Itziar Alkorta Idiakez,

None

Zalantzaren industria


Futbolari ezagun batek esan du eguzkitako krema baztertzen duela. Haren ustez, alferrikakoa da; gorputzak “berez” omen daki zer egin eguzkiaren aurrean. Esaldiak sareetan egin du bidea: batzuek txalotu dute “naturaltasunaren” izenean; beste batzuek, berriz, alarma piztu dute.

Adibideak badu garrantzia. Bi plano oso desberdin nahasten dira hor. Alde batean, dermatologiaren eta epidemiologiaren ebidentzia zientifikoa dago; bestean, osasunaren arlotik kanpoko pertsona ospetsu baten intuizioa. Norberak bere ohiturak kontatzea gauza bat da, baina ohitura hori osasun-mezu bihurtzea pertsona horren konpetentziaz harago doan zerbait da.

Hor agertzen da negazionismo zientifikoaren gaurko forma bat; alegia, zientzia zuzenean gezurtatu gabe susmoa ereitea. “Agian ez dago hain argi”, “agian interes komertziala dago atzean”, “agian gorputzari bere bidea egiten utzi behar zaio”. Zientzia oker dagoela frogatu beharrik gabe, zalantza iraunkorra sortzea nahikoa izaten da.

Tabakoaren industriak ondo ulertu zuen hori XX. mendean. Zientzialariek esandakoa gezurtatzea baino eraginkorragoa zen zalantza nahikoa sortzea, erretzearen aurkako neurriak atzeratzeko edo ahultzeko. Zalantza negozioaren tresna bihurtu zen. Gaur antzeko zerbait gertatzen da klima-aldaketarekin, txertoekin, eguzki-kremekin edo zenbait pseudoterapiarekin: ebidentzia deserosoa denean, haren autoritatea higatzea bihurtzen da estrategiaren funtsa.

«ebidentzia deserosoa denean, haren autoritatea higatzea bihurtzen da estrategiaren funtsa.»

Homeopatiaren inguruan apirilean argitaratutako txosten ofizialak ondo erakusten du arazoaren muina. Espainiako Botika eta Osasun Produktuen Agentziak, AEMPSek, ondorio argia atera du: homeopatia tratamendu eraginkor gisa gomendatzeko ebidentzia zientifiko nahikorik ez dago, eta haren efektuak plazeboaren parekoak dira. Eztabaida publikoak, ordea, bizirik jarraitzen du. Berehala agertzen dira beste erantzun batzuk: “baina niri ondo joan zait”, “naturala bada, kalterik gabea izango da”, “medikuntzak ere huts egiten du”, “farmazeutikek egia ezkutatzen digute”, eta horrelakoak.

Iritzi horiek indartsuak dira, esperientzia pertsonaletik hitz egiten dutelako. Eta esperientzia pertsonalak arreta merezi du. Pazienteei entzun egin behar zaie. Mina, nekea, beldurra edo sendatu nahi izatea sentimendu huts baino gehiago dira. Baina esperientzia pertsonala ebidentzia zientifikoaren ordezko bihurtzen denean sortzen da arazoa. Niri zerbaitek on egin didala sentitzea ez da aski tratamendu baten eraginkortasuna frogatzeko. Osasunean, intuizioak ezin du froga ordezkatu. Orduan desinformazioa kalte bihurtzen da.

Sare sozialek zaurgarritasun hori areagotu dute. Zientziaren hizkera konplexua da, arriskuez, probabilitateez eta ebidentziaren kalitateaz hitz egiten duelako. Negazionismoak, aldiz, eslogan laburrak erabiltzen ditu. Eta influencer-kulturak ikusgarritasuna eta autoritatea nahasteko joera gehitu dio horri: jarraitzaile asko izateak ez dakar berez osasunari buruzko ezagutza, baina aurpegi ezagun batek eta kontakizun pertsonal batek artikulu zientifiko batek baino indar handiagoa har dezakete sareetan.

«Autonomia ez da edozer aukeratzea, baizik eta aukeratzeko informazio fidagarria eta ulergarria izatea»

Bioetikaren ikuspegitik, auzi nagusia zera da: zein baldintzatan hartzen ditugu osasunari buruzko erabakiak? Autonomia ez da edozer aukeratzea, baizik eta aukeratzeko informazio fidagarria eta ulergarria izatea, presio edo beldur faltsurik gabekoa. Informazio faltsuak pazientea zaurgarriago bihurtzen du.

Horregatik, negazionismoari aurre egitea gizarte osoaren zeregina da: zientziarena, kazetaritzarena, hezkuntzarena, zuzenbidearena, bioetikarena eta osasun publikoarena. “Zientziak dio” esatearekin ez da aski. Azaldu egin behar da zientziak nola dakien dakiena, nola biltzen diren datuak, nola zuzentzen diren akatsak eta zergatik diren gauza desberdinak iritzi pertsonala eta ebidentzia metatua.

«Mezu negazionistak desmonetizatu behar dira desinformazioari negozio-eredua kentzeko»

Bide horretan, ordea, erantzuna ongi neurtu beha da. Zentsura orokorra ez da egokia. Baina debekuaren eta dena onartzearen artean eremu demokratiko zabal bat dago: publizitate engainagarria mugatuz, plataformen gardentasuna handituz eta mezu negazionistak desmonetizatuz desinformazioari negozio-eredua kentzeko.

Azken batean, negazionismo zientifikoaren aurkako lanak ez du herritarrei zientziari itsu-itsuan sinestaraztea bilatzen. Herritarrek galderak egiteko eskubidea dute, botere publikoei, farmazia-enpresei, medikuei eta zientzialariei ere bai. Eskubide horrek, ordea, informazio fidagarria jasotzeko eskubidea behar du ondoan. Zientziari ez zaio fedea zor; gezurrak ere ez du agertoki bera merezi. Izan ere, osasunari buruzko gezurra ez da airean galtzen, norbaiten gorputzean eragindako kalte bihurtu ohi da.

Itziar Alkorta Idiakez,

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali