Nazio Batuen Unibertsitatearen Ura, Ingurumena eta Osasunaren Institutuak (UNU-INWEH) txosten bat argitaratu berri du mineral kritikoen mehatzaritzaren ondorioei buruz. Bertan, litioa, kobaltoa eta beste metal dituzten mineralen erauzketa azkarraren efektu kaltegarria aztertzen du.
Arazo handiena uraren erabilerak sortzen du. Batetik, mineral horien mehatzaritzak ur asko behar duelako, nekazaritzaren, arrantzaren eta pertsonen ur-kontsumoaren kalterako. Bestetik, mehatzaritzak ura metal astunez kutsatzea eragiten duelako.
Txostenaren arabera, metalen erauzketa “egiturazko injustizietan errotuta dago”, eta behar-beharrezkoak dira desberdintasunak handitzen ez dituzten politikak ezartzea. Txostenak espreski aipatzen ditu zenbait herrialdetan izan diren kalteak. Bolivian, litioaren erauzketak eragin oso handiak izan ditu Uyuni lurraldean. Eta mineral berak ur geza asko murriztea handia ekarri du Atacaman (Txilen). Bestetik, Kongo ere adibide esanguratsua da.
Energia berriztagarriak erabiltzeko trantsizioaren paradoxa da hori guztia. Petrolioa ez erabiltzearen ordaina da metalak ustiatzea. Elektrifikazioa eta energia berriztagarrien erabilera eraginkorra izan daitezen, mineral asko erauzi behar dira, metal jakin batzuk kantitate handitan eskuratzeko. Hor da paradoxa: energia garbien teknologiak kutsatze-fase bat eskatzen du.
Mineral kritikoen eskaria hirukoiztu egin zen 2010 eta 2023 artean. Litioaren eskariak, esate baterako, % 30eko igoera izan zuen 2022an bakarrik; beste bi adibide kobaltoa eta nikela dira, 2017 eta 2022 artean haien eskariak % 70 eta %40 handitu dira, hurrenez hurren. Klima-aldaketari teknologia berrien bidez aurre egiteko, "2040rako litioaren eskaera bederatzi aldiz biderkatu beharko litzateke, eta kobaltoarena eta nikelarena, bikoiztu", txostenaren arabera.
“Kontrol-mekanismo eraginkorrik gabe, planeta babesteko diseinatutako helburuek berek bizkortu ditzakete krisi hidrikoa, osasun-krisia eta bidegabekeria-krisia, hain zuzen klima-aldaketa eragiteko ardura gutxien duten komunitateetan”, dio Kaveh Madani zientzialari iraniarrak, uraren politiketan adituak eta 2026ko Stockholmeko Uraren Saridunak. Mineral horiek "XXI. mendeko petrolioa" bihur daitezkeela ohartarazi du.
Guillermo Roa Zubia
Kimikako doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea



