Elkarrizketa

Maite Solas Zubiaurre

«Nire hipotesia da alzheimerra gaixotasun metabolikoa dela»

Maite Solas Zubiaurre ikertzaileak (Elgoibar, 1983) bi dirulaguntza jaso ditu duela gutxi, alzheimerrean metabolismoak duen eragina ikertzeko: batetik, Europako Batasunak ikerketa zientifiko esanguratsuenei ematen dien ERC Consolidator Grant izenekoa, eta, bestetik, Pasqual Maragall Fundazioak alzheimerra eta adinari lotutako neuroendekapenezko beste gaixotasun batzuk ikertzeko ematen duena. Babes horrek erakusten du zenbaterainoko garrantzia duen Solasen ikerketak. Ikerketari buruz ez ezik, tratamenduez, diagnostikoaz, prebentzioaz eta generoaz ere aritu da Solas elkarrizketan.

Nola iritsi zara alzheimerra ikertzera?

Zuzenean iritsi naiz, egia esan. Hasieratik neukan ikertzeko grina, eta kimika, biologia eta horrelakoak gustuko nituen. Hala, farmazia aukeratu nuen, eta, horren barruan, farmakologia gustatzen zitzaidan gehien. Gero, farmakologiako sailera joan nintzenean tesia egiteko galdetzera, esan zidaten sailean denak neurozientzietan aritzen zirela. Eta alzheimerrak beti erakartzen du, gizartean daukagun arazo larrienetako bat baita. Hortaz, hor sartzea erabaki nuen, eta ordutik ez naiz atera.

Hasi zinenetik, asko aldatu da alzheimerrari buruzko ikuspegi zientifikoa?

Bai, dezente aldatu da. Alois Alzheimer neurologoak idatzi zuen lehen aldiz alzheimerraz, 1906an, eta ordurako jada esan zuen garunean metatzen zirela bi proteina arraro, baita neuronak hiltzen zirela ere. Gaur egun badakigu zein diren proteina horiek eta ikusten dugu neuronak hiltzen direla, baina bitartean igaro den denbora honetan guztian galdera izan da: zerk eragiten du bi proteina horiek modu arraro horretan tolesten hastea? Tesia egiten hasi nintzenean, jada kausa horren bila genbiltzan. Eta hori oraindik ere erantzun gabeko galdera da.

Baina egon dira aldaketak. 1990eko hamarkadan egon zen korronte oso indartsu bat proteina horietan jartzen zuena foku guztia. Korronte hori bultzatu zuena oraindik bizi da, eta jarraitzen du bere tesia babesten. Baina beste batzuek uste dugu badagoela beste arrazoiren bat horren gainetik. Nire tesia, hain zuzen ere, arrisku-faktoreei buruzkoa izan zen, eta horretan jarraitzen dut.

«Orain badakigu faktore genetikoa daukaten gaixoak % 5 baino gutxiago direla»

Arrisku-faktoreen barruan, tesian estresaren eragina ikertu nuen; orain, berriz arazo metabolikoetara aldatu naiz: obesitatea, diabetesa… eta ildo horretan jarraitzen dut.

Estresa eta metabolismoa aipatu dituzu; inguruneko eragileak, baita fisiologikoak ere. Ez, ordea, genetikoak.

Bai, hor aldaketa handia egon da. Izan ere, orain badakigu faktore genetikoa daukaten gaixoak % 5 baino gutxiago direla. Hori lehen ez zekiten, eta jarraitzen du halako mito faltsu bat izaten gizartean. Zientzialarientzat ez, baina nire amari galdetzen badiozu, adibidez, esango dizu familiako gaitza dela. Eta norbait diagnostikatzen dutenean, jende askok jarraitzen du pentsatzen familian nork eduki zuen lehen.

Jatorri genetikoa dutenak, baina, % 5 baino gutxiago dira, eta kasu horiek eragiten dituzten mutazioak oso-oso definituta daude. Analisi genetiko bat eginez gero eta horietako mutazioren bat edukiz gero, aukera pila bat dauzkazu alzheimerra garatzeko. Baina kasu gutxi dira, eta nahiko bereziak, gainera. Oso goiz hasten dira, eta bilakaera oso azkarra dute.

«Gaixotasunaren hasieran astrozitoak hipermetaboliko bihurtzen direla dirudi»

Kasuen % 95ean, ordea, jatorria ez da genetikoa, eta bilakaera ere ez. Pazienteak beranduago diagnostikatzen dira, eta, gero, oso progresio motela dute. Hortaz, pazienteak urteak eta urteak daude gaixorik, horrek dakarren zamarekin, gizartearentzat, eta, batez ere, beraientzat eta beren ingurukoentzat. Hori da, gainera, zamarik handiena, ingurukoena; eta hori askotan ahazten zaigu. Pasqual Maragall Fundazioaren iazko kanpainaren leloa horixe izan zen: “Nork zaintzen du zaintzailea?”

Hitz egingo dugu alderdi sozialaz, baina, fisiopatologiara itzulita, zuk astrozitoak ikertzen dituzu, neuronak baino gehiago.

Hori da. Garunean zelula-mota desberdinak daude, eta alzheimerrean badakigu neuronak hil egiten direla. Baina beste zeluletan ere badaude aldaketak, eta badute zeresana. Metabolismoaren ikuspegitik begiratuta, garunak glukosa pila bat kontsumitzen du: gure gorputzaren pisuaren % 2 inguru pisatzen du, eta, egonean, gorputzeko glukosaren % 25 erabiltzen du, gutxi gorabehera.

Alzheimerra normalean sintomak jada aurreratuta daudenean antzematen da. Fase horretan pazientearen garuna aztertzen badugu PET bidez [positroi-emisio bidezko tomografia], ikusiko dugu hipometabolismoa dagoela, glukosa gutxiago gastatzen dutela. Horri azalpen hau ematen zitzaion: neurona horiek aktibitate gutxiago dutenez, garun horrek glukosa gutxiago gastatzen du.

Hori ikusita, ikusi nahi izan nuen zer gertatzen zen glukosa murrizten bagenien garuneko zelulei; zehazki, astrozitoei. Eta hor dago serendipia hori, hor dago zorte-puntu bat edukitzea. Izan ere, saguetan, uste nuen astrozitoei glukosa kentzean alzheimerra azeleratuko nuela. Baina emaitza kontrakoa izan zen: saguek hobera egin zuten!

Hortik sortu zitzaidan alzheimerra gaixotasun metaboliko baten ikuspegitik aztertzeko ideia. Hala, planteatzen dudana da gaixotasunaren hasieran garuna nahasi egiten dela eta astrozitoak hipermetaboliko bihurtzen direla. Nolabait esateko, astrozitoak igartzen hasten dira hor arazoren bat dagoela, eta, arazo horri aurre egiteko, hasten dira glukosa gehiegi erabiltzen. Gero, une bat iristen da zeinetan nekatu egiten baitira, eta orduan apurketa metabolikoa gertatzen da. Fase horretan egiten badiegu pazienteei PETa, ikusten dugu garuna hipometabolikoa dela.

Literatura begiratu nuen, eta bazeuden ikerketa batzuk hasierako faseetako hipermetabolismo hori erakusten zutenak. Ikerketa horietako bat Pascual Maragall Fundazioko ikertzaile batek egina zen.

Eta orain Pasqual Maragall Fundazioarekin ari zara elkarlanean, Jordi Duran Castells ikertzailearekin batera.

Pasqual Maragall Fundazioak urrea dauka, 4.000 pertsonako talde bat baitauka, alzheimerra duten pazienteen senidez osatuta: seme-alabak, anai-arrebak… Senide horiek ez dakite alzheimerraren mutazioa duten edo ez, edo alzheimerra garatuko duten edo ez, baina ikerketan parte hartzen hasten diren unean kognitiboki osasuntsu daude, testak oso ondo egiten dituzte, eta ez daukate batere arazorik.

Pertsona horiei epe luzeko jarraipena egiten diete. Talde horretako batzuk jada positibo ematen ari dira adierazle batzuetan, baina oraindik kognitiboki osasuntsu daude, ez daukate sintomarik. Baina PETean hipermetabolikoak dira.

Bestalde, Jordi Duran oso aditua da glukogenoan. Glukosa metatzeko modu bat da, eta astrozitoek badute hura gordetzeko gaitasuna. Horrela, glukosarik ez dagoenean, glukogenoa apurtu daiteke eta glukosa erabili. Hori, garunetik kanpo, gibelak egiten du.

Jordik Lafora gaixotasuna ikertzen du. Gaixotasun oso arraro eta larria da, nerabezaroan azaltzen dena, eta glukogenoa garunean modu aberrantean eta gehiegizkoan metatzeagatik agertzen dena. Epilepsia eta dementzia eragiten ditu, eta ez du sendabiderik. Kontua da kongresu batean topo egin genuela. Gure ikerketez hasi ginen hizketan, eta, hantxe, kafetegian, sortu genuen Pasqual Maragall Fundaziora aurkeztu dugun proiektua.

«Pasqual Maragall Fundazioak urrea dauka, 4.000 pertsonako talde bat baitauka»

Orain, bost urte dugu proiektu hori gauzatzeko, eta dugun abantaila da aztertu dezakegula zer gertatzen den hasierako fase horietan. Ez baita gauza bera, inondik inora ere, sagu ereduekin edo pertsonekin ikertzea. Noski, saguak behar dira pertsonetan egin ezin diren ikerketa batzuk egiteko, baina erabilera horrek ere sortzen ditu arazo etikoak. Eta, bestetik, saguek berez ez dute alzheimerrik. Hortaz, erabiltzen ditugun saguak genetikoki eraldatuak dira, eta duten alzheimerra genetikoa da. Alegia, pertsonetan gutxi azaltzen den alzheimer-mota bat.

Alzheimerra ez da, orduan, gaitz bakar bat. Hau da, izen eta sintoma beraren barruan egon daitezke aldaera desberdinak?

Hala da, bai. Hori botikekin ikusten da, adibidez. AEBko sendagaien eta elikagaien agentziak, FDAk, onartu zuen lehena Adukanumaba izan zen. Beta-­amiloide plakak desegiteko balio du, baina kasuen % 3rentzat bakarrik zen onuragarria. Ikertzaile askok kanpaina egin zuten erabakiaren kontra, eta nik ere babestu nuen kanpaina hura, ez baitugu uste % 3ak justifikatzen duenik botika kaleratzea. Are gehiago: hiru saio egin ziren botika harekin, eta haietako bakarrean eman zuen % 3a. Besteetan, ezta hori ere. Europan ez zen onartu, eta orain ekoizteari ere utzi diote.

«Uste dut soluzioa ez dela izango botika bakar bat, eta diagnostiko goiztiarra ere ez dela etorriko adierazle bakar batetik»

Aldiz, Europako sendagaien agentziak (EMA) onartu ditu lekanemaba eta donanemaba. Horiek ere beta-­amiloide plakak desegiteko funtzioa dute, baina pazienteen % 30entzat bakarrik dira egokiak, eta albo-ondorio nabarmenak dituzte. Egia da itxaropena piztu dutela, baina garrantzitsua da jendeak jakitea oso erabilera mugatua dutela eta onura ere ez dela erabatekoa.

Hori ulertzea inportantea da; bestela, medikuak norbaiti ez badio errezetatzen, pazienteak pentsa dezake aukera bat ukatzen diola. Eta ez da hori. Kontua da, gainera, gaitzaren lehen faseetan hartu behar direla, eta diagnostikoa, normalean, oso berandu etortzen da.

Metabolismoan eraginda, agian ireki daiteke beste bide terapeutiko bat? Adibidez, GLP-1 agonistak, lehen diabetesarentzat erabiltzen zirenak, orain obesitaterako ere erabiltzen dira, eta ikusten ari dira garunean ere eragiten dutela.

Hain zuzen ere, ikusten ari dira Ozempic-en erako botika horiek balio dezaketela parkinsona tratatzeko. Saio bat jada III. fasean dago, eta nik badut itxaropena. Izan ere, botika horiek eragin zuzena dute garunean. Argaltzeko erabiltzen direnean ere, eragina garunaren bidezkoa da, jateko grina kentzen baitute.

Hala ere, nire irudipena da soluzioa ez dela izango botika bakar bat, eta diagnostiko goiztiarra ere ez dela etorriko adierazle bakar batetik. Diagnostiko goiztiarrerako, seguru asko, adierazle bat baino gehiago izan beharko dira kontuan, eta haien arteko konbinazioak emango digu arriskuaren berri. Adibidez, arrisku aterogenikoa neurtzeko, odolean dauden kolesterol-mota desberdinen mailak, triglizeridoak, bihotzaren jarduera eta beste faktore batzuk hartzen dira kontuan. Bada, berdin alzheimerra diagnostikatzeko.

Hori da gaixotasun metaboliko gisa ulertzearen abantaila. Eragingo dute parametro batek baino gehiagok, eta etorriko dira bizimodutik, elikaduratik, estresetik, hanturatik… Eta, gero, tratamenduak izan beharko du pertsonalizatua.

Horrez gain, badago korronte bat ulertzen duena garunaren garapenean gertatzen diren aldaketen ondorio dela alzheimerra, baina ez zahartzaroan, baizik eta askoz ere lehenago. Garapenari berari lotutako asaldua izango litzateke.

Gaitzari lotutako faktore asko aipatu dituzu. Horien artean, zenbateko garrantzia dute sexuak eta generoak?

Izugarrizko garrantzia. Emakumeek askoz ere arrisku handiagoa dute alzheimerra garatzeko gizonek baino. Eta hor dago sexuaren aldagai bat, hormonen eragina ikusten baita. Badakigu, adibidez, menopausian gertatzen den estrogeno-jaitsierak arriskua handitzen duela. Hala ere, oraindik asko dago ikertzeko; esaterako, ez dakite garbi zer ondorio duen ordezko hormona-terapiak.

Baina dena ez da sexua. Generoa ere bada. Badirudi emakume askok gizartean duten rolarengatik pairatzen duten estresak eta zamak ere eragiten duela alzheimerra garatzeko arriskuan.

Oraingoz, prebentzio eraginkorrena hori da, hain zuzen, bizi-ohitura osasungarriak izatea: elikadura, ariketa fisikoa eta kognitiboa…

Hortaz, esan dezakegu alzheimerra, berez, osasun publikoko arazo bat dela, ez dela gaixotasun indibidual bat?

Bai, bai, guztiz. Osasun publikokoa da, argi eta garbi. Horrela ikusi beharko genuke, eta horrela hartu beharko genuke. Behar dira hezkuntza, baliabideak eta tresnak bizimodu osasuntsua izateko, eta ikuspegi soziala.

Azken finean, gizartea zahartzen ari da, eta alzheimerra eta gaixotasun neurologikoak hazten ari dira. Horrek sekulako inpaktu ekonomikoa dauka, baita emozionala ere. Eta alderdi hori ere aintzat hartu behar da. Familiek zama handia dute, eta hori osasun publikoko auzia da, zalantzarik gabe.

«Badirudi emakumeak gizartean duten rolak ere eragiten duela alzheimerra garatzeko arriskuan»

Elhuyar aldizkariak elkarrizketa hau hamar urte barru egingo balizu, zer gustatuko litzaizuke kontatzea?

Bada, gustatuko litzaidake esatea lortu dugula frogatzea hasierako fase horietan badagoela hipermetabolismo hori. Eta agian ez dugu izango botikarik, baina espero dut adierazleak izatea. Eta gustatuko litzaidake gizarteak ere beste era batera ikustea gaixotasun honek duen eragina.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Maite Solas Zubiaurre, Alzheimerraren ikertzailea. Argazkia: Gorka Rubio/©Foku

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna