Eklipsearen dardarizoa I: Lilurak harrapatuta

II Animalien aztoramendua

III Hegalarien erantzuna

IV Herritarren zientzia

Javier Armentia Fructuoso astrofisikariak emozio kutsakorrez hitz egiten du abuztuaren 12ko eguzki-eklipseaz. “Egin kontu: pertsona batek bizi den lekuan eklipse bat ikusteko probabilitatea % 25ekoa baino txikiagokoa da”. Horrek garbi uzten du gertakari benetan ezohikoa dela. Ez da harritzekoa, beraz, eragin nabarmena izatea gugan. Ez gara eklipsea sumatzen dugun espezie bakarra, ordea. Hegaztietan, saguzarretan eta beste bizidun batzuetan ere nabaritzen da dardarizoa.

“Eklipsea fenomeno astronomiko hutsa baino askoz ere gehiago da. Gure arloko zientzialariontzat, noski, erakargarria da; nahiz eta ez daukan garai bateko garrantzia laborategi natural gisa. Ikuspegi zientifikotik, ez da lehen bezain emankorra; hori hala da. Baina eguna gau bihurtzea eta gero berriro argitzea zirraragarria da, berez. Eta zirrara horrek badu zerbait berezia; gure adimenaz kanpo balego bezala da. Izatez, ez da hainbeste denbora eklipseak zehatz iragar ditzakegula”. Armentiaren hitzak dira. Ez du ezkutatzen eklipseekin liluratuta dagoela, azalpen zientifikoa ondo baino hobeto dakien arren.

«pertsona batek bizi den lekuan eklipse bat ikusteko probabilitatea % 25ekoa baino txikiagokoa da»

Edo, agian, baita horregatik ere. Izatez, harrigarria baita kasualitate hutsez gertatzea. Ez baitago arrazoizko azalpenik Ilargia Eguzkia baino 400 aldiz txikiagoa izateko, eta, aldi berean, Lurretik 400 aldiz gertuago egoteko. Eta bien mugimenduak lerrokatuta geratzeko, tartean behin. Azalpena jakin ezean, Eguzkia tarte batez desagertzeak mirarizkoa lirudike, edo beldurgarria. Horregatik, fenomenoa zientifikoki ulertzeko gai ez zirenean, mitoen bidez azaltzen zuten.

Kultura eta garai bakoitzak du bere mitoa. Adibidez, txinatarren mitologian, kontatzen dute herensuge batek Eguzkia jaten zuela. Herensugea uxatu eta Eguzkia berreskuratzeko, danborrak jotzen zituzten, eta geziak jaurtitzen zituzten zerura. Aztekek ere uste zuten Eguzkia irentsita desagertzen zela; baina ez zuen herensuge batek jaten, jaguar batek baizik. Eskandinaviako mitoan, bi otso Eguzkia eta Ilargia ehizatzen saiatzen dira; harrapatzen dituztenean, eklipsea gertatzen da, eta horrek munduaren amaiera iragartzen du. Hinduentzat, deabru bat zen Eguzkia jaten zuena; egiptoarrentzat, suge bat…

herensugepersiarra

Eklipsearen herensugea (tinnîn), f. 359. 1540-1545 urtekoa/Jabego publikoa Jabego publikoa


Armentiak ere kontatzen ditu halakoak urtea hasi zenetik han eta hemen ematen ari den hitzaldietan eta dibulgazio-ekintzetan. “Buru-belarri nabil honetan; izan ere, nahiko nuke jende guztia jabetzea fenomeno izugarri berezi bat bizitzeko aukera izango duela”, aitortu du. Gogora ekarri du lehen ere bazela eklipse baten etorrera bere antzera bizi zuenik: “Adibidez, erromantizismoko eta geroagoko zientzialariak, eta haien inguruko jende aberatsa. Espedizioak antolatzen zituzten, eta Europa zeharkatzen zuten eklipsea bizitzeko eta dokumentatzeko. Artea egiteko ere inspiratzailea zitzaien, eta margolan eta idazlan zoragarriak sortu zituzten. Hor ere garbi ikusten da sortzen duen erakarmena interes zientifikoaren gainetik dagoela”.

Euskal Herrian ere, 1860ko eta 1905eko eguzki-eklipseek sortu zuten ikusmina jasota geratu da garai hartako komunikabideei esker. Gaur egun, sare sozialak foro egokia dira begiratzeko zer iritzi edo inpresio sortu duen fenomeno batek. Adibiderako, 2017ko eklipseak Twitter sare sozialean utzitako arrastoari buruzko ikerketa bat aipatu du Armentiak. Kaliforniako Unibertsitateko Sean Goldy psikologoak gidatu zuen azterketa hura. Ia hiru milioi erabiltzaileren txioetan azaltzen ziren erreakzioak aztertu zituen, eta baieztatu zuen eklipseak nabarmen erasan ziela: harridura, esker ona eta txera adierazten zuten mezuak ugaritu egin ziren, eta jendeak maizago erabili zuen gu izenordea, ni erabili beharrean. Hori bai; giro atsegin horrek 24 ordu bakarrik iraun zuen.

«garbi ikusten da sortzen duen erakarmena interes zientifikoaren gainetik dagoela»

2024ko eklipsean ere, antzeko joera ikusi zuten ikertzaileek. Sare sozialek poz kolektibo baten berri eman zuten, eta jendea taldean, elkartuta eta zoriontsu erakusten zuten argazkiz bete ziren. “Horrek guztiak erakusten du eklipse bat bizitzea eraldatzailea dela”, ondorioztatu du Armentiak.

hiru emakume paris eklipsea

Hiru emakume, 1921eko apirilaren 8ko eklipsea ikusten, Parisen/Rol Agentzia/Jabego publikoa


Hitzaldietan, beraz, giro berezi hori ingurukoekin batera bizitzeko aholkuak ematen ditu: nola prestatu esperientzia, zer ikusiko duten, nondik ikusiko duten ondoen, nola behatu behar duten… “Badaezpada ere, berriro esango dugu, ezta? Begiak ondo babestu behar dira, iragazki egokiekin, kalterik ez izateko. Bestela, zeharkako behaketa egin daiteke, itzalari begiratuta, zulatutako paper batekin, edo bahe batekin. Zuhaitzetako ostoen itzalean ere ikus daiteke. Horrez gain, badaude programa nahiko sinple batzuk argi-uhinak soinu-uhin bihurtzeko eta eklipsea belarriz jarraitzeko ere”.

Argian ez ezik, haizean ere sumatzen dira aldaketak. Eklipse-haizea deitzen zaie aldaketa horiei. Europan, 1999ko eklipsean ikertu zituzten, adibidez. Orduko azterketek erakusten dutenez, ehunka kilometrotan, Eguzkiaren argia desagertu eta tenperatura jaitsi ahala, haizea aldatu egin zen, baita hodeiz estalitako tokietan ere. Adibidez, Readingen (Ingalaterra) hodeitsu zegoen, eta, tenperatura jaitsi zenean, zikloi moduko bat sortu zen. Eklipsearen ondoren, haizea lehenera itzuli zen denean. Presio atmosferikoan ere izan ziren aldaketak, eta luzaroago iraun zuten.

Fenomeno astronomikoa, pertsonala eta soziala

Kontua eklipsea bizitzea da. “Onartu beharra dago eguzki-eklipse osoek txiki sentiarazten gaituztela, eta gogorarazten digutela besteen beharra dugula. Fenomenoa astronomikoa da, baina esperientzia, pertsonala ez ezik, soziala da”. Horren erakusgarri da zein desberdin bizi izan ziren 1961eko eta 1999ko eguzki-eklipseak Belgraden. Armentiak azaldu du diferentzia: “1961ean, Jugoslaviako agintariek egoki emandako informazioaren laguntzarekin, jakin-mina izan zen nagusi. Aldiz, 1999koan, komunismoaren osteko Serbia hartan, izua sortu zen kaleetan”.

Leku askotan, oraindik ere egiazkotzat dituzte eklipseei lotutako hainbat sineskeria, hala nola emakume haurdunentzat arriskutsuak direla, edota emakumeek, oro har, ez dutela etxetik atera behar, zer gerta ere. Eta, nola ez, era guztietako ideia kospirazionisten pizgarri ere badira. Horrelakoen aurrean, Armentiak uste du kazetaritzak eta dibulgazioak lan baliotsua egin dezaketela.

«harridura, esker ona eta txera adierazten zuten mezuak ugaritu egin ziren, eta jendeak maizago erabili zuen gu izenordea»

Hala ere, gerta liteke zientzialariek ere, noizbait, uste okerrak zabaltzea. Itxura denez, hori gertatu da koniferoek eklipsea iragar dezaketela baieztatu zuen ikerketa batekin. Ikerketa hura 2025ean argitaratu zen, “Picea abies zuhaitzen sinkronizazio bioelektrikoa eguzki-eklipse batek iraun bitartean” izenburupean. Haren arabera, zuhaitzak gai ziren eguzki-eklipse partzial bat iragartzeko, seinale elektrikoei erreparatuta. Gerora, ordea, beste zientzialari batzuek atzera bota zuten, eta frogatu zuten ikertzaileek seinale elektrikoetan atzeman zituzten aldaketak arrazoi arrunten bidez azaldu zitezkeela.

eklipsearen itzalak

2019ko abenduaren 26ko eklipseak sortutako itzalak, Kerala Thrissurren/PRABHAKARAN1972/CC BY SA


“Ez dugu gauza hain sinesgaitzen beharrik jabetzeko eguzki-eklipse bat fenomeno zirragarria dela”, esan du Armentiak. Edozeinek ikus eta senti ditzakeen efektuak nabarmendu nahi ditu, eta, bide batez, kultura zientifikoa zabaldu, eta arduraz jokatzeko ohartarazi. “Bereziki kezkatzen naute suteek. Abuztuaren 12an ingurua lehor-lehor egongo da, eta zigarrokin batek sekulako hondamendia eragin dezake”. Hondakinen kudeaketa eta autoen joan-etorriak izango dira zorrotz jokatzeko beste bi alderdi. “Errespetua eta zuhurtzia eskatuko nieke guztiei. Beti, baina bereziki egun horretan”, adierazi du. Hain zuzen, beste eklipse batzuetan ikusi da ezen, eklipsea amaitutakoan, auto-istripuak ugaritu egiten direla, jende guztia aldi berean ateratzen delako errepidera, eklipsea ikusteko aukeratu duen lekutik alde egiteko. Abuztuaren 12ko eklipsea iluntzean denez, arriskua are handiagoa da.

“Animaliak gara, animalia sozialak. Hortaz, eklipseak norbanakooi eragiten digu, baina baita gizarteari ere. Aukera ederra dugu fenomeno hau elkarrekin bizitzeko”, bukatu du Armentiak.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Haur batzuk, begiak ondo babestuta, 2017ko abuztuaren 21eko eklipsea ikusten/Jabego publikoa/Fort Campbell Multimedia Visual Information Service Center

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali