Europako suteek erretako azalera hirukoiztu egin daiteke etorkizunean

Emisioak murriztea eta kudeaketa indartzea guztiz funtsezkoa da etorkizuneko suteak ez daitezen izan ohikoagoak eta indartsuagoak.

2026ko abuztuaren 12ra arte 550.000 hektarea erre dira Europar Batasunean. ARG.: EmmaRenly/Unsplash


Klima-aldaketaren eraginez, ingurumen-baldintza geroz eta lehorragoak, beroagoak eta haizetsuagoak espero dira etorkizunean, eta, horren ondorioz, nabarmen handitu daiteke suteek erretako eremuen azalera Europan.

Aurtengo sute-denboraldiak gogor jo du Europan. Baso-suteei buruzko Europako Informazio Sistemaren arabera (EFFIS, ingeleseko sigletan), 2026ko abuztuaren 12ra arte 550.000 hektarea erre dira Europar Batasunean. Kopuru hori garaiko batezbestekoa baino 2,5 aldiz handiagoa da.

«Emaitzek argi uzten dute giza jatorriko berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteak berebiziko garrantzia duela suteen prebentzioan»

Ikerketa batean suteek erretako azaleraren etorkizuneko estimazioak egin dituzte, giza jatorriko berotegi-efektuko gasen hainbat emisio-maila kontuan hartuta. Emisio baxuko agertoki batean eta 1,8 °C-ko tenperatura-igoerarekin, urtean % 39 handituko litzateke erretako azalera Europan mende amaierarako. Emisio altuek eraginda tenperatura 3,6 °C igoko balitz, berriz, suteetan erretako azalera % 192 handituko litzateke. Bi egoera horietan, suteak ohikoagoak eta arriskutsuagoak bilakatuko lirateke Mediterraneo inguruan, bai eta Europaren mendebaldean eta erdialdean ere. Orain arte sute gutxi izan dituzten eremuak ere ez lirateke arriskutik salbu egongo.

Emaitzek argi uzten dute giza jatorriko berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteak berebiziko garrantzia duela suteen prebentzioan. Baina, horretaz gain, ikerketak bigarren ikuspegi bat ere txertatu du, zeinak aztertzen baititu nolako eragina duten gizakion ekintzek suteen prebentzioan eta itzaltzeko gaitasunean. Estimazioen arabera, suteen kudeaketa hobetzeak erretako azalera % 92 murriztuko luke 1,8 °C-ko tenperatura-igoerarekin, eta 3,6 °C-ko igoerarekin, berriz, % 72.

Egileen esanetan, Frantzian berriki izan diren suteek erakusten dute ezin dela estrapolaziorik egin iraganeko esperientzietatik abiatuta, eta argi utzi nahi izan dute emisioak murriztea eta kudeaketa indartzea guztiz funtsezkoa dela etorkizuneko suteak ez daitezen izan ohikoagoak eta indartsuagoak.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Klima