Orain urte asko ez dela, gauez izarrei begira jartzen zenak noizean behin ikusiko zuen izar bat zirudien baina poliki-poliki mugitzen ari zen puntu argitsu bat. “Bat ikusten zenuen, eta agian 20 minutura beste bat ikus zenezakeen, edo batere ez gehiago”, gogoratzen du, nostalgiaz, Aranzadiko Astronomia saileko kide Juan Antonio Alduncin Garridok. “Orain etengabe pasatzen dira. Zerua asko aldatu da”.
2019an hasi zen aldaketa. Orduan hasi ziren jaurtitzen lehen Starlink sateliteak, SpaceX enpresarenak. Geroztik ehunka jaurti dituzte urtero, eta dagoeneko 10.000tik gora dira. Badira antzeko egitasmo gehiago ere, nahiz eta ez diren kopuru horietara iristen: OneWeb (654 satelite), Amazon Leo (300), Xingwang (190), Yaogang (179) eta abar (2026ko maiatzeko datuak). “Megakonstelazio deitzen zaie”, dio Alduncinek. “Niri, ordea, izen politegia iruditzen zait hain gauza itsusiarentzat; konstelazioak, betidanik, izar-taldeak izan baitira. Megaflota deitzen diet nik”.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Astronomia saileko kidea.
2025ean 4.510 objektu bidali ziren espaziora (% 82 AEBtik); gehienak Starlink eta antzeko komunikazio-satelite txikiak, Interneten munduko estaldura hobetzea helburu dutenak. Hain zuzen ere, Interneterako konexioa demokratizatzen dutela argudiatzen dute horretan ari diren enpresek.
Alduncinek konparaketa argigarri bat egiten du: “Imajina dezagun planeta guztian elektrizitatea bermatzeko bazter guztiak bete beharko liratekeela norabide guztietan ikus daitezkeen goi-tentsioko kablez. Joango ginateke, adibidez, Pirinioetara, eta ikusiko genituzke mendi eta bailara guztiak kablez zeharkatuta. Denok daukagu argindarra izateko eskubidea, baina ez genuke onartuko paisaiari halako erasorik egitea”. Bada, antzeko zerbait gertatzen ari da gaueko zeruarekin. “Zerura begira jartzen zarenean, dagoeneko bereizi egin behar duzu ikusten ari zarena izar bat den edo satelite bat den. Gaueko zeruaren edertasuna maite dugunontzat, izugarria da nola ari den kutsatzen paisaia hori”.
Astronomiarako oztopo
Satelite-megaontzidiak ez dira soilik astronomiazaleentzako edo gaueko zeruko paisaia maite dutenentzako enbarazu bat. Ikerketan ere eragiten dute, eta hainbat behatokitan arazoak izaten ari dira. “Astronomiako ikerketaren zati handi bat irudien bidez egiten da”, nabarmendu du Alduncinek. “Izarren edo galaxien irudiak hartzen ari direnean, marra mordo bat agertzen dira, jasotzen ari diren informazioa erabat distortsionatzen dutenak, eta datu-bilketa oztopatzen dutenak”.
Lurreko teleskopioei eragiten die gehien, baina baita espazioan daudenei ere. Esaterako, SPHEREx espazio-teleskopioa, 700 km-ko orbitan dagoen arren (Starlinkak baino urrunago), ez da nahikoa argi-kutsadurari ihes egiteko. Harekin lanean ari diren astronomoek salatu dutenez 2025eko maiatzetik irailera bitartean jasotako irudien % 73,3 satelite artifizialen arrastoekin kutsatuta zeuden.
Eta irrati-teleskopioei ere eragiten diete. “Oso urruneko galaxietatik eta objektuetatik datozen irrati-uhin ahulak detektatzen saiatzen diren irrati-teleskopioei, sateliteen interferentziak lana zailtzen die”, azaldu du Alduncinek. “Finean, astronomia profesionala oztopatzen dute”.
Zaborra pilatzen
Beste ikuspuntu batetik, kezkaz begiratzen dio egoerari Beatriz Jilete Callejak ere. Zabor espaziala monitorizatzeko sistemen ingeniaria da, eta Ética Espacial taldeko partaidea: “Beheko lur-orbita, 150 eta 2.000 km artean, betetzen hasita dago; talkak gertatzeko arriskua esponentzialki handitu da”.
«Zerura begira jartzen zarenean, dagoeneko bereizi egin behar duzu ikusten ari zarena izar bat den edo satelite bat den»
Europako Espazio Agentziaren azken Espazioko Ingurumen Txostena txostenaren arabera, 17.500 satelite inguru daude Lurraren orbitan; horietatik 15.200 daude aktibo. Horiez gain, 10 cm-tik gorako objektuak 45.000 inguru dira. “Hamar zentimetrora arteko objektuak ikusteko gaitasuna dugu Lurretik, eta horiei egin diezaiekegu jarraipena”, azaldu du Jiletek. Baina ereduek diote 1-10 zentimetroko 1,2 milioi objektu egon daitezkeela, eta zentimetrotik beherako 140 milioi inguru. “Objektu horiek sekulako abiaduran ari dira mugitzen: 24.000 km/h inguru. Energia zinetiko horrekin, balak dira, ikusi ezin ditugun balak. Satelite bat zulatu dezakete, eta horrek, aldi berean, zati gehiago sortzen ditu, eta horiek beste zati batzuekin talka egin dezakete, eta abar”.
Zabor espaziala monitorizatzeko sistemen ingeniaria. Ética Espacial taldeko partaidea
Zaborra pilatzearen ondorioz talketan gerta litekeen erreakzio-kateari Kesslerren sindromea deitzen zaio. “Hipotesi teoriko bat da, baina mehatxu hori gertagarria izaten hasita dago, batez ere 500 km-ko orbitan (Starlinkak dauden eremuan)”, ohartarazi du Jiletek. “Dagoeneko ez da zientzia-fikzioa. Egoera kezkagarria da, eta espazioko trafikoa arautzen hasi beharko genuke. Lurreko, itsasoko eta aireko trafikoan bezalaxe, nazioartean arau batzuk jarri beharko lirateke”.
Irudia: Our World in Data/CC-BY.
Hainbat herrialde ari dira euren legeak garatzen. Bitartean, NBEk 1967an onartu zuen Kanpo Espaziorako Hitzarmena dago, ezartzen duena espazioa eta zeruko gorputzak gizateria osoaren ondare direla, nazioek ezin dutela haietaz jabetu, ezin dela arma nuklearrik jarri eta esplorazioa helburu baketsuekin soilik egin daitekeela. “Printzipio horiek oso ongi daude, baina motz gelditzen dira gaur egun egiten ari garen espazioaren ustiaketarako”, dio Jiletek.
Esaterako, nork erabakitzen du zenbat satelite jar daitezkeen orbitan? “Inork ez”, erantzun du Jiletek. “Herrialde bakoitzak erabakitzen du zein satelite jaurti daitezkeen. Ez dago nazioarteko erregulaziorik. Oraintxe bertan, espazioa mendebalde basatia da”.
«Herrialde bakoitzak erabakitzen du zein satelite jaurti daitezkeen; oraintxe bertan, espazioa mendebalde basatia da»
Eta iragarpenak beldurgarriak dira. Askoz ere megaontzidi gehiago, bakoitza mila satelitetik gorakoa, jartzeko eskaerak eginak daude hainbat herrialdetan; eta SpaceX-k urte hasieran egin zuen eskaera beste milioi bat satelite jaurtitzeko, espazioko datu-zentroak izango liratekeenak. Astronomo batzuek kalkulatu dutenez hori betetzen bada, zeruan izar baino satelite gehiago ikusiko dira.
Are kaltegarriagoa izan liteke, argi-kutsadurari dagokionez, Reflect Orbital egitasmoa. “Eguzki-argia nahieran” dio egitasmoaren leloak. 50.000 ispilu jarri nahi dituzte orbitan, gauez eguzki-argia saltzeko. Ispilu bakoitza ilargi betea baino lau aldiz distiratsuagoa litzateke, eta, jakina, inguruko eremuak ere kutsatuko lituzke. Egitasmoa gauzatuko balitz gaueko zerua hiru edo lau aldiz distiratsuagoa bihurtu liteke. “Basakeria bat da”, dio Alduncinek. “Honek argi-kutsadura beste eskala batera eramango luke. Ez lirateke soilik puntu distiratsu batzuk; gaua argituko lukete, eta horrek eragina izango luke naturan eta baita gizakion osasunean ere”.
Atmosfera kutsatzen
Alabaina, argia ez da sateliteek eragiten duten kutsadura-mota bakarra. Are, litekeena da oraindik ezagutzen ez dugun poluzio-modu berri bat gertatzen aritzea atmosferan. Gero eta satelite gehiago ari dira atmosferan birsartzen eta desintegratzen. Prozesu horretan batez ere aluminio oxidoak sortzen dira. 250 kg-ko satelite tipiko batek 30 kg aluminio oxido uzten ditu hainbat hamarkadaz atmosferan iraun dezaketen nanopartikulatan. Megafloten eraginez, urtean 360 tona aluminio oxido askatzera irits daitekeela kalkulatu dute.
Horren eragina zein izan daitekeen ez dago argi oraindik, baina ikerketa batzuk iradokitzen ari dira ozonoan eta kliman eragin esanguratsua izan dezaketela. Gerta liteke berotze globala areagotzea, eta baita kontrakoa ere, eguzkia islatuta. “Atmosferan material berriak injektatzen ari gara, eta ez dakigu horrek zer ondorio izan ditzakeen”, dio Jiletek. “Oso gutxi dakigu horri buruz, baina ikerketa-lerro oso oso aktiboa da, oraintxe bertan”.
60 Starlink satelite Falcon 9 suziri batean, orbitarako bidean. ARG.: SpaceX.
ESAk, adibidez, “Zero zabor” plan bat dauka, 2030erako zabor espaziala sortzeari uzteko. Horren barruan, Draco misioan parte hartzen ari da Jilete bera. “Satelite bat prestatzen ari gara, atmosferan birsartzen eta desintegratzen denean zer gertatzen den ikertzeko”. Besteak beste, esperimentu bat egingo dute aluminio oxido horiek nola sortzen diren ulertzeko, eta erretzen direnean aztarnarik utziko ez duten material berriak diseinatu ahal izateko. “Ikerketa pilo bat ari dira abian jartzen sateliteen aztarna atmosferikoa neutroa izan dadin”.
Bestetik, kontuan hartu behar da, azken urteetan, satelite horiek guztiak orbitan jartzeko, izugarri ugaritu direla jaurtiketak. Ia egunean suziri bat jaurtitzen da. Eta horrek ere kutsatu egiten du atmosfera. Dena dela, “egia da inoiz baino gehiago jaurtitzen ari garela, baina horren aztarna, abiazio zibilarekin konparatzen badugu, oso txikia da oraindik”, neurriratu du Jiletek, hala ere kontuan hartzekoa dela ukatu gabe.
“Ni espazioaren zale amorratua naiz, baina baliabideen erabilera jasangarria egin behar dugula ere uste dut”, aldarrikatu du Jiletek. Europa zentzu horretan egiten ari den lana azpimarratu du. “Europan sortzen den satelite bakoitzak zer baliabide kontsumitzen dituen eta zenbat kutsatzen duen monitorizatu nahi da, satelitearen azken torlojuraino kontuan hartuta. Hori da jarraitu beharko genukeen bidea”.
«Zerua gizateriaren ondarea da, eta hala egon beharko luke aintzatetsia»
Hain zuzen ere, Europan 2025eko ekainean aurkeztu zenEU Space Act lege-proposamena, Europa osoan espazio-merkatu bakarra sortzeko diseinatua, arreta berezia jarriz hondakin espazialen aurkako segurtasunean, zibersegurtasunean, jasangarritasunean eta enpresa-lehiakortasunean. “Pixkanaka ari dira legeak artikulatzen Europan eta hainbat herrialdetan, baina, noski, nazioarte mailan izan behar du, bestela ez genuke ezer lortuko”, dio Jiletek. “Zerua gizateriaren ondarea da, eta hala egon beharko luke aintzatetsia”, gaineratu du.
Denon zerua
Izan ere, gaueko zeruak balio zientifikoa, kulturala eta sinbolikoa ditu. Eta bi adituen ustez, ondare hori babestu beharko litzateke interes komertzialen aurrean. “Uste dut denon eskubidea dela, kostalde garbiez eta hondartza egokiez gozatzeko eskubidea den bezalaxe, planetak, Esne Bidea eta konstelazioak ikusteko aukera ematen digun zeruaz gozatzea gauza artifizial askoren interferentziarik gabe”, adierazi du Alduncinek. “Hori da une honetan gehien kezkatzen nauena. Eta kezkagarria eta tristea iruditzen zait, baita ere, hainbesteko garrantzia ematea komunikazioei, denaren gainetik eta beste ezer kontuan hartu gabe”.
“Munduko komunitate indigena askorentzat garrantzi kultural handia du oraindik gaueko zeruak”, ohartarazi du Jiletek. “Zeruaren balio kultural hori eta zientifikoa oso ondo uztartzen ari dira CPS nazioarteko lankidetzan”. Nazioarteko Astronomia Elkarteren (IAU) zeru lasaia eta iluna babesteko zentroa da CPS (IAU Centre for the Protection of the Dark and Quiet Sky). Bada, erakunde horretatik eskatu dute sateliteen magnitudeak ez lukeela izan beharko 7tik berakoa. Magnitudea zenbat eta txikiagoa orduan eta distiratsuagoak dira sateliteak, eta 7tik gorakoak ez dira begi bistaz ikusten Lurretik. “Horrek bermatuko luke ondorengo belaunaldiek ere Esne Bidea ikusten jarraitu ahal izango dutela”, dio Jiletek.
Satelite-arrastoak Pentre Ifan-go (Gales) trikuharriaren inguruan. ARG.: Max Alexander.
Izan ere, konpainia pribatu batzuk ari dira denon zerua eraldatzen. “Aktibo dauden sateliteetatik erdia-edo Elon Muskenak dira —dio Jiletek—; dena hiru jaunen artean dago”. Funtsean, herrialde bateko korporazio bat ari da gaueko zerua, orbita eta atmosfera hondatzen mundu guztiarentzat. “Benetan eragiten dio mundu guztiari, sateliteak planeta guztiaren inguruan baitabiltza bueltaka”, dio Alduncinek.
Gaueko zeruaren etorkizuna ilun ikusten du Alduncinek —edo argiegi, nola begiratzen zaion—; ez bakarrik sateliteengatik, baita Lurreko argi-kutsaduragatik ere. “Hogei urtetik gora daramatzagu agintariak kontzientziatzen argia neurriz erabiltzeko. Eta kasu askotan argiteria publikoan dezente hobetu bada ere, aldi berean ikaragarri handitu da argiteria pribatua, hala nola gasolindegietakoa, hotelena, erakusleihoetakoak, panel argidunak…; argiteria publikoak adina argi edo gehiago ematen dute, eta oso modu deskontrolatuan, gainera”.
“Gehiegizko argitasun horren guztiaren ondorioz, gaueko zerua ez da behar bezain iluna, eta gero eta izar gutxiago ikus daitezke”, dio Alduncinek. “Baina jendearen gehiengoa konturatzen ez den bitartean gehiegizko argitasuna txarra dela, ez dut uste arazoa konponduko denik. Belaunaldi berriek asko galduko dute. Galera kultural eta zientifikoa benetan penagarria da. Eta sateliteekin dauden aurreikuspenak beldurgarriak dira”.
Baikorragoa da, aldiz, Jilete: “Lan-talde askotan egiten ari diren ahalegin guztiak ikusita, etorkizunari itxura ona hartzen diot. Nik 11 urte daramatzat arlo honetan lanean eta hasi nintzenetik hona eztanda bat izan da: ikerketa-lerro berriak, sateliteen diseinu-aldaketak, kontzientziazioan, legeen arloan… Nik uste bide onean goazela. Gainera, azken batean, negozio bat den aldetik ere, denei interesatzen zaie ongi ateratzea. Hori bai, kontua izango da nahikoa azkar ibiliko ote garen, katastroferik gerta ez dadin”.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



