2022an 239.000 herritar hil ziren modu goiztiarrean, kutsadura atmosferikoaren ondorioz. 2030rako kutsadura eta haren ondorioak murrizteko neurriak adostu ziren, baina BC3ko ikertzaileek adierazi dute egungo politikekin, 2030an 153.000 pertsona hilko direla oraindik ere.
PM2,5 izeneko partikulak dira horren arduradun nagusiak. Autoek erregaiaren konbustioan eta gurpilen desgastearen ondorioz etengabe atmosferara jaurtitzen dituzten partikula fin-finak dira, 2,5 mikrometrokoak. Mikroskopikoak izanik, arnas-bideetan albeoloetaraino iristen dira, biriketako sakoneko egituretara, eta handik zuzenean odolera sartzen dira. Hori da PM2,5 partikulek eragindako kalteen arrazoi nagusia.
Trantsizio energetikoa justua izaten ari da?
Trantsizio energetikoa ezin da edozein modutan egin, eta azkarraz gain, justua bat izan behar du, ikertzaileen ustez. Europako hainbat herrialde une honetan kutsadura atmosferikoaren ondorioz osasungintzan pairatzen ari diren kargak konparatuta, ikusi dute herrialde batetik bestera desberdin handiak daudela. Balkanetako herrialdeak dira, hain zuzen, Europan ondorio larrienak pairatzen ari direnak.
Gainera, baldintza ekonomiko zailenak dituzten etxeetan bizi dituzte osasun-egoera zailenak, kutsadura atmosferikoari lotuta. Ikertzaileek, trantsizio energetikoaren abiadura desberdinen ondorioak ikusita, herrialdetako politikak lupa sozialarekin aztertu behar direla azpimarratu dute.
Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute
Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.



