CIC biomaGUNEko ikerketa-talde batek biriketako fluidoan oinarritutako nanopartikulak sortu ditu, biriketako fibrosia tratatzeko farmako bat kapsulatuta daramatenak. Saguetan egindako probetan, emandako nanobotikaren %90 birikan atxikitzea lortu dute, eta horrek ohiko tratamenduek baino albo-efektu askoz txikiagoak eragiten ditu. Emaitzak Advanced Healthcare Materials nazioarteko aldizkarian argitaratu dituzte.
Biriketako fibrosiaren ohiko tratamendua ahotik ematen da, eta ondorio kaltegarriak eragiten ditu askotan. Botika inhalazio bidez hartuta botikak biriketara bideratzen dira zuzenean, baina birika arnasarekin batera sartzen zaizkigun patogenoengandik babesteko diseinatuta dagoenez, gure organismoa defendatzen laguntzen duten mekanismoek zaildu egiten dute botikak emateko modu hori.
Zailtasun hori gainditzeko, CIC biomaGUNEko ikerketa-taldeak biriketako surfaktantezko nanopartikulak sortu dituzte. Biriketako albeoloak estaltzen dituen lipido eta proteinen nahasketa da surfaktantea, arnasketa ahalbidetzen duena. Nanopartikula horiek surfaktantearen jatorrizko proteinak eta lipidoak eta haren funtzionalitate biofisikoa kontserbatzen dituzte. Hala birika-gaixotasunak tratatzera bideratutako botikak biriketako surfaktantean kapsulatzeak birika osoan hobeto banatzea ekar dezakeela espero dute ikertzaileek.
Saguekin egin dituzten probetan ikusi dute emandako nanobotikaren % 90 atxikitzen dela birikan. Ikertzaileek adierazi dutenez, oso atxikipen-maila altua da, eta horrek esan nahi du gibelera iristen den botika-kantitatea tratamendu konbentzionaletakoa baino askoz ere txikiagoa dela. Ondorioz, albo-ondorioak murrizten dira. Izan ere, oso garrantzitsua da botikek behar duten lekuan soilik eragitea, emandako dosia zein albo-ondorioak murrizteko.
Gainera, nabarmendu dute sintesi-metodoa erraza, automatizatua eta erreproduzigarria dela, eta uste dute bide berriak irekiko dituela farmakoak kapsulatzeko eta haiek biriketako terapiatan erabiltzeko.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



