Txakala hedatzen ari da Europan, otsoaren gainbeheraren bizkar

Txakal bat.


Txakala hedatzen ari da Europan, eta ikerketa berri baten arabera, otsoaren gainbehera da horren ondorio nagusia. Joera horrek aurrera egingo duela ere iragarri dute, eta kalkulatu dute txakalak kontinentearen % 75era hedatzera irits litezkeela, gaur egungo eremua baino sei aldiz gehiago.

Otsoak, txakalen lehiakide zuzenak, garai batean oso hedatuta zeuden kontinente osoan; baina gizakiak eragindako jazarpenaren eta giza populazioak handitzearen eraginez izugarri txikitu da otsoen banaketa-eremua. Ipar Amerikan egindako ikerketek erakutsi dute gizakiak bultzatutako otso-gabezia onuragarria dela koioteentzat. Hain zuzen ere txakalen oso antzekoak dira koioteak, bai tamainari eta bai ekologiari dagokionez. Baina Europan ere dinamika bera gerta ote litekeen ez zegoen argi.

Hain zuzen ere, hori argitu nahian, ikertzaileek 2001etik 2017ra bitartean Europako 13 herrialdetako 8.991 lekutan bildutako txakal-uluen datuak aztertu dituzte. Eta ikusi dute txakalen presentzia lotuta dagoela elur-estaldurak gutxi irautearekin, tarteko baso-estalkiarekin eta urarekiko hurbiltasunarekin. Baina, faktore horien guztien gainetik, otsoaren presentzia da txakalena gehien baldintzatzen duena: otsorik ez dagoen lekuan dago txakalak egoteko probabilitaterik handiena, eta txikiena otso-talde egonkorrak dauden lekuetan.

Txakala

Arg: Martin Steenhaut, martin.steenhaut@gmail.com


Horrez gain, gizakiaren presentziak txakalak otsoetatik babesten dituela ere nabarmendu dute ikerketan. “Giza ezkutu” kontzeptua da hori, non animalia batzuek gizakietatik gertu geratzen diren, haien harrapariek edo lehiakideek eremu horiek saihesten dituzten heinean. Hain zuzen ere, otsorik ez dagoen eskualdeetan gizakitik gertu dauden eremuak saihesteko joera dute txakalek; baina otsoak dauden eskualdeetan, gizakiengandik gertu gertatzeko joera handiagoa dute.

Gaur egun, txakalak Europako hego-ekialdean eta erdialdean daude gehienbat, nahiz eta gutxi batzuk agertu izan diren oso mendebaldean (2023an Araban aurkitu zuten bat, errepidean hilda) eta oso iparraldean ere (Artikoan). Ikertzaileek diotenez, kontinentearen azalera osoaren % 75 egokia izan liteke espezie horrentzat. Eta Europan otsoaren berreskurapenak txakalentzako eremu egokiak murriztu ditzakeen arren, litekeena da "giza ezkutu" efektu horrek, klima-aldaketarekin eta lurraren erabileraren aldaketarekin batera, haien hedapena errazten jarraitzea.

Egoitz Etxebeste Aduriz

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biologia