Leitzatik Iruñera 50 kilometro daude autoz. Nerea Zabaleta Lasarteren bizitzan, baina, milaka eta milaka kilometro daude bi toki horien artean, baita ozeano bat ere. Hain zuzen, Zabaleta Leitzan jaio zen, eta, gaur egun, CIMAn egiten du lan, Nafarroako Unibertsitateko ikerketa-zentroan. Batetik besterako bidean, ordea, Parisetik, New Yorketik eta Bostonetik igaro da.
Ikerketak gidatuta egin du joan-etorria, baina, aitortu duenez, ibilbidearen hasieran, ez zekien norabide hori hartuko zuenik: “Berez, Medikuntza ikasteko asmoa nuen, baina batxilergoan Fisika eta Biologia ordu berean ziren, eta Fisika egitea aholkatu zidaten, zailagoa zelako. Kontua da matrikula egitera joan nintzenean, unibertsitate publikoan ez zidatela utzi Medikuntza aukeratzen, Biologia egina izan behar nuelako”.
«CIMAko Terapia Genikoko sailera idatzi nuen, praktikak egin nahi nituela esanez. Horrela, Gloria Gonzalezen laborategian egin nituen praktikak»
Hala, Biokimika aukeratu zuen, gero Medikuntzara jauzi egiteko asmoz. “Eta hara non, hainbeste gustatu zitzaidan, horretan jarraitu nuen. Ikerketa medikora bideratuta zegoen, eta, halako batean, terapia genikoari buruzko bi klase eman zizkiguten CIMAkoek. Oso erakargarria iruditu zitzaidan; beraz, CIMAko Terapia Genikoko sailera idatzi nuen, praktikak egin nahi nituela esanez. Horrela, Gloria Gonzalezen laborategian egin nituen praktikak”.
Behin bide hori hartuta, zuzenean egin zituen masterra eta doktoretza. Eta doktoretzan bi egonaldi egin zituen atzerrian: bata Parisen, duela 10 urte, eta bestea New Yorken, geroxeago.
“Uste dut zorte handia izan nuela”, onartu du Zabaletak. “Izan ere, Pariseko laborategia CIMAkoaren antzekoa zen, eta taldean oso giro ona genuen. Nire kide batzuekin oraindik harremana daukat! Aldiz, New Yorken bakoitzak bere lana egiten zuen, eta nik laborategiko langileen atzetik ibili behar izaten nuen, han ikasi nahi nuena egin ahal izateko”.
Esperientzia oso desberdinak izanagatik, garbi du biak ere oso aberasgarriak izan zirela. Eta doktoretza amaitu zuenean, 2018an, AEBra itzuli zen doktoretza-ondorengoa egitera, Bostonera. “Hasiera batea, urte pare baterako, baina sei urte gelditu nintzen”.
«Pariseko laborategia CIMAkoaren antzekoa zen. Aldiz, New Yorken bakoitzak bere lana egiten zuen»
Bikotekidea ere zientzialaria da, eta hura ere Bostonera joan zen. Eta orduan pandemia lehertu zen. Azaldu duenez, han neurriak ez ziren hain zorrotzak, eta jendeak arduraz jokatzen zuen; hortaz, alde horretatik, ez zuen hain gaizki pasatu. Baina alderdi profesionaletik oso gogorra izan zen.
Lana eta bizitza pertsonala
“Nire laborategian terapia genikoan egiten genuen lana, eta bektore bat erabiltzen genuen. Eta laborategiko nagusiak pentsatu zuen erabil zitekeela txerto bat egiteko, SARS-CoV-2 birusaren spike proteina gehituta. Orduan, horretara bideratu genuen ikerketa. Bagenekien ez genuela Modernak baino lehenago lortuko, baina ahalegin akademiko handia izan zen, eta gauza oso onak lortu genituen. Adibidez, gure esperimentuetan antigorputzek bi urte irauten zutela ikusten genuen; hori RNAm-txertoetan ez da ikusten”, azaldu du.
Txertoarekin fase klinikora iritsi ez baziren ere, curruculumaren aldetik oso onuragarria izan zen Zabaletarentzat, laborategiko ardura hartu baitzuen, eta artikulu asko argitaratu baitzituzten. Presioak, ardurak eta estresak, baina, gain hartu zioten, eta, gainera, bikotekideak ere bere ibilbidean hurrengo pausoa eman nahi zuen. Hala, itzultzea erabaki zuten. 2024. urtearen amaieran jarri zuen itzultzeko data, hango etapa ondo itxi nahi baitzuen.
«CIMAn sartu eta, lehen urtean, diru-laguntza europar bat lortu nuen. Horri esker orain bost-sei pertsonako taldea daukat»
Eta justu orduan, haurdun geratu zen: “ Gure alaba han jaio zen, eta lau hilabete zituela bueltatu ginen. Ramon y Cajal diru-laguntza lortu nuen, eta, ona bada ere, ez dizu diru asko ematen ikertzeko. Baina, Gloria Gonzalezen laguntzarekin, CIMAn sartu nintzen, eta, lehen urtean, diru-laguntza europar bat lortu nuen. Horri esker orain bost-sei pertsonako taldea daukat, eta nire ikerketa-lerroa: terapia genikoa giltzurrunetan”.
Garbi esaten du ez dela erraza arrakasta edukitzea. Izan ere, oso gutxi ikertu da horretan, zaila delako, hain zuzen. Hortaz, dena dago egiteko: “Erronka handia da, baina horrek bueltatu dizkit zientzia egiteko gogoa eta ilusioa. Eta pertsonalki beste egoera batean egoteak ere bai, noski, lagunengandik ta familiatik gertu”.
«RENALGENE izena du bere ikerketa-proiektuak, eta Europako Starting Grant bekak bermea ematen dio aurrera egiteko»
Hala ere, ez ditu ahazten AEBn egindako lagunak, baita bidaiak eta hango tradizio batzuk ere. Baina pozik dago itzulerarekin, eta jaso dituen sari eta diru-laguntza garrantzitsuak tarteko, itxaropenez begiratzen dio etorkizunari, bai profesionalki, punta-puntako ikerketa zuzentzen baitu bere laborategian, bai pertsonalki, berriro baitago haurdun.
Hain zuzen, RENALGENE izena du bere ikerketa-proiektuak, eta hura aurrera eramateko Europako Ikerketa Kontseiluak eman zion Starting Grant bekak (1,5 milioi eurokoa) bermea ematen dio giltzurrunetako gaixotasun hereditarioetarako tratamendu berritzaileak ikertzeko. Izango dugu emaitzen berri!
Biokimikako Gradua eta Ikerketa Biomedikoko Masterra egin ditu Nafarroako Unibertsitatean. Ikerketa-egonaldia egin ditu Genethon-en (Frantzia) eta Albert Einstein Medikuntza Eskolan (AEB). Ondoren, dotoretza lortu zuen Nafarroako Unibertsitatean eta CIMAn. Doktoretza ondoko ikertzailea eta irakaslea izan da Mass Eye and Ear-eko Grousbeck Terapia Genikoko Zentroan eta Harvard-eko Medikuntza Eskolan (Boston, AEB). Gaur egun, Geneen Transferentziarako Teknologien Garapena taldeko ikertzaile nagusia da CIMAn.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



