Ez daude bi burmuin erabat berdinak. Giza burmuin guztietan funtzio batzuk eremu jakin batzuetan daude kokatuta: entzumena, ikusmena, gorputzeko mugimenduen kontrola eta abar. Guztion artean partekatzen ditugun eremu horiek burmuin osoaren erdia besterik ez dira; beste erdiaren egitura espezifikoa da pertsona bakoitzarentzat.
Hamarkadetan zehar, neurozientzia saiatu da ezberdintasun horien zergatia azaltzen. Hainbat faktore ikertu dira, hala nola adimena, loa, jarduera fisikoa, osasun mentala, pantailen erabilera edo elikadura. Alabaina, zaila suertatu da faktore horietako bakoitzak zenbaterainoko garrantzia duen zehaztea.
«Posta-kodearen bidez irudikatutako maila sozioekonomikoak izan du asoziazio indartsuena haurren burmuinaren egiturarekin.»
2017an abian jarri zen Amerikako Estatu Batuetan Nerabeen Garuneko Garapen Kognitiboaren Azterketa (ABCD, ingeleseko sigletan). Azterketa horrek nerabeen osasuna eta burmuinaren garapena ikertzea du helburu. Washingtongo Unibertsitateko Medikuntza Eskolako ikerketa-talde batek 9 eta 10 urte bitarteko 4.000 haur baino gehiagoren datuak hartu ditu handik, beren burmuinak alderatzeko eta alde horien zergatia ulertzeko.
649 aldagai erabili dituzte haurren burmuinen egituran eraginik duten aztertzeko; haien artean, eguneroko ohiturak, familien ezaugarriak eta ingurumen-aldagaiak. Aldagai horien guztien artean, posta-kodearen bidez irudikatutako maila sozioekonomikoak izan du asoziazio indartsuena.
Faktore hori burmuineko sistema motore eta sentsorialekin erlazionatu da gehienbat, eta horrek harritu ditu ikertzaileak. Uste zen maila sozioekonomikoak erlazio estuagoa izango zuela arretarekin edo kontrolarekin, baina ez da hala izan. Beraz, gehiago sakondu zuten. Beste datu batzuk aintzat hartuta, ikusi dute erlazio zuzena dagoela maila sozioekonomikoaren eta loaren, estimulatzaileen efektuaren, estresaren eta asaldurarekin lotutako beste fenomeno batzuen artean. Egileek adierazi dute ezin dela kausalitatea ziurtatu, baina uste dute korrelaziotik harago doan erlazio bat dagoela.
«Adimen-kozienteak erlazio estua du maila sozioekonomikoarekin.»
Beste ezusteko bat izan da adimen-kozienteak erlazio estua duela maila sozioekonomikoarekin. Egileen esanean, horrek ez du adierazten haurraren inguruak erabat zehazten duenik haren gaitasun kognitiboa, baizik eta, agian, adimen-kozienteak ez duela zehazki neurtzen guk neurtzea nahi duguna. Desberdintasun sozialak eta ekonomikoak kontuan izan gabe, zaila izan daiteke burmuinaren eta portaeraren arteko asoziazioak ulertzea. Haur baten adimenaren zantzua zirudienak bere haurtzaroko baldintzak islatu ditzake.
Argitu behar da maila sozioekonomikoa familiako diru-sarreretatik harago doala. Barne hartzen ditu auzoa, baliabideen eskuragarritasuna, egonkortasun ekonomikoa edo haurtzaroko ingurunea, eta aldagai horiek eragin zuzena izan dezakete haurren estres-mailan eta lo-ohituretan. Beraz, egileek zabaldu nahi izan duten mezua zera da: haurrak hazten diren inguruneak ez du soilik eragiten beren ongizatean edo hezkuntza-aukeretan, baita burmuineko egituran ere.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



