Edorta Unamuno Mirandona bat dator Perez de Villarrealekin: ikerketa sistematiko gutxi egin dira eklipseek animalietan nola eragiten duten jakiteko. Unamuno ekosistemen biologoa da, eta hegaztiak aztertzen ditu batez ere, Urdaibai Bird Centerren. Orain arte ez zaio egokitu eguzki-eklipse oso bat bizitzea, eta desiratzen dago abuztuaren 12a iristeko, eta ikusteko nola erantzuten duten bere inguruko hegaztiek. Izan ere, dokumentatuta dauden zenbait kasutan, ikusgarria dela azaltzen da.
Oraingoan, ilunabarretik hain gertu izanda, Unamunok aurreikusten du espezie batzuetan eragina ez dela hain nabarmena izango, “baina nabaritu nabarituko dute, argitasunak berebiziko garrantzia baitu hegaztietan”, baieztatu du. Horrekin batera, ohartarazi du hegaztien artean dibertsitate handia dagoela, eta, beraz, erantzuna oso desberdina izango dela espezie batzuetatik besteetara.
«ilunabarretik hain gertu izanda, espezie batzuetan eragina ez da hain nabarmena izango»
Azaldu duenez, hegaztiek fotorrezeptore ugari dituzte begietan, eta oso sentikorrak dira argiarekiko. Migrazioetan, adibidez, fotoperiodaren arabera, hormona jakin batzuk jariatzen dira, eta asko jaten hasten dira, gantza metatzeko migraziorako. Gaueko hegaztiak, berriz, ilunabarrarekin aktibatzen dira: hontzak, mozoloak eta halakoak. Eta, aldi berean, beste espezie batzuk lotarako prestatzen dira. “Talde horietako hegaztiek noski izango dutela nolabaiteko portaera-aldaketa bat argia desagertzean”, iragarri du Unamunok.
Enara bat hegan, ura edan nahian. Arg: sanchezn/CC BY SA 3.0 via Wikimedia Commons
Eta jarraitu du: “Garai horretan, abuztuaren 12an? Ordurako, enara-andana handiak hasiko dira biltzen inguru honetan, migrazioan doazela. Enarek egunez migratzen dute, eta, ilunabarra iristen denean, leku bat bilatzen dute atseden hartzeko; normalean padurak eta paduretako lezkadiak izaten dira. Talde handitan biltzen dira, eta ikusi izan dugu, adibidez, arratsaldeko 17:00etan ekaitz handi bat sartu eta hodei beltzek Eguzkia estaltzea, eta enarak denbora baino lehen jaistea lo egiteko lekuetara. Beraz, pentsatzen dut eklipsearen kasuan ere horrelako zerbait gertatuko dela”.
«Begiz ez ezik, belarriz ere antzemango da hegaztien erantzuna eklipsearen unean»
Begiz ez ezik, belarriz ere antzemango da hegaztien erantzuna eklipsearen unean. “Batzuek ilunabarreko kantak egingo dituzte; hori seguru. Guk, hemen, azkenengo kantariak eta lehenengoak txantxangorriak ditugu. Egun horretan, eklipsea gertatu ahala, iluntzeko kantuak egingo dituzte, eta erretiratu egingo dira, pentsatuz gaua dela. Eta, laster, eguna suertatuko zaie berriro. Eta berriro kantatuko dute. Arraroa egingo zaie”. Xehetasun horiek guztiak Urdaibai Bird Centerren dituzten kameren bidez grabatzeko asmoa du Unamunok.
Bat-batean, galdera sortu zaio: Zer egingo dute saguzarrek? Joxerra Aihartza Azurtza zoologoak erantzun dio galderari. Hasteko, baina, argi utzi du ezen, hegaztien artean dibertsitate handia dagoen bezala, saguzarren artean ere gauza bera gertatzen dela. Hori bai, eklipseak gertatzen diren bitartean askoz ere gutxiago behatu dira saguzarrak, hegaztiak baino. Hortaz, dokumentazio gutxiago dago.
Saguzarrak Litchfieldeko parke Naturaleko zuhaitz batetik zintzilik (Australia). Arg: Dietmar Rabich/CC BY SA 4.0 Wikimedia Commons
Nolanahi ere, aurreratu du espezie batzuek ez dutela antzeman ere egingo: “Kobazuloen barruan bizi direnak eta guztiz gautu arte ateratzen ez direnak ez dira jabetuko Eguzkia desagertu egin dela tarte batez. Erloju kronobiologikoaren arabera bizi baitira, ez argitasunaren arabera. Saguzar guztiak ez dira horrelakoak, ordea, ezta gutxiagorik ere. Badira zuhaitzetatik zintzilik bizi direnak, espezie tropikalak, adibidez; baita Ipar Amerikan dezente gora bizi diren batzuk ere. Eta hemengo batzuk zuhaitzen azalen azpian bizi dira, eta teilatupeetan eta horrelako lekuetan. Horiek guztiek antzemango dute argitasun-aldaketa. Horiek dira oportunistenak, ilunabarrean aktibatzen direnak. Eklipseak, beraz, ateratzera bultzatuko ditu. Baina ez die asko aldatuko jokabidea. Izan ere, aurrena ale batzuk ateratzen dira, eta gordelekutik gertu geratzen dira, bueltaka, eta kantu sozialak egiten. Sartu-irtenean ibiltzen dira, eta halaxe ibiliko dira eklipseak iraun bitartean, bestela ere ilunabarra gertu baitago”.
Onartu du eklipseari jarraipena egingo diola baina ez duela asmorik saguzarrekin ikerketarik egiteko. Izan ere, ez du uste esanguratsua izango zatekeenik. “Eklipse bakoitza latitude ezberdin batean gertatzen da, klima ezberdinekin, ordu desberdinetan, eta, beraz, eragina desberdina da. Eta espeziearen arabera ere asko aldatzen da. Oso zaila da ikerketa esanguratsuak egitea gai honi buruz”.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



