Elkarrizketa

Ángela Alonso Jurnet

«Kontzientziatuta egoteak neurri publikoak eskatzera eraman gaitzake»

Krisi klimatikoaren auziari heltzeko, ezinbestekoa da komunikazio argia, zuzena eta eraginkorra. Horretarako tresna erabilgarri bat sortu du Angela Alonso Jurnetek, EHUn egin duen doktore-tesiaren barruan: Ekosistema Digitalean Komunikatzeko Aukeren Dekalogoa.

Alonsok ez zuen halako asmorik buruan, Ikus-entzuneko Komunikazioa gradua egitea erabaki zuenean. Zinema eta sare sozialak interesatzen zitzaizkiolako egin zuen gradua, eta, ondoren, ez zeukan oso garbi zer egin, eta Gizarte Komunikazioko masterrean sartu zen. Eta orduan, “maitemindu” egin zen: “Ordura arte ez neukan ikerketarekin eta zientziarekin zerikusirik zuen ezer egiteko asmorik. Egia da gustuko nuela gai horiei buruz irakurtzea, baina masterra egin arte ez nintzen arduratu klima-aldaketaren gaineko komunikazioaz”, aitortu du.

«Ohartu nintzen krisi klimatikoak beste gai asko biltzen zituela, eta, nolabait, gure lekuan jartzen gintuel»

Masterra egiten ari zela, ordea, jabetu zen klima-aldaketaren inguruan gizartean puri-purian zeuden eta dauden eztabaidak ardazten direla. “Ohartu nintzen krisi klimatikoak beste gai asko biltzen zituela, eta, nolabait, gure lekuan jartzen gintuela. Nahiz eta gure artean gatazkak egon, kondenatuta gaude planeta berean bizitzera, eta haren mende gaude. Hortaz, denontzat bizigarria izan behar du. Eta iruditu zitzaidan hori transmititzea ardura handia zela komunikabideentzat eta plataforma digitalentzat”.

Horrela sortu zitzaion krisi klimatikoari buruzko komunikazioa ikertzeko gogoa. “Izugarri erakargarria da, egungo debate askorekin konektatuta dagoelako, hala nola kazetaritzaren etorkizunarekin, informazioaren eta aktibismoaren arteko erlazioarekin, polarizazioarekin, eta, orain, baita adimen artifizialarekin ere”, azaldu du.

Hori bai, onartu du erronka ez zela makala, oraindik asko baitzegoen ikertzeko arlo horretan, eta, beraz, lan handia zuen aurretik. Gainera, plataforma digitaletan egiten den komunikazioa ikertzen hasterako, ikusi zuen arazo handi bat zuela: plataformak etengabe aldatzen ari dira, eta berak argazki finko bat atera behar zien. Azkenean, tesia argitalpen-bildumaren bidez eta metodologia desberdinak konbinatuz egitea erabaki zuen, Ainara Larrondo Uretaren eta Jordi Morales i Grasen zuzendaritzapean. Eta tesiaren azken emaitza gisa aurkeztu du dekalogoa

Lehen pausoa, gizartearen alfabetizazioa

Alonsoren ustez, krisi klimatikoaren komunikazioan, fokua ondorioetan jarri izan da, batez ere. “Horrek, baina, paralisia sortzen du. Izan ere, arazoa handiegia delako irudipena transmititzen da: handia espazioan, eta handia denboran. Ikuspegi horrek etsipena sortzen du. Ordurako, jada ari nintzen irakurtzen bestelako ikerketa batzuk, zeinak irtenbideak proposatzen saiatzen baitziren, mobilizazioa sustatzeko asmoz”.

«"iruditzen zait, kontzientziatuta izateak neurri publikoak eskatzera eraman gaitzakeela"»

Ohartarazi du, neurri batean, kritikoa dela ikuspegi horrekiko ere, ez baitu uste norbanakoen erabakiek dena alda dezaketenik. “Baina bai iruditzen zait, kontzientziatuta izateak neurri publikoak eskatzera eraman gaitzakeela. Horretarako, uste dut garrantzitsua dela politizatzeari uztea. Egun, klima-aldaketa eztabaida politikorako erabiltzen ari dira, baina hortik kanpo egon beharko luke. Ez baita iritzi-kontu bat, auzi zientifikoa baizik. Baina eskuina beti saiatu izan da erabilera negazionista edo oztopatzailea egiten. Hortaz, uste dut beharrezkoa dela gizartearen alfabetizazioa. Nire ustez, hori da lehen pausoa, neurri politikoak eskatzera iristeko”.

Horretarako sortu du, beraz, Ekosistema Digitalean Komunikatzeko Aukeren Dekalogoa. orain, Gureiker taldean jarraitzen du gaian sakontzen. “Tesiaren ondotik, ia galdera gehiago geratu zitzaizkidan, erantzunak baino. Eta ikertu nahi ditut metodologia berriak, formatu berriak, adimen artifizialaren afera… Horretan nabil”. Aurrerantzean ere, izango dugu bere lanaren berri.


Angela Alonso Jurnet (Salamanca, 1996) Gizarte Komunikazioko doktorea da 2025az geroztik. Aurretik, Ikus-entzunezko Komunikazioko gradua egin zuen Salamancako Unibertsitatean (USAL), eta Gizarte Komunikazioko masterra Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Betitik izan ditu pasio komunikazioa bere adierazpide guztietan eta natura zein harekin dugun harremana. Ikerketan aurkitu zuen, ustekabean, bi bokazio horiek uztartzeko modua.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Angela Alonso Jurnet. Arg: Laura López/EHU

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Giza zientziak