Gizakien eta txinpantzeen burmuinen arteko aldeak birus baten infekzioak eragin ditu hein batean

Duela 5 eta 7 milioi urte artean, birus batek antzinako txinpantzeak infektatu zituen; ez, ordea, antzinako gizakiak. Birus horren material genetikoa txinpantzeen genoman txertatu zen, eta garai hartan bai gizakiek bai txinpantzeek zeukaten gene bat desaktibatzea eragin zuen. Gaur egungo gizakietan, gene horrek burmuinaren garapena erregulatzen du; ez, ordea, txinpantzeetan.

ARG.: KMBurke/Pixabay


Ikerketa batek gizakien eta txinpantzeen burmuinen arteko aldea eragin zuen mekanismoetako bat argitu du. Antzinako birus batek txinpantzeen arbasoa infektatu zuen, eta haren DNA eraldatu.

«Kultibatutako giza garun-organoideetan LINC00662 genea desaktibatu zuten, eta horrek giza neuronak atrofiatu zituen.»

Txinpantzeen eta gizakien lerro ebolutiboak duela 5 eta 7 milioi urte artean banandu zien, eta bi espezie horien DNAren % 1,2 soilik da ezberdina. Hori jakinik, ikertzaileek argitu nahi zuten nola bihurtu diren gizakien eta txinpantzeen garunak hain ezberdinak, proteinak sortzen dituzten geneak bi espezieetan hain antzekoak izanik.

Gizakiek eta txinpantzeek LINC00662 izeneko gene bat dute. Gizakietan, gene hori burmuinaren garapenean zehar adierazten da, eta izen bereko RNA ez-kodetzaile luze bat sortzen du. Molekula horrek neuronak heltzeko prozesuan parte hartzen du. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, duela 5 eta 7 milioi urte artean txinpantzeak PTERV1 izeneko birus batekin infektatu ziren, eta birus horren aztarna genetikoak LINC00662 molekula sortzea eragotzi zien.

Ondorio horretara iristeko, ikertzaileek PTERV1 birusaren material genetikoa kendu zuten txinpantzeen zelula ametatik, eta horrek LINC00662 sortzea eragin zuen. Bestalde, kultibatutako giza garun-organoideetan LINC00662 genea desaktibatu zuten, eta horrek giza neuronak atrofiatu zituen.

Emaitza horiek hainbat zalantza uzten dituzte argitzeko. Batetik, ez dago argi giza arbasoak zergatik ez ziren inoiz PTERV1 birusarekin infektatu. Bestetik, oraindik ez dira ezagutzen LINC00662 molekulak gizakian dituen funtzio guztiak, eta argitzeko dago, halaber, molekula hori ez izateak zer eragin duen txinpantzeetan.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Eboluzioa

Aldizkaria

Kolaboratu

Zure lana argitaratzea nahi duzu?

Gai zientifiko bati buruzko artikulu bat baduzu, bidali eta sarean zein aldizkari inprimatuan argitaratu dezakegu.

Bidali