Aberatsek sortzen duten ingurumen-kaltearen kostu ekonomikoa kalkulatu dute: 1,7-5,7 bilioi dolar estatubatuar urtero

Arg.: Pixabay


Jakina da CO₂ gehien isurtzen duten herrialdeetako biztanlerik aberatsenen %10ak direla klima-aldaketak eragindako kalteen erdiaren erantzule zuzenak. Orain, ordea, gizadiari sortzen dioten ingurumen-kalte horren kostu ekonomikoa kalkulatu dute: haietako bakoitzak, urtero, 2.300-7.500 dolar estatubatuar. Guztien artean, 1,7-5,7 bilioi dolar. Urtean 45.000 eurotik gorako sarrerak dituzten herritarrak sartzen dira talde horretan, batazbeste.

Zientzialariek kalkulatu dutenez, guztizko diru-kopuru horrekin soberan finantzatu ahal izango lirateke 2030erako ezarrita dauden baina gaur-gaurkoz betetzetik urruti dauden mundu mailako ingurumen-helburu nagusiak: biodibertsitatea kontserbatzekoa eta klima-aldaketa arintzearena.

Agerian geratu da, berriz ere, hainbat muga planetario pasa izanaren ardura batez ere herrialde aberatsenek dutela. Eta, ondorioz, jasangarritasunari eta klima-aldaketaren mitigazioari lotutako helburuak berak ere egiturazko desberdintasun sozial eta ekonomikoen gainean eraiki direla. Azken batean, aberatsek eragiten duten arazoa herritar guztien erantzukizun bihurtzen da.

«Premiazko eztabaida bat jarri behar da mahai-gainean: mugarik jarri ezean, aberatsenek neurriz kanpoko kontsumoa egiten dute»

Zientzialariek gaineratu dute barne-produktu gordin txikiena duten herrialdeak direla, askotan, ondasun natural handiena dutenak, eta beraz, ekosistema horiek kontserbatzeko eta babesteko ahalegin ekonomiko are handiagoak egin behar izaten dituztela.

Premiazko eztabaida bat jarri behar da mahai-gainean: mugarik jarri ezean, aberatsenek neurriz kanpoko kontsumoa egiten dute. Eta joerak erakusten du gero eta kontsumo-ohitura neurrigabeagoak dituztela. Kezka gehigarri bat adierazi dute ikertzaileek: aberats horiek denon bizi-ohituretan eragiten dute, aberats ez direnek haien bizimodua hartzen dutelako eredu eta helburu.

Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute

Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Berdintasuna