Kritikoma, garunaren plastikotasuna ulertzeko kontzeptu berria

ARG.: Santiago Ramon Y Cajal/Domeinu Publikoa


Jaio baino lehenagotik, garunak esperientziak eta sentipenak integratzen ditu. Haien eraginez, duen plastikotasunari esker, moldatzen doa. Bilakera horri, baina, ez da lineala; badaude une eta prozesu kritiko batzuk, eta haiek ondo ulertzea gako da pertsonen joera eta asaldu batzuk ulertzeko. Hori guztia aztertzeko eta interpretatzeko kontzeptu berri bat proposatu dute Suitzako eta AEBko ikertzaile batzuek, Brain Health aldizkarian: kritikoma.

Ikertzaileek horrela definitu dute kritikoma:, jaio aurretik eta 25 urte ingurura arte, garapenaren aldi kritikoetan erregistratutako informazio sentsorial, motor, sozial, kultural eta ingurumenekoaren multzo osoa. Hori aztertzeko, sei mekanismo neurobiologikotan oinarritu dira: parbalbumina interneuronen bidezko erregulazio GABAergikoa , sare perineuronalaren dinamika, mielinizazioa, erregulazio epigenetikoa, heltze neuromodulatzailea eta garapenaren inausketa sinaptikoa.

«kritikoma kontzeptua garrantzitsua da ikuspegi psikiatrikotik, aukera ematen baitu beste era batera ulertzeko zenbait asaldu»

Kritikoma kontzeptua garrantzitsua da ikuspegi psikiatrikotik, aukera ematen baitu beste era batera ulertzeko autismoaren espektroa, eskizofrenia, trauma-osteko estresa, depresioa eta beste asaldu batzuk. Izan ere, aukera ematen du galdetzeko, ez bakarrik zerk funtzionatzen duen gaizki, edo zer egitura dagoen kaltetuta, baizik eta zer ez den ondo integratu, adibidez. Depresioari buruzko ikuspegia ere asko alda daiteke kritikoma oinarri hartuz gero.

Nolanahi ere, egileek ohartarazi dute kritikoma kontzeptu bat dela, ez garunaren garapena neurtzeko tresna edo metodo bat.

Ana Galarraga Aiestaran

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna