Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren bezperan ia, Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi du litekeena dela, hilabete honetan bertan, El Niño fenomeno atmosferikoa garatzea eta mundu osoko atmosferaren zirkulazioan eragitea.
Meteorologia-erakundeak argitaratu duen txostenak dio maiatzetik gero eta tenperatura beroagoak somatzen ari direla Ozeano Barean, tropiko aldean, eta horrek eragin dezakeela El Niñoren berehalako agerpena. Ekainetik azarora bitartean azaltzeko probabilitate handia dagoela ondorioztatu dute, % 90 ingurukoa. Batez ere, ekaina eta abuztua bitartean nabarituko dela aurreikusi dute.
El Niñok berekin ekartzen dituen muturreko fenomeno meteorologikoak somatuko dira maila globalean: toki batzuetan, ezohiko euri-jasak eta urakanak; beste batzuetan, lehorteak eta bero-bolada handiak. Azkenekoz El Niño zabaldu zenean, tenperatura globalen errekorra bete zuen planetak.
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) berotze globalaren testuinguruan kokatu du fenomenoa, hain zuzen ere Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko den astean. Akzio klimatikorako dei zuzena egin du aurtengo ingurumenaren egunak, eta NBEk berak adierazi du, Antonio Gutierres idazkari orokorraren bidez, "gure gizarteak erregai fosilekiko duen adikzioa deuseztatu behar dugula", CO2-isurien igorle nagusiak direlako.
Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute
Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.



