Soinu-kutsadurak espezie askori eragiten die

Ikerketa zabal batek ondorioztatu du soinu-kutsadurak eragina duela aztertutako animalia-espezieen % 80ren fisiologian, garapenean edo jokabidean.

ARG.: Thắng-Nhật Trần/Pexels


Giza jatorriko soinu-kutsadura mundu mailan zabaltzen ari da, eta ikerketa batek gai horren inguruan egindako 214 ikerketa bateratu eta laburbildu ditu, ondorio orokor bat lortzeko. Guztira, kontinente guztietako 177 animalia-espezie urtar eta lehortar hartu dituzte kontuan. Ikerketak ondorioztatu du soinu-kutsaduraren efektua habitat guztietan nabari dela eta animaliek hainbat modutan erantzuten diotela kutsadurari, espeziearen eta bakoitzaren ezaugarrien arabera.

«Kasu batzuetan harrapakarien ehiza oztopatzen zuen arren, beste kasu batzuetan ehizan arrakasta gehiago izatea eragiten zuen»

Egileek azaldu dute soinu-kutsadurak epe laburrera eta epe luzera eragiten duela animalietan. Soinua hasi eta gutxira, aztertutako espezieen % 78k jarrera aldatu zuten, % 80k aldaketa fisiologikoak izan zituzten eta % 72ren garapen-prozesua aldatu zen.

Baina soinu-kutsadurak epe luzeko aldaketak ere eragin ditu. Aztertutako animalien biziraupena batez beste % 19 murriztu zen; horrek esan nahi du soinurik gabe 100 indibiduotik 10 hilko liratekeen tokian soinuarekin 24 hiltzen zirela. Banakoen ugaritasuna ere % 37 murriztu zen batez beste soinu-kutsadura zegoen inguruneetan, eta soinurik gabe 100 ale egongo liratekeen lekuan 63 egotera pasatu zen.

Azkenik, egileek ondorioztatu dute harrapakari-harrapakin erlazioetan ere hainbat aldaketa gertatzen direla. Soinu-kutsaduraren pean, harrapakariek normalean baino 2,5 aldiz esfortzu handiagoa egin behar zuten ehizatzeko, eta, hala ere, % 25 harrapakin gutxiago eskuratzen zituzten. Bestetik, harrapakinak bizkorrago ezkutatzen ziren leku seguruetan soinu askoko inguruneetan, eta horrek kasu batzuetan harrapakarien ehiza oztopatzen zuen arren, beste kasu batzuetan ehizan arrakasta gehiago izatea eragiten zuen; izan ere, bitxiki, babestoki batzuek soinua anplifikatzen zuten, eta harrapakinak kanpora ateratzea eragiten zuten.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia