Tenperatura globalaren igoera 1,5 ºC-ra iritsi da ia, eta zientzialariak buru-belarri ari dira 2.100 urterako eszenatoki klimatiko posibleak ahalik eta zehatzen aurreikusten. Klima-ereduak ebaluatzeko nazioarteko ekimenak etorkizunerako proiekzioak berraztertu ditu. 2023an hasi ziren aurrekoak (CMIP6) berriskusten, eta klima-aldaketari aurre egiteko orain arte hartutako neurrien eragina irudikatu dute proiekzio berrietan (CMIP7). Albiste gazi-gozoak utzi ditu ikerketak:
Albiste gozoak: zientzialarien ustez, nazioartean energia berriztagarriak zabaldu izanak eta, ondorioz, jada erregai fosilak baino merkeagoak izateak, itzulezina egiten du berriztagarriek hartutako norabidea. Horrek utzi ditu lehen emaitzak: jada ez da errealista ikusten orain arte irudikatzen zen proiekzio klimatiko muturrekoena gertatzea, 5,7 ºC-ra iristea. Gizarteak trantsizio energetikoan eragiteko duen gaitasunaren adierazle dira.
Albiste gaziak: politika klimatikoen eraldaketa-erritmo motelak ikusita, zientzialariek ezinezkoa ikusten dute 1,9 ºC-ko igoeraren proiekziorik onenean geratzea ere. Gogorarazi dute oraindik asko falta den larrialditik ateratzeko eta ezinbestekoa dela neurri zorrotzagoak hartzea.
Ikerketak beste hausnarketa batzuk ere ekarri ditu mahai gainera. Orain arte, klima-eszenatoki gehienak mende amaierara arte proiektatu dira, baina ikertzaileen ustez beharrezkoa da XXI. mendetik haragoko bilakaera ere aztertzea. Horrek bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, atmosferako CO₂-kontzentrazioa maila jakin batean egonkortuz gero Lurraren sistemek zer dinamika hartuko luketen ulertzea, eta inflexio-puntuak gaindituta aldaketa itzulezina izateko arriskua dagoen ebaluatzea. Bestetik, epe luzeko isuri negatiboak hamarkada batean edo bestean lortzeak klima-aldaketa itzulgarria izateko gaitasunean eraginik izango lukeen ikertzea. Beraz, zientzia klimatikoak erronka garrantzitsuak ditu oraindik ere aurrean.
Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute
Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.



