Odol-fosila topatu dute dinosauro batean

Inoizko hemo-taldearen aztarna zaharrenak aurkitu dituzte duela 115 milioi urteko dinosauro-fosil baten hezurren barnean.

ARG.: Anirudh/Unsplash


Nazioarteko ikerketa batek globulu gorriak topatu ditu Brasilgo Museo Nazionalean gordetako Aratasaurus museunacionali espezieko dinosauro baten aztarna-fosiletan. Zelula horien barnean, gainera, hemo arrastoak zeuden; oxigenoa garraiatzeaz arduratzen den hemoglobinaren osagaia. Egileen esanetan, inoiz topatu diren molekula horren aztarna zaharrenak izango lirateke.

«Mineral bihurtutako 23 mm inguruko egitura obalatu asko aurkitu zituen, eta azken horien barnean, burdina, karbonoa eta nitrogenoa identifikatu zituzten»

Fosil hori Brasilgo Ceará estatuan topatu zen 2008an. Duela 115 milioi urte bizi izan zen banako gazte bati dagozkio, eta 3 m inguruko luzera zuela kalkulatzen da. Fosila onik atera zen 2018an Brasilgo Museo Nazionalean egon zen sutetik, eta gertakari horren ostean izendatu zuten Aratasaurus, zeinak “garretatik jaiotako narrasti” esan nahi baitu.

Aurkikuntza bereziki bitxia da, animalia bat hiltzen denean, odola baita desegiten den lehenengo elementuetako bat. Ikertzaileek mikroskopio elektroniko bidez aztertu zituzten odol-hodiak igarotzen diren hezurren barneko kanalak. Zirrikitu horietan, mineral bihurtutako 23 mm inguruko egitura obalatu asko aurkitu zituen, eta azken horien barnean, burdina, karbonoa eta nitrogenoa identifikatu zituzten, hain zuzen ere, hemo-taldearen osagaiak.

Egileek uste dute dinosauroa hil ostean, bakteriaz estalita geratu zela, eta horrek oxigenorik gabeko ingurune bat sortu zela. Oxigenorik gabe, gorpuaren deskonposaketa moteldu edo eten zela iradoki dute, eta, azkenik, manganesodun mineral batek zelulak kontserbatu zituela.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia