Tumaini hitzak “itxaropena” esan nahi du swahiliz, eta hala izendatu dute egungo ebola-agerraldia sortu duen Bundibugyo birusaren aurkako lehen entsegu klinikoa. Entseguak 2 eta 3 faseak bateratuko ditu; hau da, txerto izateko hautagai baten eraginkortasuna eta dosia ebaluatuko dituzte, eta hori guztia eskala handian konparatuko dute tratamendu estandar edo plazebo batekin, dena aldi berean. Protokoloak txertoaren ikerketa bizkortu nahi du, osasun-egoera larriari aurre egiteko.
«Baliteke berariaz Bundibugyo birusaren aurka diseinatutako beste bi txerto gehitzea entsegura azaroan»
Gaur egun, ez dago onartuta Bundibugyo birusaren aurkako txertorik. Tumaini entsegu klinikoan sartu den lehen hautagaia Ervebo izeneko txertoa da, eta duela 25 urte garatu zen, Zaire izeneko beste ebola-birus baten aurka. Txertoa ez da Bundibugyo birusarekiko espezifikoa, baina animalietan egindako azterketek iradokitzen dute eraginkorra izan daitekeela.
Entsegua ebola-kasu baieztatuen kontaktu zuzen batzuekin egingo da. Oraingoz, kontaktu horien erdiek Ervebo txertoa jasoko dute lehen egunean, eta lau aste geroago sukar tifoidearen aurkakoa emango zaie; beste erdiarekin, berriz, alderantziz egingo da.
Tumaini entsegu klinikoko ikertzaile nagusien arabera, baliteke berariaz Bundibugyo birusaren aurka diseinatutako beste bi txerto gehitzea entsegura azaroan. Txertorik aurreratuena Oxfordeko Unibertsitateko ikertzaile batzuek garatu dute, eta Bundibugyo birusaren azaleko proteina bat txinpantze-adenobirus batean txertatuta lortu dute. Beste txertoa Modernak garatu du, eta RNA mezularian oinarritzen da.
Txertoez gain, beste entsegu kliniko bat ebolaren aurkako bi tratamendu ebaluatzen hasi da, oraingoz 600 pazientetan. Tratamenduak MBP134 antigorputz-koktel bat eta remdesivir antibirala dira, eta laster bien eragina aztertzeko nahikoa datu izatea espero da.
Horiek horrela, agerraldia kontrolpean egotetik urrun dago, eta gaixotasunak zabaltzen jarraitu dezake. Urri hasieran Kenyak birus horren lehen kasua jakinarazi zuen, eta urriaren 20an Nigeriak ere beste kasu baten berri eman zuen.
Erlazionatuak
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



