Obulutegiek funtzioa aldatzen dute menopausia ostean

Menopausiara iritsita obulutegiak inaktibo bihurtzen zirela uste zen. Alabaina, ikerketa batek agerian jarri du ugalketa-gaitasuna galtzen badute ere, obulutegiak immunitatearekin lotutako egitura bat bilakatzen direla.

Arg.:therapractice


Obulutegiak dira ugaztun emeen gorputzetan lehen zahartzen diren organoak. Organo hauetan folikulu deituriko egiturak daude, obulu batez eta beste hainbat zelula-motez osatutako taldekatzeak. Jaiotzean, obulutegi bakoitzak folikulu-erreserba mugatu bat izan ohi du, eta bizitzan zehar agortuz joaten dira. Menopausiara heltzerako, obulutegi bakoitzak 1.000 bat folikulu izaten ditu, eta menopausia ostean bat bera ere ez da geratzen normalean. Gainera, obulutegien tamaina ere txikiagoa izaten da menopausia ostean aurretik baino.

Chicagoko Northwestern Unibertsitateko ikerketa-talde batek argitu nahi izan du zein aldaketa gertatzen diren obulutegietan urteak pasa hala. Horretarako, analisi histologikoak eta transkriptomikoak egin dituzte hainbat saguren obulutegietan.

Ikerketak argitu du sagu helduenen obulutegiko zelulek guztiz galdu zutela ugalketa-funtzioa. Aldiz, beste zelula-mota batzuen presentzia areagotu zen, hala nola linfozitoena eta makrofagoena. Horrek iradokitzen du obulutegiak immunitatearekin lotutako organo bilakatu zirela.

«Obulutegien funtzioa hobeto ulertzeko beharra azpimarratzen dute, ugalketa alde batera utzita eta osasuna erdigunera ekarrita»

Ikertzaileek diote menopausian zehar eta ondoren obulutegietan gertatzen diren aldaketek uste baino eragin handiagoa izan dezaketela inguruko ehunen zahartze-prozesuan. Gauzak honela, eta segurutzat jotzen zenaren kontrara, obulutegiak ez dira funtziorik gabeko organo bilakatzen ugalketa-gaitasuna galtzen dutenean. Egileek perspektiba zabaltzearen alde egiten dute, eta obulutegien funtzioa hobeto ulertzeko beharra azpimarratzen dute, ugalketa alde batera utzita eta osasuna erdigunera ekarrita.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna