Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Ugandan Bundibugyo birusak eragindako agerraldiak direla eta, nazioarteko garrantzia duen osasun publikoko larrialdia adierazi du Osasunaren Mundu Erakundeak (PHEIC). Horrek esan nahi du larrialdi-maila ez dela iristen pandemia-arriskua izatera (IHR), baina beharrezkoak direla nazioarteko baliabideak eta koordinazioa, aurre egiteko.
Oraingoz, gutxienez, 88 hildako eta 250 kutsatu baino gehiago baieztatu dituzte Rwampara, Mongbwalu eta Bunia eremuetan; tartean, osasun-langileak ere bai. Osasun-agintariak arduratuta daude, kutsadurak adierazitakoak baino ugariagoak izan daitezkeelako. Izan ere, leku horietan larrialdi humanitarioko egoeran bizi dira, eta populazioa asko mugitzen da; hortaz, zaila da informazio zehatza izatea eta egoera kontrolatzea.
«ez da iristen pandemia-arriskua izatera (IHR), baina beharrezkoak dira nazioarteko baliabideak eta koordinazioa, aurre egiteko»
Gainera, uste dute Bundibugyo birusa dela agerraldiaren eragilea. Hori bereziki kezkagarria da, ebolaren aldaera horren kontra ez baitira eraginkorrak ebolaren aurka erabili ohi diren tratamenduak eta txertoak. Hain zuzen, ebolaren txerto eta antigorputzen bidezko tratamendu gehienak Zaireko ebolaren aurka garatu izan dira. Litekeena da babes partziala ematea Bundibugyo birusaren kontra, baina ez da ziurra. Hortaz, aurreratu dute ebolaren birus guztien kontrako txerto bat beharko litzatekeela.
Lehentasunak
Oraingoz, hauek dira lehentasunak: nazioarteko koordinazioa eta konpromisoa; larrialdiaren komunikazio zintzoa eta eraginkorra, lider erlijioso, tradizional eta tokikoen bitartez; komunitateen arauak kontuan hartzen dituzten prebentzio-neurriak; diagnostiko, kutsatuen jarraipen eta isolamendu seguruak; osasun-langileen prebentzio eraginkorra, babeserako ekipamendua eta baliabideak bideratuz; osasun-unitate bereziak ezartzea agerraldiak izan diren lekuetan; txertoen ikerketa azkartu; mugak zaindu, nazioartean hedatzea eragozteko; eta ehorzketa seguruak eta duinak.
«aldaera honen aurka ez dira eraginkorrak ebolaren kontra erabili ohi diren tratamenduak eta txertoak»
Inguruko herrialdeei ere egin diete dei koordinatzeko, prebentzio-neurriak zorrozteko eta baliabideak bideratzeko. Agerraldia lehenbailehen kontrolatzea da xedea, gehiago hedatu baino lehen.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia



