Nazioarteko ikerketa batek GJ 3090 b exoplanetaren orbita zehaztu du, Kanarietako Institutu Astrofisikoaren laguntzaz Txilen eraikitako espektrografo bat erabilita. Exoplaneta hori Lurra baino 4,5 aldiz handiagoa da, eta GJ 3090 izeneko izar nano gorri bat orbitatzen du. Ikerketak erakutsi du exoplanetak bere izarraren kontrako noranzkoan orbitatzen duela, eta hori oso ezaugarri bitxia da.
«Beharbada izarraren sorreran bigarren disko bat sortu zen beste plano batean»
Egileek ez dute ulertzen oraindik konfigurazio horren zergatia. Oro har, izarren sorreran, gasezko eta hautsezko hodei batek inguratu ohi du astroa, eta hodei horren barruan sortzen dira planetak. Normalean, sortzen diren protoplanetek eta izarraren inguruko diskoak haren noranzko berean biratzen dute. Baina ez da hala gertatzen GJ 3090 b exoplanetaren kasuan.
Ikertzaileek azaldu dute planetaren inguruan gorputz masibo bat egoteak azaldu lezakeela orbitaren izaera berezia, baina ez dute halakorik topatu. Horregatik, beste hipotesi batzuk planteatzen ari dira. Hipotesi horietako baten arabera, beharbada izarraren sorreran bigarren disko bat sortu zen beste plano batean, eta bertan sortu zen, geroago, GJ 3090 b exoplaneta.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



