Haitzulo-lehoi baten hezurdura aurkitu dute Arno mendian

Mendaroko Arno mendian topatu dute haitzulo-lehoi baten hezurdura. Iberiar penintsulan aurkitutako haitzulo-lehoi heldugabe baten hezurdura oso bakarra da.

Guztira, hemezortzi lagunek parte hartu dute Omonako lehoiaren aurkikuntzan. ARG.: Burumendi Espeleologia Taldea


2023ko martxoan, Mutrikuko Burumendi Espeleologia Taldeko kideek Ormola Bide Ondoko leizean galeria berri bat aurkitu zuten. Esplorazioan zehar, haitzulo-lehoi baten hezurdura aurkitu zuten, eta haren berri eman zien Gipuzkoako Foru Aldundiari, Aranzadi Zientzia Elkarteari eta Euskal Herriko Unibertsitateari.

«Pleistozeno Berantiarreko haitzulo-lehoi bat da, zeina duela 31.500 urte inguru hil baitzen»

Guztira, hemezortzi lagunek parte hartu dute aurkikuntzan: Asier Gomez Olivencia eta Monica Villalba de Alvarado paleontologoek, Jexus Tapia arkeologoak, Euken Alonso fotometrian adituak eta Burumendi Espeleologia Taldeko, Bittor Abendaño eta Pedro Intxaurraga espeleologoek.

Asier Gomez Olivenciak adierazi duenez, hezurdurak "espezie horren aldakortasunari buruz informazioa ematen digu. Batetik, hazkuntza-prozesua hobeto ulertzeko balioko du. Bestetik, espezie horren gorputz-tamaina txikituz joan zen azken milaka urtetan, desagertu zen arte; aldaketa hori ere hobeto ulertzea espero dugu".

Fosilaren tamaina orokorra aztertuta, ikertzaileek ondorioztatu dute Pleistozeno Berantiarreko haitzulo-lehoi azpiespezie bati dagokiola: Panthera spelaea spelaea. Ondorio hori bat dator erradiokarbono bidezko datazioarekin, zeinak animalia duela 31.500 urte inguru hil zela adierazten baitu. Letaginen zabalerak arra zela iradokitzen du, eta 2 edo 3 urterekin hil zela kalkulatu dute. Hezurdura Iberiar Penintsulan aurkitutako haitzulo-lehoi heldugabe baten lehen eskeleto osoa da.

Haitzulo-lehoiak ia milioi bat urtez bizi izan ziren Eurasiako ekosistemetan, duela 14.000 eta 12.000 urte bitartean desagertu ziren arte. Izenak hala iradokitzen duen arren, ez ziren kobazuloetan bizi, nahiz eta haien aztarna fosil gehienak ingurune karstikoetan aurkitu diren. Animalia hauek ekosistemak partekatu zituzten hainbat hominido-espezierekin, eta labar-artean irudikatuta azaltzen dira. Ez da espezie ohikoa erregistro fosilean; izan ere, kate trofikoaren goialdean zeuden eta, horregatik, nahiko animalia urriak ziren.

Ikertzaileek adierazi dute aztarnak aztertzen jarraituko dutela. Alde batetik, bildutako datu metriko guztiak Europako haitzuloetako lehoien erregistro fosilarekin alderatuko dira. Bestetik, espezie honen hazkuntza-eredua sakontasunean aztertzen jarraituko dute, eta DNA laginak ere jaso dituzte, Vienako Unibertsitateko talde batekin lankidetzan.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biologia

Aldizkaria

Kolaboratu

Zure lana argitaratzea nahi duzu?

Gai zientifiko bati buruzko artikulu bat baduzu, bidali eta sarean zein aldizkari inprimatuan argitaratu dezakegu.

Bidali