Emakumeak Zientzian Manifestua

Etorkizuneko zientzia inspiratzeko ekintzak


Emakumeak Zientzian aliantzak etorkizunerako zientziarako ekintza-plana aurkeztu zuen 2026ko otsailaren 11n; hau da, Neska eta Emakume eta Zientzialarien Nazioarteko Egunean.

Elhuyar aliantzaren kide denez, bere egiten ditu manifestuan adierazitako ekintzak. Hala, konpromisoa hartzen du desberdintasunei ikuspegi intersekzionaletik eta sustraitik heltzeko. Halaber, baieztatzen du aktiboki lan egingo duela emakume zientzialarien ikusgarritasuna handitzean, zientziaren demokratizazioaren alde eta lan-ingurune berdinzaleen eta erantzukideen eraikuntzan.

Manifestuaren bederatzi puntuak

● Emakumeen eta kolektibo azpi-ordezkatuen (klasea, generoa, etnia, jatorria, diziplinak…) erabateko parte-hartzea bultzatu nahi dugu zientzian, gizarte osoa ordezkatu eta baliatuko duen zientzia berdinzaleagoaren alde eginez.

● Fokua jartzen dugu nesken STEAM bokazioen sustapenean, eta azpi-ordezkatutako emakume zientzialariak eta kolektiboak ikuspegi intersekzional batetik ikusaraztean. Horretarako, sentsibilizazio goiztiarretik jarduten gara, estereotipoak apurtzeko eta lanbide-hautu libre eta anbiziotsuak sustatzeko.

● Zientzia eta kultura zientifikoa modu inklusibo eta berdinzalean hurbildu nahi ditugu gizartera, haren demokratizazioa sustatuz. Ezagutza zientifikoa modu ulergarri eta zorrotzean hedatzen dugu, emakume zientzialarien lana eta ekarpena ikusaraziz eta herritarren partaidetza aktiboa bultzatuz beren aniztasun osoan.

● STEAM eredua besarkatzen dugu. Zientzia bere eremu zabalenean ulertzen dugu eta humanitateekin eta artearekin uztartzen dugu, diziplinen arteko hormak eraitsiz.

● Ibilbide profesional inklusiboak eta jasangarriak sustatu nahi ditugu. Ibilbide profesional inklusiboak sustatzeko lan egiten dugu, lan-ingurune osasungarriak exijituz eta bizitza-erritmo jasangarriak sustatuz, eremu profesionalean zein pertsonalean.

● Egiturazko aldaketen alde gaude. Behar diren eztabaidak bultzatuko ditugu horretarako bide-orria zehazteko, eta gure erakundeetan berdintasunerako eta aniztasunerako benetako aldaketak ezarriko ditugu.

● Produktibitatearen gainetik egindako ekarpena saritzen duen ebaluazio-sistema batean sinesten dugu. Benetako eragina neurtuko duen ebaluazio zientifikoko sistema baten alde borrokatzen dugu, kalitatea zein lankidetza balioetsiko dituena.

● Berdintasunaren instrumentalizaziotik eta partaidetza sinboliko hutsaletik aldentzen gara. Konpromiso erreal eta eraldatzailea defendatzen dugu gure sarearen balioekin.

● Elkarlanerako eta elkar-zaintzako sarea ehuntzen dugu. Gure komunitatean barne eta kanpo lankidetza eta entzutea sustatzen dugu, sarea esperientziak partekatzeko, lidergo kolektiboa bultzatzeko eta egiturazko aldaketak sortzeko espazio seguru eta funtsezko gisa ulertzen dugu.

Manifestu hau Emakumeak Zientzian aliantzaren barruan hartzen dugun konpromiso etikoa da.

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Berdintasuna