gau bihurtzeak, eta atzera argitzeak. Animaliei arreta jarrita, haien jokabidea dokumentatzeko, herritarren zientziako proiektuak antolatu dituzte abuztuko eklipserako.

Animaliekiko jakin-min hori ez da berria. Maider Perez de Villarreal Zufiaurre albaitaria da, etologian aditua, eta eklipseetan animaliek nola erreakzionatu duten jasotzen duten dokumentuak arakatu ditu. Adibide esanguratsuak aurkitu ditu: “Lehenengo kontakizunetako bat Ristoro d’Arezzo italiarrarena da. 1239ko ekainaren 3ko eklipse osoan gertatutakoa deskribatu zuen: animalia eta hegazti guztiak izutu egin ziren; eta basapiztiak erraz harrapa zitezkeen”. 1560ko abuztuaren 21ean, berriz, Portugalen ikusitako eklipse batean, Christoph Clavius astronomoak honako hau idatzi zuen: “osotasunean, izarrak zeruan agertu ziren eta ikuskizun harrigarri bat gertatu zen, hegaztiak zerutik lurrera erori baitziren, halako iluntasun beldurgarriaren ondorioz”.

«Kilkerrak kantuan hasten dira, hegaztiak habira itzultzen dira edo aktiboago bihurtzen dira, baleak jauzika hasten dira, eta esne-behiak ukuilura sartzen dira»

Perez de Villarrealek baieztatu duenez, gaur egun ere dokumentatu dituzte aldaketak animalia basatietan zein etxekotuetan. Kilkerrak kantuan hasten dira, hegaztiak habira itzultzen dira edo aktiboago bihurtzen dira, baleak jauzika hasten dira, eta esne-behiak ukuilura sartzen dira. Tora Greve eklipse-behatzailea Zambiara joan zen espedizioan 2001ean, eta, Eguzkia desagertzearekin batera, ohartu zen igelak kantuan hasi zirela eta hegazti harrapariek hegan egiteari utzi ziotela. Putzu baten inguruan zegoen, eta ikusi zuen jirafak korrika hasi zirela eklipsearen osotasunean. Eguzkia berriro agertu zenean, lasaitu, eta berriro hasi ziren zuhaitzetako hostoak jaten.

Kronobiologia eta ziurgabetasuna

Portaera bitxi horien atzean, bi dimentsio daude, Perez de Villarrealek esplikatu duenez: kronobiologikoa eta ingurumen-ziurgabetasunarekin zerikusia duena. “Portaeraren biologiaren ikuspegitik, gertaera hauek esperimentu natural gisa uler daitezke, aukera ematen baitute aztertzeko nola erantzuten dieten animaliek ingurumen-seinale nagusietan izandako aldaketa azkarrei. Ugaztunen kasuan, ikerketa enpirikoa oraindik mugatua bada ere, eskuragarri dauden lanek aukera ematen dute erantzun-eredu nahiko koherenteak identifikatzeko, mekanismo kronobiologikoak eta portaerazkoak uztartzen dituztenak”.

Daniel SchwenCCBYSA3.0

Behi bat, Suitzako mendien artean. Arg: Daniel Schwen/CC BY SA 3.0 via Wikimedia Commons


Eguzki-eklipse batean egindako azterketa osoenetako bat ekarri du gogora etologoak. 2017an egin zuten, Columbiako Riverbanks zooan, eguzki-eklipse oso batean. 17 ornodun-espezieren portaera aztertu zuten; tartean, hainbat ugaztunena (primateak, elefanteak, hartzak eta ungulatuak, besteak beste). “Emaitzek erakutsi zuten aztertutako espezieen % 75k, gutxi gorabehera, aldaketak izan zituztela portaeran eklipsearen osotasun-fasean, eta horrek agerian uzten du eklipsea ingurumen-estimulu esanguratsua dela”, azpimarratu du.

«ugaztunetan behatutako erantzunik ohikoenetako bat ilunabarrari lotutako portaeren aktibazioa da»

Oro har, ugaztunetan behatutako erantzunik ohikoenetako bat ilunabarrari lotutako portaeren aktibazioa da. Honela azaldu du Perez de Villarrealek: “Fenomeno hau kronobiologiaren esparruan azaldu daiteke; hau da, ingurumen-zikloek erregulatutako erritmo biologikoen ikerketan. Eklipse batean argitasuna bat-batean gutxitzeak gaua datorrela iradoki diezaioke sistema zirkadianoari. Horren ondorioz, gaueko portaerak aktibatzen dira; hala nola jarduera moteltzea, taldekatzeko joera edo atsedenerako prestatzea. Eredu hori etxekotutako ugaztunetan (behietan eta ardietan) nahiz basa espezieetan dokumentatu da. Eta gatibutasunean daudenetan ere bai; adibidez, hartzetan”.

Basatietan zein etxekotuetan

Hala ere, ohartarazi du erantzun hori ez dela uniformea ugaztun guztietan. “Konplexutasun sozial eta kognitibo handiagoko espezieetan (primateetan eta elefanteetan, esaterako), iluntze hutsak azaltzen ez dituen portaerak ere behatu dira. Kasu horietan, indibiduoek urduritasun-zantzuak, jarduera soziala areagotzea edo talde-antolaketaren aldaketak erakusten dituzte. Adibidez, goriletan eta babuinoetan, ikusi dute elkarrekintza soziala eta mugikortasuna handitzen direla. Elefanteek ere taldekatzeko joera dute, eta beren mugimendu-ereduak aldatzen dituzte. Portaera horiek iradokitzen dute ezen, osagai kronobiologikoaz gain, badagoela ingurunea ebaluatzeko dimentsio bat ere; hau da, ezohiko eta ustekabeko gertaerekiko erreakzioa”, ondorioztatu du.

mendiko gorilaren begiak

Mendiko gorila bat, Ruandan. Arg: Charles J. Sharp/CC BY SA 4.0 via Wikimedia Commons


Etxekotutako animalietan (txakurretan eta katuetan) ebidentzia heterogeneoagoa da, eta izaera anekdotikoa du askotan. Txakur batzuek urduritasuna erakusten dute edo zaintzaileengana hurbiltzeko joera dute, baina beste askori ez zaie aldaketa nabarmenik hautematen. Kasu horietan, gizakien presentziak eta eguneroko errutinek eragin handia dute, eta horrek eklipsearen eragin zuzena lausotzen du, Perez de Villarrealen ustez.

«eklipseen izaera arraro eta iragankorrak zaildu egiten du ikerketak errepikatzea eta lagin handiak lortzea»

“Horrenbestez, eskuragarri dagoen ebidentziak iradokitzen du ezen ugaztunen eguzki-eklipse osoekiko erantzuna bi dimentsioren arteko elkargunean kokatzen dela: batetik, argiaren arabera erregulatutako erritmo zirkadianoen erantzun automatikoa eta, bestetik, ustekabeko gertaeren aurrean ingurunea prozesatzeko eta baloratzeko gaitasuna. Etxekotutako ugaztunek, oro har, lehen dimentsioari lotutako erantzun aurreikusgarriagoak erakusten dituzte; basa ugaztunek, bereziki egitura sozial konplexuak dituztenek, aldiz, portaera-aniztasun handiagoa dute, ingurumen-ebaluazio aktiboago baten adierazgarri”, laburbildu du.

Dena dela, mugak ere aipatu ditu. Hasteko, eklipseen izaera arraro eta iragankorrak zaildu egiten du ikerketak errepikatzea eta lagin handiak lortzea. Gainera, azterlan asko ingurune kontrolatuetan egiten dira, hala nola zooetan, eta horrek zalantzak sortzen ditu emaitzak populazio basatietara orokortzerakoan. Horregatik, etorkizunera begira, uste du behaketa sistematikoak eta jarraipen-teknologia automatizatuak oso lagungarriak izango direla animalien erantzuna hobeto ezagutzeko.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Girafa bat, Hego Afrikan. Arg: ValentinMoser/CC BY 4.0 via Wikimedia Commons

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali