Matilda efektua lausotu egin da azken 125 urteetan

Azken bi hamarkadetan, ikerketa-taldeetako lidergo-postuetan dauden emakumeen kopurua nabarmen handitu da.

Sylvy R. Levy Kornberg (ezkerran) eta Jonathan Hartwell (eskuinean) kimioterapia-proba batzuk egiten, 1950 inguruan. ARG.: NCI/Unsplash


Historikoki, emakumeek zientziari egin dioten ekarpena gutxietsi egin da; diskriminazio horri Matilda efektua deitzen zaio. Ikerketa batean, efektu horrek izan duen bilakaera aztertu da, eta ondorioztatu dute arindu egin dela azken hamarkadetan.

Ikertzaileek OpenAlex datu-basea erabili dute 1900-2025 epean argitaratutako 220 milioi zientzia-argitalpen aztertzeko. Haietatik, ikerlana egiteko, 60 milioi egile inguruko zerrenda bat egin dute, eta izenaren arabera bi generotan banatu dituzte.

«Batez beste, espero baino bost gizonezko gehiago ziren ikerketa-buru 1.000 argitalpeneko»

Zientziaren disziplina askotan, artikuluak dira aurkikuntzak zabaltzeko eta egiletza aitortzeko erreminta nagusia, eta, horregatik, aproposak dira Matilda efektua neurtzeko. Emaitzek berretsi dute Matilda efektuak garrantzia izan zuela ia XX. mende osoan, eta emakumeak lidergo-postuetatik kanpo uzten zirela sistematikoki. Zientzian zuten parte-hartzearekin alderatuta, espero baino bost gizonezko gehiago ziren ikerketa-buru 1.000 argitalpeneko, batez beste. Gainera, diskriminazioa bikoitza zen, emakumezko autoreak ere nabarmen gutxiago zirelako.

«Fisikan, emakumezko egile gutxiago daude proportzioan; osasun-zientzietan, ordea, parekotasuna lortu da ia»

Alabaina, emaitzen arabera, azken bi hamarkadetan joera aldatu da, eta Matilda efektua lausotzen ari da. Emakumeek zientzian duten parte-hartzea handituz joan da. 1910 eta 1960 urteen artean, bilakaera motela eta irregularra izan zen. Hamarkada horietan, mundu-gerren eraginez, emakumeek gizonek utzitako hutsuneak bete zituzten, eta beren parte-hartzea nabarmen handitu zen. Gizonak gerratik itzultzean, ordea, berriro galdu zituzten lidergo-postuak. Geroztik, igoera nabarmenagoa izan da, eta egileek diote, oro har, Matilda efektua ez dela ia nabari mundu osoan eta zientziaren diziplina gehienetan.

Badaude, ordea, ñabardura nabariak joera nagusi horretan. Fisikan, emakumezko egile gutxiago daude proportzioan; osasun-zientzietan, ordea, parekotasuna lortu da ia. Geografikoki, Asiako hainbat herrialdetan —hala nola Indian, Txinan, Japonian eta Hego Korean—, emakumeen parte hartzea % 10 baxuagoa da munduko gainontzeko herrialdeekin alderatuta. Kontrara, Latinoamerikan gertu daude gizonezko eta emakumezko egileen arteko berdintasunetik.

Ondorioak esanguratsuak dira, baina egileek ohartarazi dute ikerketak hainbat muga dituela. Hasteko, erabilitako datu-basean informazioa falta liteke. Horrez gain, genero binarioa zehaztean akatsak gerta zitezkeen. Argitalpenen garrantzi zientifikoan ere alde handiak daude, eta zenbaketa hutsak ez du erabat adierazten ikerketaren pisua. Eta amaitzeko, ikuspegi bibliometriko soil batek errealitate konplexuegi baten ikuspegi mugatua eman lezake.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Berdintasuna