Elkarrizketa

Maialen Aginagalde Unanue

«Ingeniari biomedikoek tratamenduak eta diagnostikoak hobetzeko gailuak diseinatzen dituzte»

Ingeniaritza biomedikoan, ingeniaritzaren eta medikuntzaren munduek bat egiten dute gure osasun-arazoei irtenbide teknologikoak bilatzeko. Maialen Aginagalde Unanue Farmazian lizentziatua da, eta bokaziozko irakaslea. Bere arloa osasun-zientziak dira, eta, 2017az geroztik, Ingeniaritza biomedikoko graduaren koordinatzailea da Mondragon Unibertsitatean.

Hasteko, definizio bat eskatuko nizuke. Zer da ingeniaritza biomedikoa?

Ingeniaritza biomedikoa diziplina anitzeko ingeniaritza bat da; ingeniaritzaren printzipioak, oinarriak eta teknikak erabiltzen ditu, eta biologiaren eta osasunaren eremuan aplikatzen. Baina, diziplina anitzekoa izateaz harago, sektoriala ere bada, industriaren sektore zehatz batean zentratzen baita: teknologia sanitarioen sektorean, hain zuzen.

Bestalde, ingeniaritza biomedikoaren helburua pertsonen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea da.

Baina, izatez, diziplina honetan dihardutenak ingeniariak dira, ezta? Ez dira medikuak.

Ingeniariak dira; argi eta garbi, gainera. Mezu hori oso argi uzten saiatzen gara. Ingeniariak dira, eta, gainera, diziplina asko menderatu behar dituzte: mekanika, elektronika, diseinua… Eta, nola ez, osasunaren munduko jakintza espezifikoak ere behar dituzte.

Zer produktu eta teknologia sortzen dituzte?

Horren adibide bat da medikuen tratamenduak eta diagnostikoak hobetzeko gailuen diseinua eta garapena. Bestalde, bioinformatikan ere aritzen dira, hau da, datu biologikoen analisian. Beste arlo garrantzitsu bat gailu medikoen erregulazio-prozesua da, arautegia oso zehatza baita eremu honetan. Horretaz gain, hainbat osasun-instalazio eta -prozesuren kudeaketan aritzen dira. Azkenik, agian guztiontzat ezagunagoak diren protesien munduan ere badago lana.

Zuek diseinatzen al dituzue protesiak?

Protesiak beti behar batetik abiatzen dira, arazo batetik. Hortik abiatuta, aurrerapen handienetako bat protesi pertsonalizatuak dira, pertsonaren behar zehatzetara egokitzen diren protesiak.

Protesiei buruz hitz egitean, jendeari beso edo hanka artifizialak etorriko zaizkio burura. Baina mundu hori askoz ere zabalagoa da, ezta?

Bai, protesiaren definizio orokorra hau da: gure gorputzeko edozein atal ordezkatzen duen egitura; bai gorputzaren kanpoa, bai gorputzaren barnealdekoa. Protesiarekin erlazioa daukan beste kontzeptu bat ortesia da; adibidez, ebakuntza bat izan ondoren hanka immobilizatzeko jartzen den gailua ortesi bat da, baita beso-euskarri bat ere. Ortesien helburua da gure lokomozio-aparatuaren funtzionalitatea hobetzea.

Teknologiari dagokionez, zein dira gaur egun protesiaren munduan izaten ari diren aurrerapausoak edo ikerketa-bide berriak?

Alde batetik, fabrikazio-teknologia aipatzearren, protesi pertsonalizatuen munduan 3D inprimaketa aurrerapauso handia da. Teknologia hori moldaerraza da, eta asko erabiltzen da protesien fabrikaziorako. Horrekin erlazionatuta, materialen zientzian ere asko aurreratu da. Oro har plastikoak erabiltzen dira, baina materialen aukera oso zabala da. Bestetik, protesi bionikoak ditugu; pertsonek pentsamenduaren bidez kontrolatu ditzaketen protesiak dira horiek. Eta horri beste buelta bat emango bagenio, sentitzen laguntzen diguten protesi bionikoak daude, zeinek ukimena, testura eta tenperatura igartzea ahalbidetzen baitute.

Hori zer da, oraina ala etorkizuna?

Prozesuan dagoela esango genuke.

Protesiena oso gertuko adibidea da, baina zuek, ingeniari biomedikoek, ukitu ezin daitezkeen gauzekin ere lan egiten duzue: datuekin, adimen artifizialarekin...

Bai, ingeniari biomedikoentzat, datu biomedikoak oso erabilgarriak dira. Datu biomedikoak dira, esaterako, odol-analisi batean eskuratzen diren datuak; elektrokardiograma bat ere datu biomediko bat da, baita mamografia batean lortzen dugun irudia ere.

Adimen artifizialak zeresan handia du irudi horien azterketan. Izan ere, algoritmo entrenatuen bidez gai gara begi hutsez ikusi ezin diren anomaliak detektatzeko. Beraz, medikuentzat oso lagungarriak dira erreminta horiek, lana hobeto, errazago eta zehaztasun handiagoarekin egiteko aukera ematen baitie.

Gainera organoak, gaur egun, argazkietan edo irudi estatikoetan ikusteaz gain, jardunean ere ikus daitezke. Hori ere aurrerapauso izugarria da, ezta?

Bai, noski. Irudi-mota horri funtzional esaten zaio, eta aurrerapauso handia da, baina ez da hain ezohikoa. Adibidez, haurdunei askotan Doppler izeneko behaketa bat egiten zaie. Behaketa horretan, zilbor-hestean dagoen odol-fluxuaren mugimendua ikusten da zuzenean, egokia dela ziurtatzeko. Eta hori irudi funtzional bat da. Beste adibide bat burmuina zuzenean behatzeko egiten diren erresonantziak dira. Hor ere, irudi funtzionala erabiliz, burmuineko hainbat eremutan dagoen odol-fluxua ikus daiteke.

Organo berriak ere sor ditzakezue?

Bai, eta hori ere erronka oso polita da. Diziplina honen izena ehun-ingeniaritza da, eta gorputzeko atalak laborategian fabrikatzea du helburu. Hori lortzeko, hiru osagai behar dira: zelula amak (edozein zelula bihurtu daitezkeen zelulak), euskarriak —hau da, zelula horiek hazteko leku fisiko bat— eta, azkenik, seinale kimikoak, alegia, ehuna ongi garatzen dela kontrolatzen duten konposatu kimikoak.

Nola lortzen duzue hiru osagai horiek bat egitea?

3D bioinprimaketaren bidez. Lehenago aipatu dugun 3D inprimaketaren antzekoa da, baina, kasu honetan, ez da plastikoa inprimatzen, biotintak baizik. Biotintak zelulez eta zelularen kanpoko matrizez osatuta daude, eta, horiek inprimatzen doazen heinean, organoen geruzak sortzen dira.

Gaur egun, bada lanik mundu honetan?

Askok egiten dute galdera hori, eta erantzuna baiezkoa da. EAEk industria honen alde egin du azken urteetan Europa mailan, eta 300 enpresa baino gehiago daude gaur egun. SPRI taldearen datuen arabera, enpresa horiek 5.400 enplegu zuzen ematen dituzte, gutxi gorabehera. Mota askotako enpresak daude, baina gehienak Basque Health Cluster sarearen inguruan ardazten dira.

Zer-nolako enpresak dira? Alegia, zer produktu sortzen dute?

Mota askotako enpresak daude: batzuek desfibriladoreak egin dituzte, beste batzuek protesiak, beste batzuek robot kirurgikoak... Oro har, enpresa txikiak dira, eta startupak ere badaude. Bestetik, unibertsitateak eta zentro teknologikoak ere ekosistema horren barruan sartzen ditugu.

Nola gaude egun mundu mailan? Enpresa handiekin lehiatu gaitezke?

Txikiak gara, bai, baina gure posizioa hobetzen doa; ni oso optimista naiz horretan. Uste dut gure industriak oinarri oso sendoak eta bikaintasun zientifikoa dituela; ikerketa garatua daukagu, eta ekoizpen industrialaren jakintza eta ahalmena ere baditugu. Eusko Jaurlaritzak aspalditik dio arlo honetan estrategikoak garela, eta bidea oso argia da. Azken aldian hiru bide estrategiko aipatzen dira: neurozientziak, terapia pertsonalizatuak eta doitasun-medikuntza.

Beraz, oinarriak baditugu, profesionalak baditugu, eta uste dut sektore honek zeresana emango duela etorkizunean.

Oihana Jauregi Larretxea

Elhuyar Zientzia

Maialen Aginagalde Unanue, Ingeniaritza biomedikoko graduaren koordinatzailea Mondragon Unibertsitatean. ARG.: Elhuyar

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali