Trantsizio energetikorako proposamenak

ARG.: KREAN


Egungo erronka ekosozial handienetako bat trantsizio energetikoa da. Nazioarteko eta estatu-­mailako erakundeek (ez denek) helburu jakin batzuk adostu dituzte, 2030erako eta 2050erako. Estrategia orokorrak ere finkatu dituzte. Haiek ezartzean, baina, eztabaida sozialak eta ideologikoak sortu dira, lekuan leku.

Euskal Herrian, zenbait elkarte osatu dira, eztabaida horiei irtenbidea emateko helburuz. Haien artean daude Stop Fosilak eta Arabako Herri Unibertsitatea (AhU).

Lehenak horrela definitzen du bere burua: “Stop Fosilak elkartea klima aldaketak munduan eta Euskal Herrian dituen ondorioen eta herri bezala daukagun erantzukizunaren inguruan eztabaida sustatu eta proposamenak gizarteratzeko taldea da, arreta berezia jarriz erregai fosilen arazoan eta trantsizio energetikoan”.

AhU, berriz, Kultura eta akademia sustatzeko Arabako Elkartea da, akademiako eta gizarteko zenbait esparruren arteko behetik gorako proiektu bat da. Orain arte ekonomia ekologikoaren, geografiaren eta zuzenbidearen ikuspegi poliedrikotik eztabaidatzeari ekin dio AhUk, eta adituen eta arituen arteko elkarlana elikatuz joan da. Gaur egun, energia-­trantsizioaren eta lurraldearen plangintzaren arteko gurutzaketari buruzko hainbat hausnarketa partekatu nahi ditu.

Bi elkarte hauetako kide banari eskatu diegu haien ikuspegiaren berri emateko: Stop Fosilakeko Gorka Laurnaga Peña ekologia politikoan aditua, eta AhUko Unai Pascual García de Azilu ingurumen-­ekonomialaria.

Stop Fosilak eta NEB 50 proposamena

Gorka Laurnaga Peña

Ekologia politikoan aditua, Stop Fosilak taldeko kidea

Euskal Herriak XX. mende fosilistan jarraitzen du. Gure Petro Herriaren mix energetikoak hiru ezaugarri nagusi ditu: (1) Kontsumo handia —1,7 milioi auto eta bost aireportu—. (2) Fosilen mendekotasuna —% 80 gasa eta petrolioa—. Eta (3) kanpo dependentzia —ia % 90ekoa—. Gure abiapuntuko egoera kezkagarri hori dela eta, Bizitzaren alde, stop fosilak. Erregai fosiletatik berriztagarrietara, trantsizio justu eta azkarraren alde izeneko manifestuarekin ekin genion gure taldearen ibilbideari aurtengo urtarrilaren 28an, klima-ekintzaren nazioarteko egunean, diagnositik ekintzara pasatzeko ordua dela aldarrikatzeko.

Gure kezka nagusietako bat denboraren dimentsioa da, jokoan dagoena ez baita soilik trantsizio energetikoa egitea, hura garaiz egitea baizik. Horri dagokionez, azpimarratzekoa da EAEn ez dela parke berriztagarririk instalatu azken hogei urteetan. Eguzki- eta haize-energia da IPCCren arabera gaur-gaurkoz eskura dugun neurri kostu-­eraginkorrena, eta, beraz, deskarbonizazio azkar eta eskalagarri bat eragiteko ahalmen handiena duena.

Trantsizioaren zenbat-nola-non galderei erantzuteko, ariketa bat egiten ahalegindu gara gure web-orrian irakur daitekeen NEB 50 proposamenaren bitartez. Donut Ekonomian eta Nature Communications aldizkarian argitaratutako CLEVER Energy Scenario lanetan oinarritu gara 2050erako trantsizio-­helburuak proposatzeko. Nahikotasuna-­Eraginkortasuna-Berriztagarriak (NEB) trinomioan, deskarbonizazioan eta burujabetzan oinarritzen da. Hona laburrean:

  • Zenbat? Nahikotasun- eta eraginkortasun-­politika publikoen bidez azken energia kontsumoa % 45 jaistea proposatzen da. Helburu hori lortzeko, elektrifikazioarekin batera, mugikortasun- eta garraio-­ereduaren eraldaketa, ekonomia zirkularraren printzipioek gidatutako industria-­birmoldaketa eta eraikitako parkearen berrikuntza sakona behar dira.

  • Nola? Trantsizio justu eta azkar baterako 10 printzipio proposatu ditugu; besteak beste, nahikotasuna, burujabetza, lurraldearekiko bateragarritasuna, inpaktu txikiena izatea eta demokratizazioa. Esaterako, jabetzari dagokionez, proposatzen da instalatutako erdia publikoa izatea 2050erako.

  • Non? Euskal Herrian bertan gutxienez azken energiaren % 50 sortzea proposatzen da. Bi agertoki modelizatu dira: bat % 50eko burujabetzarekin (NEB 50 deitu diogu) eta bestea, anbiziotsuagoa, % 66koarekin (NEB 2/3). Nafarroak baliabide berriztagarri gehiago duenez, han EAErako planteatzen denaren ia hirukoitza instalatzea proposatzen da. Azkenik, sentsibilitate baxueneko eremuak lehenestea proposatzen da, eta, horretarako, beharrezkoa da lurralde-­plangintza egoki bat.

NEB 50 gutxieneko agertoki bat dela esan daiteke: kontsumo-jaitsiera handia, burujabetza ertaina eta, ahal den neurrian, teilatuetako fotovoltaikoa erabiliz. Gutxieneko agertoki horretan, 5.000 MW berri instalatu beharko lirateke parke eoliko eta fotovoltaiko artean. Gaur egun 2.000 MW inguru daude, eta horietatik 1.500 Nafarroako eolikoa da. Konparaziorako, Labrazako proiektu eolikoak 40 MW ditu. Frontoi baten teilatuko instalazio fotovoltaiko batek 0,1 MW.

Agertoki horretan, 700 aerosorgailu inguru izan beharko genituzke lurralde osoan —gaur egun daudenak baino gutxiago kopuruari dagokionez, baina handiagoak— eta 7.200 hektarea fotovoltaikoarentzat, 2050erako. Orotara, Euskal Herriko lurraldearen % 2 baino gutxiago.

Proposamen gehiago behar ditugu eta ongietorriak izango dira, proposamenen garaian baikaude. Eta, ez bada hemen, orduan non? Ez bada jaitsiera hori, zenbatekoa? Ez bada orain, noiz?

Bidezko trantsizio ekosoziala: Klima-aldaketa, energia-natura eta lurraldea uztartuz

Unai Pascual García de Azilu

Ingurumen-­ekonomialaria eta AhUko kidea

AhU energiaren, lurraldearen eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren inguruko hausnarketak harilkatzeko jaio zen, orain dela urte bat baino gehiago. AhU Euskal Herriko energia-trantsizioaren egungo testuinguruaren diagnostikoa eskaintzen ibili da, erabat finkatutako lurralde-plangintza ahulak markatua, energia-azpiegituren hedapenak lurraldean, paisaian eta espazioaren antolaketan dituen ondorioak aztertuz. AhUk azpimarratzen du bidezko energia-trantsizioa energiaren sektoretik askoz harago doan prozesu estrategiko, kolektibo eta lurralde-jasangarritasunari lotutako gisa jorratu behar dela.

AhUren premisa zera da: krisi ekosoziala gurean da, batzuetan ikusezina badirudi ere, eta bertan txirikordatzen diren bioaniztasunaren eta klimaren krisi globalaren isla da. Horren aurrean, natura, harekiko euskal gizarteak dituen askotariko balioak eta erregai fosilen erabilera murriztean oinarritutako politika publikoak abian jartzeko beharra azpimarratzen dugu.

Orobat ondorioztatzen dugu ezinbestekoa dela jasangarritasunetik oso urruti dagoen gure euskal metabolismo soziala berraldatzeko egiturazko baldintzak ahalik eta azkarren diseinatu eta martxan jarri behar direla. Hortxe kokatzen dugu, hain zuzen ere, energia berriztagarrietan oinarritutako eredu baten beharra, beti ere lurraldea eta bertan bizi diren pertsonak eta natura errespetatuko dituena.

Euskal lurraldetasunaren askotariko ikuspuntuak kontutan hartuz, gizarteak berak ondorioztatu behar du zein den bidezkoa izan behar duen energia-­eredu hori. Horretarako, datuak, prozesu partehartzaileak eta askotariko ikuspegi eta balioak elkarrekin partekatu behar dira. Horretarako sortu da AhU, bide horretan lagungarri izan daitezkeen tresnak sortu eta partekatzeko. Erronka, zalantzarik gabe, konplexua da.

AhUren hausnarketetatik eratorritako ondorioetako bat hauxe da: lurralde-ikuspegitik, Euskal Herriak lurralde-antolamendurako eta hirigintzarako lege garrantzitsuak ditu. EAEn, adibidez, Lurralde Antolamenduaren Legea, Lurralde Antolamenduko Zuzentarauak, Lurralde Plan Partzialak eta Lurralde Plan Sektorialak daude. Hala ere, lurralde-­antolamenduaren oinarriak sarritan urratzen dira. Beraz, gizarteak adi egon behar du botere publikoen jarduna fiskalizatzeko. Azpimarratu behar da, baita ere, noski, enpresa pribatu erraldoiek, Solaria kasu, duten lobby-boterea gizarteari inposatzeko arriskuaren aurrean erantzun bateratuak emateko beharra. Hori egin ezean, trantsizioaren inguruko teoria borobilak hutsaren hurrengo bilakatzen baitira.

Energia-trantsizioa gauzatzeko, lurraldearen kudeaketak tratamendu bidezkoa eta demokratikoa izan behar du: herritarrei parte hartzeko aukera eman behar zaie, informazioa modu garden eta eskuragarrian jasotzeko aukera bermatuz, kontuan hartuta lurraldea ondasun publiko babestu beharreko bat dela, jabetza norena den alde batera utzita. Adibidez, lurralde-antolamenduaren politikak ezin du egon natura babestetik eta nekazaritza-­politikatik aparte. AhUk gai horiek guztiak jorratzen ditu, zehaztasun teknikoarekin eta baita herritik sortzen diren hausnarketak jasoz.

Gorka Laurnaga Peña

Ekologia politikoan aditua. Stop Fosilak taldeko kidea

Pascual García de Azilu, Unai

Klima eta Natur Ingurunea / Basque Centre for Climate Change

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ingurumena