Egungo ebola-agerraldia, historiako hilgarriena izateko bidean

Osasun-zentroek ere erasoak jasaten dituztenez, gaixoek uko egiten diote haietara joateari.

Osasun-langile bat, ebola-izurriari aurre egiteko lanean, bozgorailu batekin - DFID - UK Department for International Development/CC BY 2.0


ECDC Gaixotasunen Prebentzio eta Kontroleko Europako Zentroaren azken eguneraketaren arabera (2026ko abuztuaren 17an), Kongoko Errepublika Demokratikoak 4.945 kutsatu zenbatu ditu; tartean daude 2.325 hildako. Horrek esan nahi du izurriak hedatzen jarraitzen duela, aurreko astetik igo egin baitira kasuak eta heriotzak. Aldiz, Ugandan uztailaren 2an eman zuten bukatutzat agerraldia, eta kasu berririk gabe jarraitzen dute. Hala ere, prebentzio-neurri zorrotzak dituzte, birusa ez dadin berriz sartu Kongotik.

«Oraingo agerraldia Bundibugyo birusak sortu du, eta, gutxi gorabehera, % 46ko heriotza-tasa du»

Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, egungo agerraldia hilgarriena bilakatzeko bidean da. Hain zuzen, 2024-2026an izan zen agerraldia zen orain arteko larriena: 2.616 kasu eta 11.325 hildako eragin zituen Ginean, Liberian eta Sierra Leonan.

Oraingo agerraldia Bundibugyo birusak sortu du, eta, gutxi gorabehera, % 46ko heriotza-tasa du. OMEk gogorarazi duenez, oraindik ez dago berariazko tratamendurik ez txertorik onartuta haren aurka (orain ari dira probatzen bina tratamentu eta txerto pertsonetan), eta testuingurua larria da: indarkeria handia, kontrolik gabeko migrazioa, errefuxiatuen komunitate zabalak… Hala, populazioaren zati handi batek ez ditu oinarrizko zerbitzuak eskura: osasun-zaintza, ur edangarria, elikagaiak, aterpea eta babesa.

Gainera, osasun-zentroek ere erasoak jasaten dituztenez, gaixoek uko egiten diote haietara joateari. Horrek zaildu egiten du izurriari aurre egiteko kontrol-neurri egokiak hartzea (diagnosia, kasuen jarraipena, kutsatuak isolatzea…), baita hildakoak modu seguruan hobiratzea ere.

Larrialdiari erantzuteko, OMEk, beste behin ere, komunitatean oinarritutako neurrien garrantzia azpimarratu du, eta tokiko agintarien eta komunitateetako liderren zeregina nabarmendu.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna