Urtero bezala, Ig Nobel sari-banaketa ospatu da, urteko ikerketa bitxienak saritzeko. Lehen begiratuan barregarriak diruditen arren, meritu zientifikodun azterketak omentzen dituzte, eta gizartean ustekabeko eragina izan dezaketenak.
Aurtengoa 36. edizioa izan da, eta Bostonen (AEB) 35 urte eman ondoren, Zürichen (Suitza) ospatu da. Aurrerantzean ere aurreikusi dute Europako hiri batean egingo dutela, nazioarteko bidaiarien segurtasunari buruzko kezkak direla eta. Iazko hamar irabazleetatik lauk zeremoniara ez joatea erabaki zuten AEBetara ez bidaiatzeagatik, eta egoerak ez du hobera egin.
Hauek izan dira saritutako ikerketak, hamar kategoriatan:
Biomekanika
Musuaren definizio zehatzagoa asmatu dute: "ahoz ahoko kontaktu espezifiko zuzendua inplikatzen duen elkarrekintza ez-agonistikoa, ahoaren edo haren atalen nolabaiteko mugimenduarekin egiten dena eta elikagai-transferentziarik gabe".
Ekonomia-zientziak
Goi-klaseko pertsonak haurren gozokiak lapurtzeko eta etika eskaseko beste jokabide batzuetan parte hartzeko joera handiagoa dutela erakutsi dute.
Kimika
Labezomorro espezie bibiparo baten esne-proteinak behi-esnearen proteinak baino hiru aldiz energia gehiago dutela deskubritu dute.
Medikuntza
“Nola zintz egin. Zintz egitearen azterketa aerodinamikoa” izeneko ikerketa saritu dute.
Biologia
Aztertu dute zerk bultzatzen duen suge pozoitsu bat gizaki bati hozka egitera, eta zerk ez. Horretarako, suge pozoitsuen hainbat gorputz-atal emeki zapaldu dituzte, behin baino gehiagotan, hainbat tenperaturatan eta eguneko hainbat unetan.
Fisika
Zipriztinik gabeko pixatoki bat diseinatzeko saiakera teorikoak eta esperimentalak egin dituzte.
Teknologia
Eltxoen proboszideak bereizmen handiko 3D inprimaketarako pita gisa erabiltzen aitzindariak izan dira, “Nekroinprimaketa” izeneko prozesuan.
Usaimena
Erakutsi dute gurasoentzat haurren usaina zoragarria dela baina nerabeena, berriz, ez.
Bakea
Dokumentatu dute pertsonek atsegin ez dituzten beste pertsonekin erasokorrak diren lagunak baloratzen dituztela.
Lur-zientziak
Suitzan 2.000 galtzontzillo pare lurperatu dituzte eta bi hilabeteren buruan induskatu dituzte lurraren osasuna aztertzeko.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



