Optogenetika laborategietatik atera eta gizakietan erabili da, aurrenekoz

2021/05/26 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Nature Medicine aldizkaritik moldatua

Hogei urte ere ez ditu optogenetikak, eta jada laborategietatik atera da, lehenengo aldiz. Hari esker, 40 urtez itsu egondako gizon batek ikusmena berreskuratu du, partzialki bada ere. Optogenetikaz gizakietan tratamendu bat egiten den aurreneko aldia da, eta emaitzak oso positibotzat jo dituzte ikertzaileek.

Erretinosi pigmentarioa itsutasuna eragiten duen gaixotasun genetiko eta neurodegeneratiboa da. Hainbat mutazioren eraginez, erretinan argiarekiko sentikorrak diren zelulak degradatzen dira, eta, ondorioz, ikuseremua murriztuz joaten da, guztiz galdu arte. Orain arte ez da lortu tratamendu eraginkorrik, eta eskura zegoen aukera bakarra diagnostiko genetikoa egitea zen, gaixotasuna nork garatuko duen aurreikusteko. Oraingoan, ordea, ikusmena partzialki berreskuratu du pazienteak, eta, beraz, optogenetikak gaixotasun neurologikoetan neuronen funtzioa berreskuratzeko aukera ematen duela berretsi da.

Optogenetika terapia genetikoaren aldaera bat da. Bektore gisa adenobirus bat erabiliz, argiarekiko sentikortasuna ematen duen gene bat txertatzen dute pazientearen zeluletan, gerora argi-pultsuen bidez estimulatu eta kontrolatu ahal izateko. Kasu honetan, begietako zeluletan txertatu diote genea paziente itsuari. Hain zuzen, kanalrodopsina proteina txertatu diote, argiarekiko sentikortasuna ematen diena hainbat alga-espezieri.

Betaurreko estimulatzaileak, ikusi ahal izateko

Terapia genetikoaz gain, betaurreko berezi batzuk behar ditu pazienteak ikusi ahal izateko. Betaurrekoek inguruko argiaren intentsitate-aldaketak detektatzen dituzte, eta horren araberako argi-pultsuak proiektatzen dituzte pazientearen erretinara —optogenetikoki moldatutako zeluletara—. Hala, paziente itsuak aurrean zituen objektuak hauteman, kokatu, zenbatu eta ukitu ahal izan ditu.

Tratamenduaren emaitzak partzialak direla onartu dute ikertzaileek. Izan ere, ez du guztiz berreskuratu ikusmena, inondik inora. Objektuak hautemateko gaitasun mugatua du pazienteak. Gainera, optogenetikaren berezko muga da betaurreko estimulatzaileak behar dituela objektuak hautemateko. Betaurreko estimulatzailerik gabe, erabat itsu jarraitzen du. Baina, era berean, ikerketak iraun duen hilabetetan, behintzat, egonkor mantendu da betaurrekoez ikusteko gaitasuna. Nature Medicine aldizkarian argitaratu dute lana.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia