Saturnoren ipar poloko uhin hexagonala duela 45 urtetik ezagutzen da, eta oraindik ere haren sorrera eta dinamika aztertzen ari dira. Hango haizeen banaketa eta dinamika atmosferikoa simetrikoak dira, eta, horregatik, hego poloan ere antzeko egitura bat topatzea espero zen.
EHUko Zientzia Planetarioen taldeak gidatutako ikerketa berri batek identifikatu du formazioa, baina, hexagonala izan beharrean, dekagonala da. Egitura lehen aldiz karakterizatu dute, eta bere dinamika neurtu dute.
«Dekagonoa 10 km/h inguruko abiaduran mugitzen da, osotasun bat balitz bezala»
Azterketa egiteko, Hubble teleskopioak eta astronomo amateurren sare zabal batek hartutako irudiak erabili dituzte, eta kalkulatu dute 2023 eta 2025 urteen artean sortu zela egitura. Dekagonoa 10 km/h inguruko abiaduran mugitzen da, osotasun bat balitz bezala. Ikertzaileek uste dute aldi baterako formazio aldakor bat izan daitekeela, eta ez egitura egonkor bat.
Ipar poloko hexagonoa, berriz, egonkor mantendu da topatu zenetik gaur egunera arte. 30.000 km inguru neurtzen ditu, eta kolorez aldatzen da urtaroen arabera.
Argitzeko dago oraindik bai hexagonoak eta bai dekagonoak zer sakonera duten; azaleko formazio meteorologikoak izan daitezke, edo sakonki errotutako egiturak. Ikerketarako erabili diren ereduak lehen hurbilketa bat dira, eta beste hainbat ikerketaren oinarri izango dira. Edonola ere, Saturno planetaren bi poloetako ustezko asimetriaren misterioa argitzetik gertuago dago.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



