Gizakiak ez zuen lo gehiago egiten Industria Iraultzaren aurretik

Gaur egun ehiztari-biltzaile bizimodua duten hainbat populaziok 6,4 eta 7,1 ordu artean lo egiten dute gauero.

ARG.: Greg Pappas/Unsplash


Gaur egungo ehiztari-biltzaile populazioetan ez da gizarte industrializatuetan baino ordu gehiagoz lo egiten. Berrikuspen batek iradoki du industrializazioak, loaren iraupena baino gehiago, lotarako ordua aldatu zuela.

Esamesa errepikatua da zortzi ordu lo egin behar dela egunero. Baina, bitxiki, ideia hori Eskoziako Industria Iraultzaren garaian jaio zen, enpresariek zabaldutako goiburu honetatik: "Zortzi orduko lana, zortzi orduko atsedena, zortzi orduko loa". Denborarekin, eslogan hori osasun-arau bihurtu da.

Brain Medicine aldizkarian argitaratutako berrikuspen batek argitu nahi izan du Industria Iraultzaz geroztik antzina baino lo gutxiago egiten ote den. Landa-lan antropologikoa, artxiboko historia eta genomika konparatua batuta, emaitzek erakutsi dute industria-garaiko loaren eta industriaurreko loaren arteko ezberdintasun nagusia dela noiz eta egunean zenbat aldiz egiten den lo, eta ez zenbat ordu irauten duen loak.

«Lo-ordu kopurua da gutxien aldatu den aldagaia»

Alderaketa egiteko, gaur egun ehiztari-biltzaile bizimodua duten hiru populazio aukeratu dituzte: Tanzaniako hadza, Namibiako san eta Boliviako tsimane populazioak. Bertako biztanleek ez dute argi elektrikorik erabiltzen, eta haien loak bat egiten du argi- eta iluntasun-ziklo naturalarekin. Emaitzen arabera, pertsona horiek 6,4 eta 7,1 ordu artean lo egiten dute gauero. Zifra horiek ez dira gizarte industrializatuetako batezbestekoak baino altuagoak; kasu batzuetan, baxuagoak ere badira.

Egileen esanetan, lau ezaugarritan laburbildu daiteke loak izan duen aldaketa: atzeratu egin da, errutina galdu du, ahuldu egin da argiarekiko duen lotura eta loaren nahasmenduak ohikoagoak bilakatu dira. Lo-ordu kopurua da gutxien aldatu den aldagaia.

Bestalde, ikerketak ez du topatu loaren patroi zatikaturik edo bifasikorik aipatutako hiru populazioetan. Uste errotua zen industriaurreko europarrek bi alditan zatikatzen zutela loa, batetik bestera ordu bat edo bi orduko tartea utzita, baina ikertzaileek ez dute horren ebidentziarik topatu. Beraz, ondorio orokorra zera izan da: loak dituen eta izan dituen patroi guztiek lekuan lekuko argiaren ekologia, klima, lana eta bizitza soziala islatzen dituztela.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Gizartea