Elkarrizketa

Nora Fernandez Jimenez

«Epigenetikari esker, gaixotasunen arriskua aurreikusi ahal izango dugu»

Nora Fernandez Jimenez doktorea EHUko Immunogenetikaren Ikerketarako Laborategiaren (IRLab) parte da, eta epigenetikaren arloan ikertzen du. Duela gutxi, giza plazentan markatzaile epigenetikoak bilatzea ardatz duen ikerketa proiektu aitzindari bat jarri du martxan.

DNA gure instrukzio-liburua dela esaten da, baina zer esaten digu liburu horrek pertsona bati buruz bere itxura fisikoaz harago?

Liburu bat baino areago, liburutegi oso bat da, liburutegi erraldoi bat, eta behar ditugun instrukzio guztiak ditugu bertan.

Lau hizki erabiltzen dira —hizki edo molekula, hobeto esanda— segida luze batzuk idazteko. Harrigarria da zenbat informazio gorde daitekeen kate luze horietan, ezta?

Kate horiek pentsa dezakegun baino luzeagoak dira. Pentsa gure gorputza zelulaz eginda dagoela, eta zelulak oso txikiak direla. Bada, zelula bakoitzaren barruan, bi metro DNA inguru dugu, ederki biribilkatuta.

Hala ere, kate luze horietan nahikoa da akats bat ondorio larriak izateko, ezta?

Akatsak egon badaude, bai, eta asko gainera, baina gehienak ez dira horren larriak. Batzuetan, ordea, akats bakar batekin gaixotu egin gaitezke, eta larriki, gainera.

Nola sortzen dira akats horiek?

Akats horiek, batzuetan, gurasoengandik heredatzen ditugu. Beste batzuetan, berriz, bizitzan zehar sortu daitezke; batzuetan, ingurumenak berak eraginda. Horietako asko eta asko berehala zuzentzen dira. Baina, batzuetan, mutazio horietako batzuek nolabaiteko abantaila ematen diote zelulari, eta gehiago ugaltzen da. Hori gertatzen denean, batzuetan, minbizia agertzen da.

Gaur egun, akats horiek edo zenbait akats zuzendu daitezke?

Momentu honetan, gure DNA idazteko edo zuzentzeko daukagun teknikarik berriena CRISPR da. Teknika hori artazi molekular batzuk erabiltzea bezala da; DNA barruan sar gaitezke, mozketa bat egin, eta guk nahi dugun aldaketa egin. Alabaina, batzuetan akatsak izan ditzake eta, horregatik, oraindik ez da gaixotasun askotan erabiltzen, kasu oso konkretu batzuetan bakarrik. Baina medikuntzan iraultzailea izan da.

Etorkizunean gaixotasun genetikoak historia izango dira?

Ez dakit zenbateraino. Badaude gaixotasun batzuk, adibidez, begiari erasotzen diotenak. Begia oso organo itxia da, eta bertan aldaketak egin ditzakegu gorputzari osotasunean eragin gabe. Orduan, akatsak ere toleratu egin daitezke, bertan bakarrik gertatuko direlako. Baina beste batzuetan, sistemikoagoak diren gaixotasunetan, zailagoa da.

Esan dugu gure jarraibideak liburutegi moduko batean daudela, baina ez ditugula denak irakurtzen. Hori da epigenetikaren oinarria?

Bai, hori da. Analogiarekin jarraituz, gure DNA guztia liburutegi erraldoi bat baldin bada, epigenetika izango litzateke liburuetan jartzen ditugun post-it-ak, orri-markatzaileak eta halakoak.

Epigenetikak zelula bakoitzari adierazten dio instrukzio-liburu horren zein zati irakurri behar duen bere funtzioa ondo bete ahal izateko; ile edo erretinako zelula bihurtzeko zein atal irakurri behar duen, esaterako. Eta gorputzari ere adierazten dio nola hazi, adibidez, haurdunaldian zehar, eta baita geroago ere, gure garapenean zehar.

Zerk agintzen du zer irakurri eta zer ez?

Hainbat marka epigenetiko mota daude. Guk adibidez, DNAren metilazioa ikertzen dugu laborategian; hori da, agian, marka epigenetikorik ezagunena. Baina beste hainbeste daude; esaterako, histonak. Proteina horietan kiribilkatzen da DNA, eta histona-mota ere bada marka epigenetikoa.

Garrantzitsua da marka horiek ondo ezagutzea eta jakitea nola funtzionatzen duten, ezta? Zer esan diezagukete?

Guk patroiak bilatzen ditugu marka horietan, eta saiatzen gara patroi horiek erlazionatzen, adibidez, gaixotasunekin. Uste dugu marka horiek erabil daitezkeela gaixotasun batzuk pairatzeko arriskua aurresateko eta prebenitzeko.

Hala ere, azpimarratzen dugunean, ez dugu liburua edo liburutegia aldatzen, ezta?

Ez, ez dugu batere aldatzen, hizkiek berdinak izaten jarraitzen dute. Aldatzen duguna da zer irakurri eta nola irakurri, hau da, adierazpena.

Zer gaixotasun ari zarete ikertzen momentu honetan?

Hainbat gaixotasunen atzetik gabiltza. Orain, plazenta ikertzen ari gara. Oso organo interesgarria da, ama eta umekia lotzen dituelako haurdunaldian zehar. Plazentan umearen marka genetikoak egon daitezke, eta baita ingurugiro-markak ere. Aztertzen ari gara epigenetikak zelako erlazioa izan dezakeen gerora gaixotasun metabolikoak pairatzearen arriskuarekin, gizentasunarekin eta gaixotasun neurologiko eta neuropsikiatrikoekin, besteak beste.

Transmititzen al dizkiegu marka epigenetiko horiek ondorengoei?

Egia esateko, oraindik transmisio epigenetiko horren proba gutxi egin dira gizakian, baina jakina da zerbait egon daitekeela. Espermatozoideetan oso molekula txikiak aurkitu dira, maila epigenetikoan nolabaiteko herentzia azaldu dezaketenak. Baina orain arte dakigunagatik, gure gametoetan, hau da, espermatozoide eta obuluetan, epigenetikaren nolabaiteko birprogramazioa egiten dugu. Bigarren aukera bat bezala da, gure ondorengoentzako zamarik gabeko etorkizun bat. Gehienetan, marka gehien-gehienak ezabatu egiten dira gizakietan, baina landareetan, aldiz, ez.

Baina gutako bakoitzak dituen marka epigenetikoak betierekoak dira ala aldatu daitezke?

Marka epigenetikoak oso interesgarriak dira, justu horrengatik. Aldatu egiten dira. Malguak dira. Pentsatu behar dugu gure zelulak desberdindu egiten direla, eta, beraz, zelulak zatituz doazen heinean, marka horiek aldatuz joan behar dutela. Bestela, ezingo genituzke zelula-mota beretik zelula-mota ezberdinak garatu. Garapenean zehar aldatzen dira, eta, seguruenik, behin pertsona heldu garela ere aldatzen jarraituko dute; askotan, ingurumen-faktoreek eraginda.

Inguruneko faktoreek eragina dute, beraz?

Bai, noski. Erretzeak, dietak, kirolak, kutsadurak... Hori guztia ere ikertzen ari gara. Ingurumen-faktoreek aldaketak sor ditzakete, bai markatzaile epigenetikoetan eta baita liburuaren testuan ere. Azken horiek dira, esaterako, minbizia sortzen duten mutazioak.

Hortaz, markatzaileak aldagarriak badira, esan nahi du jarri eta kendu ditzakegula?

Bai, itzulgarriak dira. Hala frogatu dugu, adibidez, eritasun zeliakoaren kasuan. Ikusi dugu nola glutenik gabeko dieta hartzen duten pazienteen metilazio-mailak normaltasunera bueltatu daitezkeen kasu batzuetan.

Esan daiteke, baita ere, gure kode epigenetikoa, markatzaileei loturikoa, birprogramatu daitekeela, beraz?

Bai, birprogramatu daiteke, baina, oraingoz, ez dago CRISPR bezain efektiboa den teknikarik maila epigenetikoan.

Hurrengo helburu zientifikoa, beraz, etorkizunera begira, edizio epigenetiko moduko bat garatzea izango litzateke?

Uste dut hori oso interesgarria izango litzatekeela medikuntzan, baina, aldi berean, nahiko zaila. Batetik, espezifikotasun handia beharko genukeelako, pazienteengan ahalik eta albo-ondorio gutxien sortzeko. Bestetik, gaixotasunak sustatzen dituzten patroi epigenetikoak sarritan oso konplexuak direlako.

Gaixotasunak aurreikus daitezke?

Gaixotasunak baino gehiago, arriskua aurreikusi ahal izango dugu. Baheketa-programetan indibiduoak sartzeko oso erabilgarria izan daiteke, errekurtsoak erabili ahal izango ditugulako benetan arriskuan dauden pertsonei hobeto jarraitzeko. Baina informazio hori pazientearen onurarako bakarrik erabiliko den konfiantza osoa izan behar du gizarteak, eta, horretarako, sistema publiko oso indartsua izan behar da.

Bitartean, zaindu dezagun gure epigenetika, gure patua ez dagoelako idatzita. Ala bai?

Ez dago idatzita. Batzuetan bai, baina gutxitan. Badaude lehen aipatutako mutazio heredagarriak. Baina, gainontzeko kasuetan, patroi genetiko eta epigenetikoak oso konplexuak dira, eta oso-oso zaila da aurresatea pertsona batek gaixotasun bat pairatuko duen ala ez. Beraz, egin dezakegun onena pertsona bakoitza behar den moduan zaintzea da.

Beñar Kortabarria Olabarria

Elhuyar Zientzia Beñar Kortabarriak kazetaritzan lizentziatua da eta Elhuyar Zientziako erredaktorea.

Nora Fernández Jiménez, Immunogenetikaren ikerketa-laborategia, EHU. ARG.: Elhuyar

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biologia