Irudia: Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND
Zer pentsatu ote zuen Erriberabeitiko nekazari hark, kontatu ziotenean astronomo ingeles batzuek bere larraina alokatu nahi ziotela. Azaldu zioten handik egun batzuetara eguzkia ezkutatu egingo zela, eta gertakizun hori aztertu eta argazkitan jaso nahi zutela astronomoek. Eta uda oro garia jotzeko erabiltzen zuen larrain hura ongi kokatuta egoteaz gain, haren zoru lau eta trinkoa ezin aproposagoa omen zen euren tramankuluak jartzeko. Uzta-garaia hasi berri, hurrengo egunean bertan erabiltzeko asmoa bazuen ere, eta urrunago zegoen beste larrain bat erabiltzea askoz lan handiagoa izango zen arren, astronomoei utzi zien, eta ez zien dirurik onartu nahi izan trukean. Ulertu zuen, nonbait, zerbait garrantzitsua zela. Larrain hark, uda hartan, oso bestelako uzta emango zuen.
Hurrengo egunean, larraina beterik zegoen oholez, olanaz, hodiz eta kutxa mordo batez. “Eklipsea behatzeko tresnak” zuten idatzia kutxa haiek. Material hura guztia, ia bi tona, lau egun lehenago atera zen, 1860ko uztailaren 7an, 40 bat zientzialarirekin batera, Plymoutheko portutik, Himalaia itsasontzian.
Uztailaren 18an izango zen eguzki-eklipse osoa behatzeko espedizio bat zen hura. Ez zen bakarra; izan ere, Espainia zen Europako herrialde bakarra eklipsea bere osotasunean ikusi ahal izango zena, eta hamaika herrialdetako hogeita hamar espedizio inguru antolatu ziren eklipsea osotasunean ikusiko zen zerrendara. Esaterako, Léon Foucault (pendulu ospetsua asmatu zuena) eta Urbain Le Verrier (Neptuno iragarri zuena) frantsesak Moncayora joan ziren; Angelo Secchi italiarra Castellóko Desert de les Palmesera; eta Dorpat, Kiel eta Europako erdiko beste hainbat astronomok Gasteizko Santa Luzia gaina hartu zuten.
Himalaian zetozen zientzialarietako bat Warren De la Rue zen, argazkigintza astronomikoan aitzindaria. Eguzki-teleskopio oso berezi bat diseinatu zuen. 89 mm-ko diametroa baino ez zuen arren, obturadore berezi bat zuen, zeinarekin argazkiak atera baitzitezkeen milisegundotako esposizio-denborekin. Fotoheliografo horri esker, Eguzkiaren gainazalaren argazkiak ateratzen hasi zen 1858an, Kew-ko behatoki astronomikoan. Eta tresna hura zeraman De la Ruek, eklipsea argazkitan jasotzeko.
Santanderren porturatu zen lehenengo Himalaia. Han gelditu ziren zientzialari batzuk. Eta handik Bilbora joan zen ontzia. Hara zihoan De la Rueren taldea. Haren lehen asmoa ere behatokia Santanderren ezartzea izan zen. Baina Charles Vignoles herrikideak, Tuteratik Bilbora egiten ari ziren trenbidearen ingeniari-buruak, azaldu zion ez zela lekurik egokiena. Haren ustez, inguru horretan itsasoko lurrunak mendien kontra kondentsatzean sortzen diren lainoak eragozpen handia izan zitezkeen espedizio haren egitasmorako. Eta gomendatu zion hegoalderago joatea; Ribabellosa izeneko herri txiki eta lasaia aholkatu zion.
Kasu egin zion De la Ruek, eta bai asmatu ere, gerora idatziko zuenez: “Zorionekoa izan zen nire estazioa Santanderretik Ribabellosara aldatu izana, atmosferaren egoerak eklipsea behatzea eragotzi baitzien lehen leku hura hautatu zuten astronomoei”.
«Osotasuna hasi arte, askoren solasaren murmurioak betetzen zuen airea; baina gero, bat-batean, ahots guztiak isildu ziren»
Uztailaren 9an iritsi ziren Bilboko portura, eta hurrengo eguneko ilunabarrean abiatu ziren, zalgurdiz, Ribabellosara. Honela deskribatu zuen bidaia Walter Beck espedizio-kideak: “Gauez bidaiatzea ez da inoiz izan munduko gauzarik atseginena, ezta lehen klaseko tren-bagoi batean ere, baina zalgurdiz egitea, hori bai ez dela gozoa. Jasanezina izateraino hautsez beteta hamar orduko bidaia egin ondoren, gure helmugara iritsi ginen”.
Ribabellosara iritsi eta berehala, inguruak aztertzen hasi ziren, eklipsea behatzeko punturik onena aukeratzeko. Ondoko herrian, Quintanilla Erriberabeitian, gain batean zegoen larrain hura aukeratu zuten. “Hogei bat metroko diametroa zuen, eta bidetik gertu zegoen; hori oso komenigarria zitzaigun, beharko genuen ura urrutitik ekarri behar baitzen. Gainera, zorua erabat laua zen, eta izugarri lehorra eta gogorra”. Hori ere primeran zetorkien behategia eraikitzeko.
Hurrengo egunetan, larraina behatoki bihurtu zuten. Zenbakitutako oholekin, puzzle bat balitz bezala, di-da batean eraiki zuten etxola bat, bi gelakoa. Gela batean, fotoheliografoa jarri zuten, eta bestea argazki-laborategia izango zen. “Sabaiaz gain, beste estalki bat ere jarri genuen, olana sendo bat, errebelatze-gelako paretetatik eta sabaitik ia metro batera. Horren helburua argazki-gela gehiegi ez berotzea zen, hori oso kaltegarria baita argazkigintzarako. Oihal hura urez bustita mantentzen zen, lurrunketak olanaren eta behatokiaren arteko aire-geruzaren tenperatura jaitsi ahal izateko, eta ederki betetzen zuen bere helburua. Behatokia erabiltzen ez zenean, olana fotoheliografoa zegoen gelara zabaltzen zen, tresna euritik babesteko”.
Argazki-laborategiak fotoheliografoarekin lortutako negatiboak errebelatzeko behar zen guztia zuen: gai kimikoak, mahaiak, argazkiak jartzeko apalak, harraska bat eta kanpotik betetzen zen ur-zisterna bat. Ura herritar batek ekartzen zuen, beirazko txanbiletan, asto gainean.
Uztailaren 14an atera zioten lehen argazkia Eguzkiari, dena ongi zebilela ziurtatzeko. Unea iristen zenean, denak egon behar zuen prest. “Niretzat helburu garrantzitsuena fotoheliografoaren bidez eklipsearen fase guztien argazkiak lortzea zen”, idatzi zuen De la Ruek.
“Igandean, hilaren 15ean, egun zoragarri baten ostean, inoiz ikusi dudan trumoi-ekaitzik handi eta ikaragarrienetako bat izan genuen, eta hilaren 16a lainotsua izan zen, ia ostarterik gabea”, jaso zuen De la Ruek. “Eklipsearen aurreko egunean, zerua erabat estalita egon zen, eguerdiko tarte labur batean izan ezik, eta, orduan ere, gainontzeko zerua estaltzen zutenak baino zertxobait meheagoak ziren lainoen atzean ikusten zen Eguzkia. Eguraldia ez zen aproposena, ez horixe; eta hobera egiten zuen tarte bakoitza arduraz erabili beharra genuen tresnak doitzeko”.
Eklipsearen egunean ere lainoak ziren nagusi, eta zientzialariak, atsekabetuta, esperantza gutxirekin joan ziren larraineko behatokira. Zorionez, eguerdiko hamabiak aldera, argitzen hasi zuen. Hamabi eta erdietarako zerua urdin zegoen, zeruertzeko hodei batzuk salbu, eta Eguzkia garbi-garbi ikusten zen.
“Eklipsea hasi baino hogei bat minutu lehenago, ia gure lan guztiak amaiera tamalgarri batera eraman zituen gertakari bat izan genuen”. Haien zerbitzura lanean fin aritu zen Juan izeneko herritar bati eklipsea ikusi ahal izateko aukera eman nahi izan zion De la Ruek. “Beira zati bat ketu nion luzifer-pospolo batekin”. Orduan, Juan gauza bera egiten hasi zen inguruan zeuden beste hainbat herritarrentzat. Baina hainbestek nahi zuten, ezen presaka hasi baitzen, eta pospoloak itzali gabe botatzen zituen. Lurrean zegoen lastoak su hartu zuen. “Zorionez, segundo gutxira, zirta-soinuak eta lasto errearen usainak arreta deitu zidaten, eta, ura eskura genuenez, sua mendean hartu genuen, gehiegi hedatu baino lehen”.
“Behaketak hasteko puntuan geundela, berrehun bat pertsona zeuden gure behatokiaren inguruan”, idatzi zuen De la Ruek. Arazo bat izan zen hori, jendetza haren soinuarekin ezin baitzuten kronometroaren tik-taka entzun. “Nonbait, uste zuten eklipsea gure estaziotik bakarrik ikus zitekeela. Kosta zitzaigun konbentzitzea ondoko muino batera joateko, are hobeto ikusiko zutela-eta handik paisaian nola eragiten zuen”.
Ordubata eta erdiak pasata, zerua aldatzen hasi zen. Argia arraroa zen. Alkateak bidalitako zaindarien zaldiak artegatzen hasi ziren. Txoriak isildu egin ziren. Eguzkia Ilargiaren atzean ezkutatzen ari zen. Astronomoak buru-belarri ari ziren lanean, zehaztasunez. Fotoheliografoa, argazkiak ateratzen: klik…
Irudia: Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND
“Osotasunak herritarrengan izan zuen eragina izan zen aipagarriena”, gogoratuko zuen De la Ruek. “Osotasuna hasi arte, askoren solasaren murmurioak betetzen zuen airea; baina gero, bat-batean, ahots guztiak isildu ziren; txundigarria izan zen hain bat-bateko barealdi hura. Orduan, belarriek herriko kanpaien hotsa harrapatu zuten; dilin-dalan aritu ziren eklipseak iraun zuen bitartean. Horrek ekarpen handia egin zion abagune haren handitasun solemneari”.
Pixkanaka, argia itzultzen hasi zen. Ikusleek arnasa hartu zuten berriro, eta naturak ohiko martxa berreskuratu zuen. Eklipsearen 40 argazki atera zituzten guztira, bi osotasunean. Eklipse baten prozesu osoa argazkitan jasotzen zen lehen aldia izan zen.
Argazki-plakak errebelatutakoan, itzalitako bi astroen inguruko ertzetik ateratzen ziren suzko mihi batzuk ikusten ziren, argi eta garbi, begi hutsez ezin zen bezala. Hain zuen ere, argazki haiekin frogatu ahal izan zuen De la Ruek ezen mihi haiek (eguzki-protuberantziak) Eguzkiarenak zirela, eta ez Ilargiarenak.
Eklipsearen ondorengo bi egunetan, Eguzkiari beste argazki batzuk ateratzen aritu ziren. Ondoren, dena desmuntatu eta paketatu zuten.
Behatokia larrain bihurtu zen berriz. Nekazariak agian ez zuen guztiz ulertu han zer gertatu zen, baina bazekien zerbait garrantzitsua izan zela. Berak ere jarri zuen bere aletxoa uzta oparo hura lortzeko.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



