Kongoko Errepublika Demokratikoko ebola-izurria OMEk nazioarteko garrantzia duen osasun publikoko larrialditzat jo zuenetik, kutsatuen eta hildakoen kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta izurria gero eta gehiago ari da hedatzen. Ugandan ere, kasu gehiago agertu dira. Hori dela eta, bai OME, bai Kongoko osasun-agintariak oso kezkatuta azaldu dira. Haien esanean, izurria estatuan eta inguruan zabaltzeko arrisku handia dago; pandemia-arriskua, aldiz, txikia da.
Nahiz eta ez dagoen baimendutako tratamendurik ez txertorik oraingo agerraldia eragiten ari den aldaeraren aurka, Bundibugyo, botika batzuk probatzeko prest egon daitezke epe ertainean. Hala ere, prozesua ahalik eta gehien azkartuta ere, hilabeteak beharko lirateke populaziora iristerako.
«lehen kasuak sortu ziren eskualdea gerra-egoeran bizi da, baita inguruak ere.»
Hain zuzen, populazioaren egoera da oztopo handienetako bat agerraldiari aurre egiteko: lehen kasuak sortu ziren eskualdea gerra-egoeran bizi da, baita inguruak ere. Pertsona-talde handiak noiznahi mugitzen dira leku arriskutsuenetatik, seguruagoak izan daitezkeen beste batzuetara, eta osasun-baldintza eskasak dituzte. Erakundeetako eta osasun-zerbitzuetako profesionalek zailtasun handiak dituzte haiengana iristeko eta arreta emateko, eta beldur dira hainbat infektatu eta hildako egon daitezkeela, osasun-zerbitzuek jakin gabe. Hasieran ere, lau aste igaro ziren, tokiko zerbitzuek lehenengo kasuaren berri izan zutenetik, gaixotasun infekziosoen arduradunek jakin zuten arte.
Hortaz, oso zaila dute lehentasunezko lanak egitea ere: prebentzioa, diagnostikoa, kutsatuen identifikazioa, gaixoen zaintza, eta hobiratze seguruak.
Laguntzen murrizketa
Horri guztiari, nazioarteko laguntzaren murrizketa gehitu behar zaiola ohartarazi dute Kongoko osasun-agintariek. Hain zuzen, iaz erabaki zuen AEBko gobernuak bertan behera uztea OMEri eta giza laguntza ematen duten erakundeei bideratutako finantziazioa; tartean, USAID. Horrek egoera are ahulagoan utzi ditu Kongoko zerbitzuak, larrialdiari aurre egiteko.
«mundua COVID-19aren aurretik baino egoera okerragoan dagoela pandemia-arriskuei aurre hartzeko eta agerraldiak gerarazteko»
Azkenik, GPMB pandemien prebentziorako nazioarteko taldeak ere txosten bat kaleratu du, non jakitera ematen duen mundua COVID-19aren aurretik baino egoera okerragoan dagoela pandemia-arriskuei aurre hartzeko eta agerraldiak gerarazteko. Arazoa, batez ere, krisi soziala dela azpimarratu du; hau da, herrialde eta talde aberatsenen eta zaurgarrienen arteko desberdinkeria. Hori dela eta, aldarrikatu du ezinbestekoa dela justizia soziala, pandemia-arriskua handia baita: 2024an, 2015ean baino bi aldiz osasun-larrialdi gehiago detektatu zituen OMEk.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



