Fisikako Nobel saria, jatorri astrofisikoko energia altuko neutrinoak aurkitzeagatik

Francis Halzen ikertzaileak jasoko du 2026ko Fisikako Nobel saria.

Francis Halzen. ARG.: Arg. Ill. Niklas Elmehed © Nobel Prize Outreach


Halzen fisikaria ohartu zen Hego Poloko izotza neutrino deitutako partikulak detektatzeko erabil zitekeela. Ideia horri segika, eta beste hainbat ikertzailerekin batera, IceCube Neutrino Behatokia sortu zuen Antartikan: kilometro kubiko bat izotz, argi-sentsorez hornitua. Behatoki horri esker, espazio urrunetik etorritako energia handiko neutrinoak detektatu ahal izan dituzte.

«Francis Halzenek nazioarteko ikertzaile- eta ingeniari-talde bat zuzendu du, eta tresna bikain bat sortu dute. Bere irmotasunak eta ikuspegi zientifikoak astronomia berri bati bidea ireki dio», adierazi du Mark Pearce Fisikako Nobel Batzordeko presidenteak.

«Oraindik ez da ezagutzen zein prozesuk ematen dien neutrinoei hainbesteko energia»

Neutrino izeneko mamuak

Jakina da kosmosean energia-maila handiko neutrinoak daudela, baina oraindik ez da ezagutzen zer prozesuk ematen dien neutrinoei hainbesteko energia. Prozesu horiei azeleragailu kosmiko esaten zaie, eta uste da gaur egun ezezagunak diren fenomeno astronomikoak izan daitezkeela.

Neutrinoak edonon daude, baina, beste partikulek ez bezala, ez dute ez karga elektrikorik ezta ia masarik ere, eta, beraz, materia zeharkatzen dute. Lurrera iristen diren neutrinoak zuzenean datoz jatorritik, bidean ia energiarik galdu gabe, eta beste modu batean eskuratu ezin daitekeen informazioa eman dezakete. Baina, arrazoi beragatik, neutrinoak atomo baten nukleoarekin talka egiten duenean soilik detekta daitezke, eta hori oso ezohikoa da.

Zergatik izotza

1980an, Francis Halzenek jakin zuen ikertzaile sobietar batzuek Antartikan neutrinoak detektatzeko asmoa zutela irrati-uhinen detektagailuak baliatuta. Ideia hori erakargarria iruditu zitzaion Halzeni, baina, irrati-uhinen ordez, argi-izpi urdinak detektatzea otu zitzaion.

Neutrino batek nukleo atomiko batekin talka egiten duenean, karga elektrikodun partikula bat sortzen da. Partikula horrek neutrinoaren hasierako noranzko berean bidaiatzen du, eta argi-izpi urdin bat sortzen du. Beraz, beharrezko erreminta guztiekin, posible da argiaren noranzkoa eta neutrinoaren jatorria zehaztea.

Argi-izpi urdin hori detektatzeko, izotzak bi abantaila nagusi eskaintzen ditu: alde batetik, gardena da; eta, bestetik, izotz-geruza lodi baten barnealdea iluna da beti.

Zergatik Hego Poloan

Francis Halzenek berariaz aukeratu zuen Hego Poloko izotza. Izan ere, lurralde hori hainbat interferentzia-motatatik aske dago, eta han ez dago lurrikara-arriskurik. Halzenek eta bere ideiak laster lortu zuten beste ikertzaile batzuen babesa, eta, urte gutxitan, atariko probak egin zituzten Antartikako izotzean.

IceCube Neutrino Behatokia sortu zuten

Neutrinoak etengabe iristen dira Lurrera, baina gehienek energia-maila txikiagoa izaten dute, eta inguruko izarretatik etortzen dira; energia-maila handiko neutrinoak, ordea, oso arraroak dira. Azken horiek behatu ahal izateko, izotz-bolumen izugarria behar da, eta, horregatik hartzen du IceCube Neutrino Behatokiak kilometro kubiko bat izotz.

2011n jarri zen martxan, eta handik denbora gutxira detektatu zen energia-maila handiko lehen neutrinoen arteko talka. Urte batzuk geroago, neutrino horiek eguzki-sistematik urrun sortzen direla frogatu zuten. Emaitza itxaropentsu horiek ikusita, espero da behatokiak energia-maila handiko neutrinoen jatorria argitzen lagunduko duela eta, are gehiago, gaur egun ezezagunak diren fenomeno kosmikoak ezagutzeko baliagarria izango dela.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Fisika

Aldizkaria

Kolaboratu

Zure lana argitaratzea nahi duzu?

Gai zientifiko bati buruzko artikulu bat baduzu, bidali eta sarean zein aldizkari inprimatuan argitaratu dezakegu.

Bidali