Txernobyl eta nuklearrak, 40 urteren ondoren

2026ko apirilaren 26an, 40 urte bete ziren Txernobylgo zentralean inoizko istripu nuklear larriena gertatu zenetik. Erradioaktibitatetik babesteko, esklusio-eremu bat sortu zuten inguruan. Denborarekin, eremu hura naturaren biziberritzearen ikur bihurtu da. Bitartean, energia nuklearrari buruzko ikuspegia ere aldatzen joan da Europan.

Duela 40 urte eta erdi, akats batzuen ondorioz, Txernobylgo zentral nuklearreko laugarren erreaktorearen nukleoa gehiegi berotu zen, eta lehertu egin zen. Leherketak material erradioaktibo ugari askatu zuen, eta hodei toxikoa 162.000 km2 hedatu zen.

Istripuaren ondotik, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren gobernuak 130.000 pertsona atera zituen beren etxeetatik, zentralaren inguruan 30 km-ko erradioko esklusio-eremua ezarri zuen, eta garbiketa-lanak agindu zituen. Oraindik ere, lur haiek esklusio-eremuan daude, baina, Ukrainiako gerra hasi aurretik, Txernobylgo hirian, zentraletik 14 kilometrora, 2.000 pertsona bizi ziren, nahiko bizimodu arrunta eginez. Izan ere, leku askotan, erradiazioaren % 90-95 desagertu da.

Hala baieztatu du German Orizaola Pereda Oviedoko Unibertsitateko zoologoak. Duela 10 urte joan zen lehen aldiz ikertzera eremu hartara, eta, geroztik, behin baino gehiagotan izan da, bilakaera ikusteko. Gerra hasi zenetik, ordea, ikerketak etenda daude, eta saminez jarraitzen ditu hango berriak.

Orizaolak ondo gogoan du Txernobylen ingurura ikertzera joateko aukera sortu zitzaionekoa: “Zoriz izan zen; Uppsalako Unibertsitatean lanean ari nintzela, kongresu batean topatu nuen ikertzaile bati esker. Bere ikertaldeak erradiazioa ikertzen zuen, eta nik, berriz, anfibioak. Europako proiektu batean sartu nintzen, eta gero nire proiektuekin jarraitu nuen”.

Aitortu du ez ziola beldurrik eman: “Leku bakana da, oso-oso interesgarria ikuspegi zientifikotik, eta gainera, banekien ez zegoela arriskurik. Ezin zara han bizitzen geratu, baina, lanean igarotzen duzun denboran eta zentzuzko neurri batzuk hartuta, badakizu ez zaizula ezer gertatuko. Dokumental eta turismo-agentzia batzuek arriskutsua balitz bezala saltzen dute, eta zeinen ausartak diren erakutsi nahi duten matxoek hori bilatzen dute, gainera. Baina, berez, horretarako baino interes handiagoa du natura-turismorako, balio natural izugarria duelako”.

«Ikusi orduko jabetzen zara zenbaterainoko ahalmena duen naturak bere onera etortzeko»

Nolanahi ere, alderdi zientifikoak erakarrita joan zen hara Orizaola: “Ikusi orduko jabetzen zara zenbaterainoko ahalmena duen naturak bere onera etortzeko”. Hain zuzen, eremu hark lezio asko ematen dituela uste du, eta bi nabarmentzen ditu: “Bata teknikoa da: zer bilakaera duten konposatu erradioaktiboek eta nola kudeatu behar den istripu nuklear bat. Eta bestea da niri interesatzen zaidana: zer gertatzen den bere kasa uzten baduzu 4.500 km2-ko eremu bat”.

Azalera hori Bizkaiak eta Gipuzkoak elkarrekin dutena baino handiagoa da. Ikertzailearen esanean, Bizkaia jenderik gabe utziz gero, deboraren poderioz, basoak sortuko lirateke denean, eta aberastasun natural izugarria sortuko litzateke. “Hori da Txernobylen leziorik handiena. Natura kontserbatu nahi dugula diogu, eta, era berean, mendi-­lasterketak antolatzen ditugu, turismoa sustatzen dugu… Horrela, jarduera batzuetarako leku erakargarri bat izango dugu. Baina hori ez da natura kontserbatzea. Ondo egin nahi badugu, beste era batera egin beharko dugu”.

German Orizaola Pereda

German Orizaola Pereda erradioaktibitate-maila neurtzen. ARG.: German Orizaola Pereda.


Ikertzaileari deigarria zaio, adibidez, nola hazten diren basoak: “Basoen ertzetan, ikusten dituzu zuhaitz gazteak, metro gutxi batzuetakoak, inguruko lurrak hartzen. Hemen, berriz, basoak zedarrituta daude, azpiegiturak edo bestelako mugak jartzen dizkiegu”. Aitortu du hegazti batzuk gutxitu direla, adibidez, soroetan bizi ziren enarak, baina horiek erraz migratzen dute beste leku batzuetara. Oro har, dibertsitatea handitu egin da.

Anfibioak, adierazle onak

Anfibioak, Orizaolaren espezialitatea, animalia aproposak dira ekosistemen leheneratzea aztertzeko, ingurumen-kalitatearen adierazle onak baitira. “Batetik, lurrean eta uretan bizi dira. Hibernatzeko lurrazpian sartzen dira, eta putzuen hondoan ere ibiltzen dira. Hortaz, leku horietan erradiazioa balego, eragingo lieke. Bestetik, ez dira askorik mugitzen. Horrek erradiazio-maila desberdinak dituzten lekuetako anfibioak konparatzeko aukera ematen digu”. Kontrolerako, berriz, Ukrainiako beste lekuetako anfibioak erabiltzen dituzte.

Orizaolak gogora ekarri du hara iritsi eta berehala ikusi zuela egoerak ez zeukala zerikusirik espero zuenarekin: “Uste izatekoa zen kutsaduraren kalteak agerikoak izango zirela. Baina erreaktorearen ondoko putzura iritsi, eta anfibioz gainezka zegoela ikusi nuen! Eta batera eta bestera zebiltzan basurdeak eta altzeak…” Lehen begiratuan, ez zirudien kalte handirik zutenik.

Gerora egin dituzten ikerketetan baieztatu dute esklusio-eremukoak handik kanpo daudenak bezalakoak direla denean: maila fisiologikoan, immunitarioan, zelularrean… Diferentzia bakarra aurkitu dute, oso ikusgarria: erradiazioa pairatzen duten igelek kolore ilunagoa dute.

Hain zuzen, 2017-2019 artean, 189 ekialdeko zuhaitz-igel (Hyla orientalis) aztertu zituzten, erradiazio-­maila desberdineko 12 puntutan. Azalaren kolorea ez ezik, igel bakoitzak jasotako erradiazio-­dosia eta oxidazio-estresa ere neurtu zituzten.

Esklusio-eremutik kanpoko ia igel guztiek espezie horretan ohikoa den kolorea zuten; hau da, berde distiratsua. Barrukoak, berriz, nabarmen ilunagoak ziren, batzuk beltzak izateraino. Igelik ilunenak, gainera, istripuaren garaian erradiazio gehien jaso zuten eremuetakoak ziren. Aldiz, ez zuten loturarik topatu une hartan jasotzen zuten erradiazio-mailaren eta kolorearen artean.

Bi igel espezie berekoak_G Orizaola

Bi igelak espezie berekoak dira, eta Txernobylen inguruan bizi dira: ezkerrekoa, esklusio-eremukoaren barruan, eta eskuinekoa, kanpoan. Istripua gertatu zenean, melanina gehiago zuten igelek arrakasta handiagoa izan zuten, melaninak erradiazioaren kalteez ARG.: German Orizaola Pereda.


Horrela azaldu du Orizaolak: “Badakigu melaninak Eguzkiaren erradiazio ultramoretik babesten gaituela, baina, onddoekin eta beste organismo batzuekin laborategian egindako ikerketetan, frogatu dute beste erradiazio-mota batzuetatik ere babesten duela. Bada, hori ikusi dugu Txernobylgo igeletan ere. Istripua gertatu zenean, melanina gehiago zuten igelek arrakasta handiagoa izan zuten, eta beren geneak transmititu zizkieten hurrengo belaunaldiei. Eboluzioaren adibide ederra da, eta oso eboluzio azkarrarena, gainera”.

Anfibioez gain, bakterioak ere ikertu dituzte. Askoz ere azkarrago eboluzionatzen dute, eta haietan bai ikusi dituzte alde nabarmenak erradiazio handieneko lekuetatik kanpokoetara. Lehenengoek osatzen dituzten komunitateak uranio-meategietakoen eta naturalki erradiazio altua duten tokietakoen antzekoak dira.

Ugaztun handiak ere ugaritzen

Basurdeak eta altzeak ere aipatu ditu Orizaolak, eta 2015ean, justu bera lehen aldiz Txernobylera joan aurretik, Portsmouth Unibertsitateko ikerketa bat argitaratu zen, zeinak baieztatu baitzuen ugaztun handiak ugaritzen ari zirela erradioaktibitateak kutsatutako eremuan. Are gehiago: espezieetako batzuk hondamendiaren aurretik baino ugariagoak ziren 30 urte geroago.

Zehazki, Bielorrusiako kutsatutako eremuan bizi ziren ugaztun handiak aztertu zituzten. Animalia-­kopurua kalkulatzeko, bi metodo erabili zituzten: batetik, 1987tik 1996ra, neguan helikopteroz zuzenean egindako zenbaketak; eta, bestetik, 2008tik 2010era, animaliek elurretan utzitako aztarnei jarraituz egindako neurketak. Gero, Bielorrusiako kutsatu gabeko beste eremu batzuetan antzeko metodoekin lortutako emaitzekin alderatu zituzten kopuruak.

«Igelen kolore-aldaketa eboluzioaren adibide ederra da, eta oso eboluzio azkarrarena, gainera»

Horrela egiaztatu zuten kutsatutako eremuan altzeen, orein arrunten eta basurdeen populazioak nabarmen handitu zirela 1987tik. Oreinen kopurua, adibidez, 1996koa halako hamar zen, eta otsoen dentsitatea, berriz, 1996koa halako zazpi.

Horrez gain, Orizaolak anfibioetan frogatu duen bezala, ikusi zuten animalien dentsitatea ez zegoela erlazionatuta lurzoruaren erradioaktibitate-­mailarekin. Hala, Portsmouth Unibertsitateko ikertzaileek ondorioztatu zuten giza jarduerak

(nekazaritzak, ehizak, basozaintzak...) kalte handiagoa egiten ziela ugaztun handiei, erradioaktibitate kronikoak baino.

Gerrak baldintzatuta

Orizaolak beste ugaztun handi batzuk ikertzeko asmoa zuen orain: Przewalski zaldia. Azaldu duenez, COVID-19aren pandemiaren aurretik dena prest zuten, eta baimenak eskatzekoak ziren justu gerra hasi zenean.

“Guretzat proiektu oso berezia zen, ez bakarrik espezie enblematikoa delako —sekula etxekotu gabeko zaldi-espezie bakartzat daukate askok—, baizik eta adibiderik onena delako aztertzeko zer bilakaera izan duen istripuaren aurretik ez zegoen espezie batek. Izan ere, ez istripua gertatu zenean, ez aurretik ere, inguru haietan ez zegoen zaldi hori. Gainera, badakigu zenbat banako sartu zituzten: 31. Hasieran dezente hil ziren, orduan ez baitzeuzkaten orain ditugun protokoloak, baina, edozein modutara, orain 200 inguru daude”.

«Europako Batzordeak energia nuklearrari bultzada ematea erabaki du»

1990eko hamarkadaren amaieran sartu zituzten, eta eremu guztian hedatzen joan dira, gero eta iparralderago eta gero eta ekialderago. “Ornodun handiak dira, gu bezala; hortaz, adierazle onak dira ikusteko zer gertatzen zaien kanpotik sartutako ornodun handiei. Gainera, eremuan bertan elikatzen dira”.

Beraz, haien osasun-egoera aztertzeko asmoa zuten. “Baina, halako batean, inbasioa hasi zen. Izugarria da ezagutzen dituzun lekuetatik tankeak igarotzen ikustea telebistaz. Eta are lazgarriagoa gure lankide izan direnen bizipenen berri izatea”, onartu du.

Horrez gain, zentralari eraso egingo ote dioten edo estalkiak kalteak jasango dituen kezka ere badago. Bestela ere ondorioak egongo direla ohartarazi du Orizaolak: “Lehen, ez genuen oztopo berezirik mugaz bestaldera zeuden ikerketa-lekuetara joateko. Orain, inguru horiek minatuta daude, eta militarrez josita. Animalia handiei minek eragingo diete, baina, batez ere, gizakien presentziaren ondorioak jasango dituzte. Lehen gizakirik gabeko eremu zabal bat zena, bi eremutan banatzen ari dira, eta ez da itzuliko aurreko egoerara”.

Hain zuzen, Science aldizkariak berriki argitaratutako artikulu batean, gerraren inpaktu ekologikoaren berri eman dute. Kameren bitartez behatu dute erasoak jasan dituen eremua, eta baieztatu dute animaliek beren portaera-ereduak aldatu dituztela. Hala ere, Orizaolak badu hara ikertzera bueltatzeko itxaropena.

Energia nuklearrari buruzko iritzia eskatuta, berriz, adierazi du askoz ere gehiago kezkatzen dutela erregai fosilek, energia nuklearrak baino. Uste du orain lehentasuna erregai fosilak erabiltzeari uztea dela, karbono-isuriak murrizteko; eta, horretarako, berriztagarriekin batera, nuklearra lagungarria izan daitekeela.

Zentral nuklear berriak Europan

Neurri batean, ikuspegi hori bat dator Europako Batzordearenarekin. Txernobylgo, eta, batez ere, Fukushimako zentralaren hondamendien ondotik, indarra galdu zuen energia nuklearraren aldeko jarrerak Europan. Orain, ordea, Europako Batzordeak energia nuklearrari bultzada ematea erabaki du, petrolioarekiko mendekotasunak dituen ondorioei erantzuteko.

Txernobylgo zentraleko 4 erreaktorea

Txernobylgo zentraleko laugarren erreaktorea, estalki babesle berriarekin. ARG.: Omar David Sandoval Sida/CC BY SA 4.0/Wikimedia Commons.


Jada 2022an pauso esanguratsua eman zuen energia nuklearra energia-iturri berdeen zerrendan sartzean. Frantziak, Suediak, Eslovakiak, Hungariak, Bulgariak eta Poloniak txalotu egin zuten. Aitzitik, Italiak, Alemaniak, Espainiak, Belgikak eta Austriak bestelako iturri batzuk onetsi zituzten, hala nola eguzki-energia eta eolikoa.

Izatez, azken urteotan Europan instalatu den energia elektriko gehiena bi mota horietakoa izan da; bereziki, eguzki-energia. Hala ere, elektrifikazioa oraindik ez da nahikoa garatu petrolioaren beharra nabarmen murrizteko. Horrenbestez, 2026ko martxoan, Europar Batzordeak iragarri zuen 330 miloi euro bideratuko zituela energia nuklearra garatzeko. Zati bat fusio nuklearraren ikerketarako izango da, baina, gainerakoa, zentral nuklearrak sustatzeko izango da.

Gaur egun, Frantzia da, alde handiarekin, energia nuklearraren ekoizlerik handiena Europan: herrialde horretan ekoizten den elektrizitatearen % 65-70 erreaktore nuklearretan sortzen da. 2022an, hurrengo hamarkadan gutxienez 6 erreaktore eraikitzeko asmoa iragarri zuen Emmanuel Macronek. Datorren urtean, 2027an, hasi beharko lukete lanek.

Hala ere, dena ez dute aldeko. Paradoxikoki, klima-­aldaketak berak zailtasunak ekarri dizkie zentralei: ur asko behar dute sistemak hozteko, eta, azken udatan, bat egiten ari dira beroaldiak eta lehorteak. Horrelakoetan, zenbait zentralek erreaktoreak gelditu egin behar izan dituzte.

Horrez gain, aurreikusten zailagoak diren bestelako fenomenoak ere gertatu dira: 2025eko udan, izugarri ugaritu ziren marmokak Ipar itsasoan, Gravelines zentral nuklearrak erreaktoreak hozteko ura hartzen duen inguruan. Bada, marmokek hodiak buxatu zituzten, eta zentrala gelditu behar izan zuten. Basabizitzak ematen dituen ezustekoen beste adibide bat.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

ARG.: German Orizaola Pereda.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Fisika