Osasunaren Erakunde Panamerikarrak baieztatu duenez, birusa modu iraunkorrean transmititzen da berriz ere AEBko lurraldean, eta, hala, amaitu da azken hamarkadetan herrialdeak izan duen osasun publikoko lorpen handienetako bat. Izan ere, estatus hori galtzeko, 12 hilabetez iraun behar du transmisioak etenik gabe. Pensilvania da foku nagusia, 7 hildakorekin. Wisconsinen 2 hildako izan dira, eta bat New Yorken. Kutsatuak 5.400 baino gehiago izan dira.
«Birusaren transmisioa eragozteko, estaldurak % 95ekoa izan behar du»
Elgorriak neumonia, entzefalitisa, eta, kasurik larrienetan, heriotza eragiten du. Birusaren transmisioa eragozteko, estaldurak % 95ekoa izan behar du. AEBn, eskola-umeen artean, hirukoitz birikoaren estaldura —elgorriaz, hazizurriaz eta errubeolaz babesten duena— % 95,2tik % 92,4ra jaitsi da 2019-2020ko ikasturtetik 2025-2026ra.
Egoerak Donald Trumpen Administrazioaren osasun-politikari buruzko eztabaida berpiztu du, ezaguna baita Robert F. Kennedy Jr. Osasun Saileko buruak txertoen aurkako jarrera duela.
Nolanahi ere, elgorririk gabeko estatusaren galera ez da mugatzen AEBra. Mexikok 13.800 kutsatze baino gehiago izan ditu aurten, 1989-1990eko epidemiaz geroztik izan den kopururik altuena, eta, batez ere, 1-4 urteko haurrak izan dira kutsatu direnak.
Boliviak ere aitortza galdu du, bi hamarkada baino gehiago tokiko transmisio iraunkorrik gabe egon ostean. Kanadak 2025eko azaroan galdu zuen, 2026ko urtarrilean, Espainiak eta Europako eta Erdialdeko Asiako beste bost herrialdek ere galdu zuten elgorririk gabeko estatusa.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia