Klima-aldaketak eragin nabarmena izan dezake Amazoniako biztanleek erabiltzen dituzten landare askotan, eta, ondorioz, biztanle horien kulturan eta ezagutzan. Izan ere, kulturalki garrantzitsuak diren landareen eskuragarritasuna murrizteak, hizkuntza indigenen desagertzeko joerarekin batera, Amazoniako landare-espezieen erabilerei lotutako ezagutza dokumentatuaren laurdena galtzea ekar lezake mende amaierarako. Horixe da Naturen argitaratu duten lan baten ondorio nagusia. Lanak agerian uzten du klima-aldaketak Amazoniako ondare biokulturalari dakarkion mehatxua.
Amazoniako oihana ondare biologiko eta kulturalaren gune garrantzitsua da. Munduko biodibertsitatearen % 10 baino gehiago biltzen du, eta 400 talde indigena baino gehiago bizi dira han.
Amazoniako landareen erabilerari buruzko 90.000 dokumentu baino gehiago bildu zituzten ikertzaileek, 1504tik 2023ra bitartekoak. Eta ikusi zuten Amazoniako biztanleek ia 5.796 landare-espezie erabiltzen dituztela, Amazonian ezagutzen diren landareen herena. Aurretik zeuden kalkuluen bikoitza da hori.
«Eszenatoki baikorrenean ere amazoniarrek erabiltzen dituzten landareen % 28 desagertuko dira»
Ondoren, 8.429 landare-espezieren banaketan 2060 eta 2080 artean klima-aldaketak nola eragingo duen simulatu zuten, eta ikusi zuten klima-aldaketak gehiago eragingo diela amazoniarrek erabiltzen dituzten espezieei, erabiltzen ez dituztenei baino. Gainera, ereduek aurreikusi zuten klima-aldaketaren eszenatoki baikorrenean ere amazoniarrek erabiltzen dituzten landareen % 28 desagertuko direla. Horiekin batera desagertuko dira landaren horien erabilerak, eta, beraz, Amazoniako kultura eta ezagutzaren zati bat.
Ikertzaileek iradoki dute galera horiek ondorio kritikoak izango dituztela Amazoniako gizarteentzat, eta datu hauek abiapuntu gisa balio behar luketela Amazoniako ondare biokulturala zaintzeko eta leheneratzeko.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



