Asteko argazkia: tardigradoa azala eta arrautza askatzen

Tardigrado bat azala eta arrautza askatzen. 2026ko Nikon Small World Fotomikrografia Lehiaketan 12. saritua. ARG.:Gonzalo Quiroga Artigas/Nikon Small World


Animalia mikroskopiko horiek behin baino gehiagotan azalberritu ohi dira, eta espezie batzuk une hori aprobetxatzen dute arrautzak erruteko. Argazkiko tardigradoak, azal zaharra galtzearekin batera, arrautza ipini du barruan, ondorengoa babestuago egon dadin.

Argazkia Gonzalo Quiroga Artigas doktoreak atera du, eta 2026ko Nikon Small World Fotomikrografia Lehiaketan 12. saritua izan da.

Tardigrado hitzak "ibiltari geldoa" esan nahi du, eta Lazzaro Spallanzani biologoak izendatu zuen hala 1777an. 1.500 tardigrado-espezie baino gehiago ezagutzen dira, eta gehienak lehorrekoak dira. Batez ere goroldioetan, likenetan eta iratzeetan bizi dira, baina ur ozeanikoetan edo ur gezan ere bizi daitezke.

Ikerketa asko egin dira animalia bitxi horien inguruan, muturreko baldintzetan bizirauteko gaitasuna baitute. Spallanzani berak behatu zuen tardigradoak “hil” egiten zirela bizi ziren goroldioa lehortzean, baina berriz hidratatzean mugitzen hasten zirela. Hortik aurrera, frogatu da tardigradoek espazioko hutsean, 6000 atm-ko presiopean eta -200 °C eta 150 °C arteko tenperaturetan biziraun dezaketela.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia