GLP-1 agonistei buruzko ohartarazpena, Science-ren editorialean

Editorialak ohartarazi du arriskua dagoela gizarte-desberdintasunak areagotzeko eta obesitateari buruzko ikuspegi okerra gailentzeko

Ozempic farmakoa. Arg: Chemist4U CC-BY-SA 2.0


Ozempicen eta gainerako GLP-1 agonisten espero gabeko ondorioak analizatu ditu bere azken editorialean, Science zientzia-aldizkari ospetsuak. Egileek (Amsterdameko Unibertsitateko Luc. L Hagenaars eta Kaliforniako Unibertsitateko Laura A. Schmidt) “Ozempic-en aroa” deitu diote gaur egungo egoerari, non GLP-1 agonistek dena hartu baitute: zientzia-aldizkariak, klinikak, merkatua, sare sozialak eta herritarren gogoa. Halaber, diabetesa tratatzeko farmako izatetik obesitatearen aurka erabiltzera igaro baziren ere hasieran, orain trata ditzaketen kondizioen zerrenda luzatu egin da: larruazaleko gaitzak, zakila zutitzeko disfuntzioa, ugalkortasun-arazoak, adikzioak..

Nolanahi ere, egileek “Ozempic-en aroa”k ekarritako alderdi onei eta txarrei erreparatu diete, eta ondorio hau atera dute: arriskua dagoela gizarte-desberdintasunak areagotzeko eta obesitateari buruzko ikuspegi okerra gailentzeko. Horrenbestez, dei egin diote Osasunaren Mundu Erakundeari (OME) esku har dezan.

«GLP-1 agonistek dena hartu baitute: zientzia-aldizkariak, klinikak, merkatua, sare sozialak eta herritarren gogoa»

Alderdi onen artean aipatu duten lehena OMEren gidalerro globala da, non, GLP-1 farmakoen erabilera egokia azaltzeaz gain, proposatzen baitu marko bat ezartzea, denentzat eskuragarriak izan daitezen. Halaber, nabarmendu dute botika horiek janari ultraprozesatuarekiko grina apaltzen dutela, eta horrek erraztu egiten duela ultraprozesatuei buruzko politikak zorrozteko. Horri lotuta, obesitate klinikoa duten pertsonen erruduntasuna arintzeko ere balio dute, nolabait ulertzen baita ez dagoela guztiz norberaren esku egoera horretan egotea.

«marko oso bat eraiki dute norbanakoan zentratzeko obesitatearen aurkako ahalegina»

Beste aldetik, ordea, GLP-1en merkatuaren liderrak, Eli Lilly eta Novo Nordisk konpainia farmazeutikoak, beren ikuspegia indartzen ari dira: haren arabera, obesitatea gaixotasun kronikoa da, eta ez da behin betiko gainditzen. Are gehiago, “obesitate aurrekliniko” kategoria ere sortu dute, eta marko oso bat eraiki dute norbanakoan zentratzeko obesitatearen aurkako ahalegina.

Ikuspegi horrekin bat egiten dute Amazonek eta ongizateari lotutako plataformak, GLP-1en erabiltzaileei zuzendutako bizi-ohituren programekin eta telemedikuntzako gomendioekin. Elikagai industriak, bere aldetik, beti erakutsi du egokitzeko eta produktu zein merkatu zein produktu berriak sortzeko gaitasuna. Denek merkatu berean lehiatzen badute ere, elkarri laguntzen diote obesitateari buruzko ikuspegi jakin bat eraikitzen, norbanakoetan indarra jarriz, eta irabazi ekonomikoak lehenetsiz, osasunaren eta berdintasunaren aurretik.

Editorialaren egileek uste dute OMEk esku hartu beharko lukeela, GLP-1 farmakoak baliagarriak izan daitezen osasun-diskriminazioa murrizteko, areagotu beharrean.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna