Shamonda birusaren infekzioa: abereetan zabaltzen; pertsonetan kasu bakarra eta bakana

Shamonda birusaren lehen kasua atzeman da Donostialdeko behi-azienda batean. Joan den astean zabaldu zen birusarekiko kezka, ECDC zentroak jakinarazi baitzuen lehen aldiz aurkitu zutela birusa pertsona batean

RitaE/Pixabay


Shamonda birusaren lehen kasua atzeman da Donostialdeko behi-azienda batean. Joan den astean zabaldu zen birusarekiko kezka, ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroak jakinarazi baitzuen lehen aldiz aurkitu zutela birusa pertsona batean. Zehazki, gaixotasun larri bat zeukan Frantziako paziente bat infektatu zen, eta hil egin zen, urriaren hasieran.

ECDC-k azaldu duenez, ez dakite nola infektatu zen pazientea, ezta birusak eraginik izan ote zuen heriotzan. Nolanahi ere, pazientea ingresatuta zegoen leuzemiaren kontrako tratamendua jasotzeko; eta, tratamenduak berak immunieskasia eragiten zionez, infektatzeko arrisku handia zuen. Ordea, populazio orokorrarentzat ez dagoela arriskurik baieztatu dute.

«pazientea ingresatuta zegoen leuzemiaren kontrako tratamendua jasotzeko, eta infektatzeko arrisku handia zuen»

Shamonda birusa Culicoides eltxoen bidez transmititzen da eta Nigerian detektatu zen lehen aldiz, 1960ko hamarkadaren erdialdean. Europan, uda honetan detektatu dute, hasieran Europa erdialdean, eta gero beste hainbat lekutan, Frantzian eta Espainian barne.

Science aldizkariaren arabera, agerraldiak harridura sortu du ikertzaileen artean, bi aldaera zabaldu direlako Europan, aldi berean: EU1 and EU2. Horrez gain, berriro ere lehen aldiz, ikusi dute zaldiei ere eragin diela. Bestalde, Science-n ez dute baztertu infekzioak zerikusia izan zuenik pazientearen heriotzarekin.

«Abereetan, birusaren eragina ekoizpenean nabaritzen da batez ere, esne-ekoizpena murrizten baitu»

Gipuzkoako Foru Aldundiak eman du Donostiako behi-aziendako infekzioaren berri. Lasaitasun mezua helarazi du, eta adierazi du zaintza eta jarraipena egiten ari direla, egoera epidemiologikoaren bilakaera ezagutzeko eta kasu berriak garaiz detektatzeako.

Abereetan, birusaren eragina ekoizpenean nabaritzen da batez ere, esne-ekoizpena murrizten baitu. Sukarra ere sortzen du, abortuak, eta malformazioak fetuetan. Animalia heldu gehienak, berriz, sendatu ohi dira.

Adituek gogorarazi dute estrategia egokiena halakoak prebenitzeko Osasun Bakarra dela: batera zaintzea ingurunearen, animalien eta pertsonen osasuna.

Erlazionatuak

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biologia

Aldizkaria

Kolaboratu

Zure lana argitaratzea nahi duzu?

Gai zientifiko bati buruzko artikulu bat baduzu, bidali eta sarean zein aldizkari inprimatuan argitaratu dezakegu.

Bidali