Desinformazioa detektatzeko autopertzepzioan, usteak erdia ustel

Desinformazio zientifikoari buruzko bigarren ikerketaren emaitzak argitaratu dituzte eta autopertzepzioari buruzko uste okerrak agertu dira, besteak beste.

Arg.: Wikimedia commons


Gaur argitaratu dituzte desinformazio zientifikoari buruzko bigarren ikerketaren emaitzak Espainian, eta erantzun dutenen % 51,5 ziur daude desinformazioa detektatzeko gai direla; aldiz, norberak uste du gainerakoen % 3k soilik detekta dezaketela.

Gainera, genero-arrakala nabarmena da pertzeptzio horretan, gizonen % 10,3 oso ziur daude desinformazioa detektatzeko duen gaitasunarekin, aldiz, emakumeen % 4,3 daude oso ziur.

2215 herritarri egin diete galdeketa, guztiak 16 urtetik gorakoak eta Interneteko ohiko erabiltzaileak.

2022an, lehenengo ikerketan, jendeak esaten zuen batez ere COVID-19aren inguruan jasotzen zuela informazio faltsua. 2026an, ordea, informazio faltsua alor hauetan jasotzen dutela aipatzen dute herritarrek: elikadura eta ongizatea (% 40), klima-aldaketa (% 36,2), tratamendu medikoak (% 31,9) eta txertoak (% 28,3).

Geure burua gaituago ikusteko joera eta hirugarren pertsonaren efektua oso nabarmenak dira ikerketaren emaitzetan.

«gaitasunarekin “oso ziur” dauden pertsona horiek dira desinformazioa sareetan gehien zabaltzen dutenak»

Harrigarria da ikustea beren gaitasunarekin “oso ziur” dauden pertsona horiek direla desinformazioa sareetan gehien zabaltzen dutenak (% 13,9), beren buruarengan ziurtasunik ez duten horiekin alderatuta (haiek % 2).

Adimen artifiziala ere azkar zabaldu da informazio zientifikoaren bilaketan: % 32,3k aitortzen dute astero erabiltzen duela zientzia eta osasunaz informatzeko. Baina, erabilera arrunta bilakatu bada ere, konfiantza-tasa baxua aitortzen diote adimen artifizialari; % 62,4k uste dute AAk albiste faltsuak zabaltzen laguntzen duela.

Emozioen eragina ere aztertu dute ikerketan, eta ikusi dute beldur sakona eragiten diguten albisteak errazago zabaltzen ditugula. Demokraziaren inguruan ere bada datu esanguratsurik. 65 urtetik gorakoen % 45,5k uste dute desinformazioak demokrazia kaltetzen duela, aldiz, 16 eta 24 urteko gazteen artean, soilik % 18,2k.

«65 urtetik gorakoen % 45,5k uste dute desinformazioak demokrazia kaltetzen duela, aldiz, 16 eta 24 urteko gazteen artean, soilik % 18,2k»

Zientzialariak dira jendeari konfiantza handiena eragiten dioten profesionalak zientziari buruz aritzeko (% 83,8k dute haiengan konfiantza), eta informazio faltsua zabaltzearen arduradun ikusten dituzte, aldiz, herrialdeko politikariak (% 57k), influencerrak (% 54,5k), atzerriko politikariak (% 45,4k), kazetariak (% 45,6k) eta lobbyak (% 40,4k).

Markatzaile gisara ikusi dute desinformazioa zabaltzeko arriskurik handiena duten pertsonek pentsamendu konspiratiboa izan ohi dutela, populismo zientifikoan sinesten dutela eta albisteen kontsumo pasiboa egiten duten horietakoak direla.

Honi guztiari erantzuteko esperimentu bat ere egin dute, eta ikusi dute desinformazioaren hedapena eteten laguntzen duten ekintzak direla edukia zabaldu aurretik hausnartzeko tartea hartzea eta beste norbaiti eduki hori egiazkoa den galdetzea.

Ikerketa bera eta egileen inguruko informazioa hemen.

Erlazionatuak

Garazi Andonegi Beristain

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Gizartea