Europako 32 herrialderen genero-desberdintasunak eta faktore ekonomikoek nerabeen psikotropiko-kontsumoarekin zer lotura duten aztertu dute EHUko OPIK ikerketa-taldean. Emaitzek erakutsi dute Europako herrialde gehienetan neskek antsiolitiko eta lasaigarri gehiago kontsumitzen dutela mutilek baino; eta, aldiz, kontsumoa orekatuagoa dela neska eta mutiletan genero-berdintasun handiagoa duten herrialde aberatsenetan.
1990-2021 bitartean, Europako 10 eta 24 urte bitarteko populazioan, depresio- eta antsietate-nahasmenduen kasuek gora egin dute; eta hazkundea areagotu egin da azken urteotan. Gero eta farmako antsiolitiko, hipnotiko eta lasaigarri gehiago hartzen dituzte nerabeek (medikuak hala aginduta edo ez). Euskal Herriko Unibertsitateko OPIK – Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko ikerketa-taldeko ikertzaileek urteak daramatzate ikusten generoaren arabera alde handia dagoela psikofarmakoen kontsumoan, bai euskal gazterian, baita Espainiakoan ere, eta orain Europa mailako kontsumoa aztertu dute.
2019ko ESPAD inkesta baliatuz (Alkoholari eta beste droga batzuei buruzko Europako Eskola Inkestaren Proiektua), Europako 32 herrialdetako 15-16 urteko ia 97.000 neraberen datuak aztertu dituzte. Azaldu dutenez, kontsumoan alde handiak daude Europako herrialdeen artean: adibidez, Grezia eta Esloveniako nerabeen psikofarmakoen kontsumoa % 6 izan zen; Italian % 10 eta Letonian % 28.
«Europako ia herrialde guztietan nesken kontsumoa mutilena baino handiagoa da»
Bestalde, azpimarratu dute Europako ia herrialde guztietan nesken kontsumoa mutilena baino handiagoa dela. Espainian, adibidez, kontsumo orokorra % 14,1 izan zen: neskena % 14,6 eta mutilena % 13,6. Eta genero-arrakala hori ere oso desberdina da herrialdearen arabera.
OPIKeko ikertzaileek jakin nahi izan dute ea herrialde barneko faktore ekonomikoek eta genero-desberdintasunek nola baldintzatu dezaketen halako aldeak egotea herrialde batetik bestera. Ikerketan, norbanakoaren aldagai soziodemografikoak eta herrialde mailako ezaugarriak konbinatu dituzte. Eta, hala, ikusi dute herrialde mailako faktore askok dutela eragina nerabeen psikofarmakoen kontsumoan.
Emaitzek erakutsi dutenez, nerabeek substantzia psikotropiko gutxiago kontsumitzen dute desparekotasun sozial eta ekonomiko handieneko herrialdeetan, alegia, generoan eta ekonomian desberdinkeria handiena duten eta pertsonako barne-produktu gordin (BPG) baxuena duten herrialdeetan. Eta herrialde horietan genero-arrakala handiagoa da; izan ere, bereziki mutilen kontsumoak egiten du behera, eta neskek hartzen dute herrialde horietako kontsumoaren ehuneko handiena. Bestalde, herrialde aberatsenek eta berdintasun-maila handiena dutenek kontsumo-tasa altuagoak dituzte, baina nesken eta mutilen kontsumoa antzekoagoa da.
«Herrialde aberatsenek eta berdintasun-maila handiena dutenek kontsumo-tasa altuagoak dituzte, baina nesken eta mutilen kontsumoa antzekoagoa da»
Esate baterako, Norvegia da BPG altuenetarikoa eta genero-berdintasuneko adierazle onenak dituen herrialdeetako bat, eta psikofarmako-kontsumo nabarmenak baditu ere (% 14k inoiz hartu du psikofarmakoren bat), neskak eta mutilak nahiko paretsu dabiltza inkestan. Hungaria, bestalde, erdi-mailako BPGa duen herrialdea da, baina genero-desberdintasun nabarmena du: kontsumo orokorra % 12,3 da, baina genero-arrakala handia da: nesken % 14,8k eta mutilen % 9,8k kontsumitu dute. Hau da, kontsumoa baxuagoa da, baina arrakala handiagoa.
Horrenbestez, ikertzaileek lotura estatistikoki esanguratsuak aurkitu dituzte arlo klinikoan eta ez-klinikoan gertatzen den psikofarmakoen kontsumoaren eta gizarte batek duen genero-desberdintasunaren eta ekonomia-mailaren artean. Adierazi dute orain beste zenbait faktore aztertu beharko liratekeela datu horiek guztiak hobeto azaltzeko: faktore kulturalak, sozioekonomikoak, osasun-sistemako faktoreak… Askotariko alderdi difusoak sartzen baitira jokoan. Adibidez: zer joera du herrialde bateko biztanleriak arazo mentalei aurre egiteko? Osasun-sistemara bideratzen dira? Medikuek zer joera dute psikofarmakoak preskribatzeko? Neskei gehiago preskribatzen dizkiete?”.
Erlazionatuak
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



