Ilargiaren itzalak argitutakoa

Zilegi da galdetzea zertarako. Eklipse baten kasua ez da salbuespen bat: zertarako baliatu dezakegu eguzki-eklipse bat? Gizakiarentzat ez da ikuskizun natural hutsa; eklipseak berezko ezaugarriak ditu, eta erabiltzerik badago, erabiliko ditu. 

Noiz gertatu zen Troiako gerra? Noiz desagertu ziren Stonehenge eraiki zutenak? Noiz jaio zen Txinako lehen enperadorea? Gure gaur egungo ikuspuntutik, aintzinako historiak egutegi fidagarri baten falta du. Ez dakigu zehazki noizkoak diren gertaera zaharrenak; K. a. VI. mendera arteko gertaerak datatzea oso zaila da, eta geroagoko gertaera gehienak ere bai. Hala ere, salbuespen bat dago, eklipsearen gatazka. Hala deitzen zaio. 

Eklipsearen gatazkan mediarrak dira protagonistak. Persia osatu baino lehenagoko garaietan, haiek kontrolatzen zuten Kaspiar itsasoaren hegoaldeko kosta, eta gerraz gerra zabaldu zuten lurraldea; gaur egungo erreferentziak hartuta, Irango iparraldetik Turkiaren erdialderaino. Han lidiarrak topatu zituzten, eta borrokan hasi ziren. Eta egun batean, bat-batean, borroka eten egin zuten. Bai, baina noiz izan zen? Bada, zehatz-mehatz, K. a. 585 urteko maiatzaren 28an. Egun horretantxe. 

Zertarako balio du eklipse batek? Bada, kasu horretan, egutegi moduan erabiltzeko. Herodoto historialari grekoaren kronikaren arabera, mediarrak eta lidiarrak borrokan ari ziren batean, gaua egin zen. Eta gerlariek gerra bukatzeko seinale moduan hartu zuten. Bi lurralderen arteko muga bertako Halys ibaian ezarri eta sei urteko gerrari amaiera eman zioten. Lehen aldiz, eklipse bat egutegi bihurtu zen. Gainera, bitxia bada ere, Miletoko Talesek iragarri omen zuen eklipsea, baina bi herri haiek ez zuten iragarpen horren berri. 

Fikziorako jauzia

Espero gabeko eklipse bat jainkoen seinale izatearen ideia interesgarria da gidoi bat idazteko. Eta askotan erabili izan da. Oso ezaguna da, adibidez, Mark Twain-en Yankee in King Arthur's Court liburua. Eta, adibidez, Tintin eta Eguzkiaren tenplua komikian ere erabiltzen zuen Hergék ideia hori. 

Nolanahi ere, historian izan dira saiakerak eklipseak iragartzeko. Ustez, Antiziterako mekanismoaren helburua horixe zen. Antiziterako mekanismoa hondoratutako barku greziar batean topatu zuten. Kasua deigarria da, engranaje askoko makina mekaniko bat delako —konputagailu analogiko deitzen zaio batzuetan—, eta, ustez, engranaje zehatzak egiteko teknologia ez zegoen eskuragarri barkuaren garai hartan. Horregatik, aditu batzuek proposatu dute makina geroagokoa dela, baina itsasora erori eta hondoratu egin zela, kasualitatez, urperatutako barkua zegoen tokian. 

Indiana Jones-en azken filmean (Indiana Jones and the Dial of Destiny, 2023) protagonismo handia du Antiziterako mekanismoak. Hala ere, film horretan denboraren makina moduko bat da; historialariek, ordea, ondorioztatu zuten berez astroen posizioak iragartzeko makina bat zela; eklipseak, adibidez. 

Benetako gailua ikusgai dago Atenasko Museo Arkeologiko Nazionalean. 2006an, Nature aldizkariak argitaratu zuen haren analisi bat, eta funtzionamenduari buruzko ikerketa baten emaitza. Eta hor dago gakoa. Askotan aipatzen da zer den eta harrigarria dela garai hartan horrelako gailu bat izatea, baina gutxitan azaltzen da berez ez zuela ondo funtzionatzen. Arazoa da engranajeen bitartez, astroen orbita zirkularrak hartzen dituela oinarri, eta astroen orbitak ez dira zirkularrak. Eliptikoak dira. 

Eklipseak zientzia egiteko 

Beste erantzun-mota bat eman dakioke eklipse batek zertarako balio ote duen galdera horri: zientziaren erantzuna. Eklipseak urriak dira, eta, beraz, ez dirudi oso erabilgarriak direnik.

Ilargiak hilabetean behin egiten du bira bat Lurraren inguruko orbitan, baina eklipseak ez dira hilabetean behin izaten. Horren arrazoia da Ilargiaren orbita konplexua dela. Batetik, orbita eliptikoa du (batzuetan gertuago dago beste batzuetan baino) eta prezesio-mugimendu bat egiten du (elipsearen orientazioa etengabe aldatzen da); eta bestetik, eta batez ere, kontuan hartu behar da Ilargiaren orbita eta Lurraren orbita ez daudela plano berean, eta, ondorioz, gehienetan, Ilargiak Eguzkiaren gainetik edo azpitik egiten duela bidea, Lurretik ikusita.

Nolanahi ere, eklipseak izaten dira tarteka. Haien iragarpen zuzen bat baldin badugu, etekin zientifikoa ere atera diezaiokegu. 

Astroen mugimenduek denbora markatzeko balio dute, hau da, erloju moduan erabil daitezke; eta, gainera, erloju zehatzak dira. Galileok proposatu zuen Jupiterren sateliteen eklipseak erabiltzea nabigazioan, itsasontzietan ezin baitzuten erloju zehatzik eraman. Erloju zehatz bat izateak, adibidez, esan nahi zuen itsasontziaren posizioaren longitudea modu zehatzean kalkula zitekeela. 

Bada, Galileok pentsatu zuen Jupiterren satelite baten eklipse bat ez dela aldi berean ikusten longitude ezberdineko bi tokitan. Ez zen ideia ona. Batetik, Galileo oker zegoelako; eta, bestetik, Jupiter behatzea ez delako praktikoa eta askotan ez delako posible. Edonola ere, eklipseak erloju moduan erabiltzearen kontzeptua interesgarria zen. 

1676an, Ole Romer astronomoa Jupiterreko sateliteen mugimendua neurtzen ari zen. Berez, ilargiak ziren, planetaren inguruan mugitzen; ez zen misterio handirik egongo. Datuak hartzea besterik ez zen. Dena den, Io-ren eklipseen arteko denborak aldatu egiten ziren urtean zehar. Lurra eta Jupiter zenbat eta gertuago egon, orduan eta laburragoa zen eklipse batetik besterako denbora-tartea, eta alderantziz. Baina Io-ren abiadura ez zen aldatzen. Periodoa beti zen 42,5 ordu. Beraz, ondorio bakarra zen argiak abiadura baduela, ez dela aldi berekoa, eta Lurra urruti zegoenean, denbora gehiago behar zuela Jupiterretik iristeko. 

Romerrek urtetan jaso zituen datuak. Haiei esker, argiaren abiadura kalkulatu zuen. Ez zen kalkulu perfektua, baina, batetik, kalkulua egin izanak berak balio handia du, eta, bestetik, hurbilketa ez da oso txarra. XVII. mendea zen, eta haren emaitza segundoko 212.000 kilometro da (benetako balioa 300.000 kilometro inguru da). Eklipseek balio izan zuten kontzeptu iraultzaile bat baieztatzeko; alegia, argiaren abiadura ez zela infinitua. Gainera, kalkulatu egin zuen. 

Teoria iraultzaile bat

Jupiterrenak ez ezik, zientziak Eguzkiaren eklipseak ere baliatu ditu aurrera egiteko. Alde horretatik, historian izan diren eklipse ezagunenetako bat 1919ko maiatzaren 29an izan zen. Einsteinek teoria ero bat proposatua zuen, Erlatibitate orokorraren teoria. Eroa zen, besteak beste, proposamen eroa egiten zuelako, alegia, masa oso handi batek argiaren ibilbidea desbideratzen duela. Eta 1919ko eklipsean hori zuzena zela frogatu zen. Masa handia Eguzkia bera da, eta desbideratutako argia, berriz, Eguzkiaren atzean dauden izarrena da. 

Jakina, egunez ez dira izarrak ikusten. Eguzkiaren masa handiak haien argi-izpiak okertzen ditu, baina egunez ezin da efektu hori ikusi. Gauez ere ez, Eguzkia ez baitago bertan. Beraz, Eguzki-eklipse oso bat aukera bakarra da horixe ikusteko; Eguzkiaren argia itzaltzea bezala da, baina Eguzkia bera bertatik kendu gabe. Eta horregatik abiatu ziren fisikariak eklipse baten bila. Hainbat aldiz saiatu ziren, eta, azkenean, 1919ko eklipse batekin lortu zuten efektuari argazkiak egitea. 

Garai zailak ziren; Lehen Mundu Gerra bukatu berria, tentsioa zegoen britainiarren eta alemaniarren artean, eta erlatibitatearen ideia Alemaniatik zetorren. Hala ere, Frank Watson Dyson eta Arthur Stanley Eddington britaniarrek bi espedizio bidali ahal izan zituzten eklipseari argazkiak ateratzeko. Eklipseak denbora asko iraun zuen, eta horri esker, Ilargiaren itzalak bide luzea egin zuen. Britainiarren espedizio bat Sobral herrira joan zen, Brasilera, eta bestea Principe uhartera, Afrikara. Eguraldi eskasa izan zuten bietan, eta ekipamendu urria zeukaten. Baina bi tokitan egindako argazkiei esker, frogatu egin zuten Einstein zuzen zegoela: Eguzkiak izarren argia desbideratzen du. Ondorioz, eklipse bat erabili zuten erlatibitate orokorraren iragarpen teoriko bat lehen aldiz praktikan baieztatzeko. 

Eklipse artifiziala 

Gaur egungo zientziarentzat eklipseak ez dira bereziki baliagarriak. Gutxitan izaten dira ezinbestekoak eklipse batek sortzen dituen kondizioak ikerketa bat egiteko. Nabarmendu egin behar da hori, eklipseak urriak direlako. Ideia bat izateko, XX. mendean 228 eguzki-eklipse izan ziren, eta horietako 71 bakarrik izan ziren eklipse osoak. Beraz, horien beharra duen ikertzaile batek luze itxaron beharko du eguzki-eklipse egoki bat baliatzeko. Gainera, eklipse bat nondik ikusten den eta zenbat denboraz, horrek asko baldintzatu dezake ikerketa. 

Edonola ere, hainbat kasutan, eklipse artifizialak eragin daitezke, eta haiek baliatu. Adibide ikusgarriena SOHO behatokia da (Solar and Heliospheric Observatory). Espazioan dagoen ESA agentziaren behatoki bat da, L1 izeneko puntuaren inguruko orbitan kokatua. Edozein planetaren orbitari lotuta hainbat puntu egonkor daude, baita Lurraren kasuan ere; puntu horietako batean espaziontzi bat kokatuz gero, espaziontzia ez da inora eroriko. Lagrangeren puntuak deitzen dira, eta SOHO behatokia puntu horietako baten inguruan biraka dabil, L1 izenekoaren inguruko orbitan, hain zuzen. 

Baina kokapena baino are interesgarriagoa da zer trikimailu erabiltzen duen Eguzkiaren koroa ikertzeko. Ideia da Eguzkia bera estaltzea haren argia oztopatzeko, eta modu horretan koroa behatu ahal izatea. Alegia, eklipse artifizial bat erabiltzen du koroa ikusi ahal izateko. Abuztuaren 12an Ilargiak egingo digun lan berbera da: Eguzkia estaliko digu, eta Eguzkiaren koroa ikusiko dugu begi hutsez. Ez da harritzekoa behaketa-mota horrek posible egiten duen instrumentuak koronografo izena izatea. SOHO behatokiak halako bat erabiltzen du koroa etengabe behatzeko. 

Horri esker, SOHOk milaka kometa aurkitu ditu, eta, jakina, Eguzkiaren jardueraren erregistro luzerako datuak ematen ditu. Eklipseak erabilgarriak dira; beraz, eklipserik ez baduzu, sortu ezazu bat.

Guillermo Roa Zubia

Kimikan doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea

ARG.: Fernando de Gorocica/CC-BY-SA.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astronomia