Neandertalek egurra asko eta hainbat funtziotarako erabiltzen zuten

Abric Romaní aztarnategitik erauzitako egurrezko ehunka aztarnek iradokitzen dute neandertalek asko erabiltzen zutela material hori, eta funtzio askotarako, gainera.

Topatu duten egurrezko elementuetako batek 16 cm-ko kirtena du, eta mutur zabala eta zorrotza, baina ikertzaileek ez dute haren funtzioa zehaztea lortu. ARG.: Gerard Campeny/IPHES-CERCA


IPHES-CERCA buru izan duen ikerketa batek Bartzelonako Abric Romaní aztarnategitik berrogei urtez erauzitako egurrezko 597 aztarna aztertu ditu. Duela 62.000 eta 40.000 urte bitarteko aztarnak dira, eta emaitzek erakutsi dute urte horietan guztietan neandertalek egurra erabili zutela hainbat eginkizunetarako; besteak beste, erregai modura eta armak eta erremintak ekoizteko, eta, beharbada, baita bizilekua eraikitzeko eta atontzeko ere.

«Ez da ohikoa aztarnategi arkeologikoetan egurrezko aztarnak topatzea, material galkorra baita»

Aztarna gehienak enborrak, adarrak, sustraiak eta egur-pilaketak dira. Baina neandertalek fabrikatu eta erabilitako hamahiru elementu ere identifikatu dituzte: etxeko objektuak, eraikuntza-elementuak, erremintak eta armak. Horien artean, badira hiru objektu bereziki deigarriak direnak. Horietako bi egurrezko lantzak dira, eta 2 m inguru neurtzen dute. Hirugarrena, berriz, egurrezko pieza bakar batean fabrikatutako objektu bat da; mazo baten itxura duen arren, ikertzaileek ezin izan dute haren funtzioa zehaztu.

Ez da ohikoa aztarnategi arkeologikoetan egurrezko aztarnak topatzea, material galkorra baita. Baina Abric Romaní aztarnategia salbuespena da, bertan dauden tobazko formazio batzuei esker. Kaltzio karbonatoak egurrezko aztarnak estali zituen, eta, azken horiek deskonposatzean, haien formak toban gordeta gelditu ziren.

Ez da neandertalen egurrezko aztarnak topatzen diren lehen aldia, baina lehenengoz aztertu ahal izan dira milaka urtez jarraian leku jakin batean egon diren egur-aztarnak. Horrekin ondorioztatu ahal izan dute egurra ezinbesteko material bat zela gizatalde horientzat.

«Abric Romaní aztarnategiaren alderdirik bereziena da normalean desagertu egiten diren gauzak ere ikus ditzakegula», azaldu du Palmira Saladié ikerketaren koordinatzaileak. Aztarnategia ezohiko kontserbazio-egoera dago, eta, horri esker, neandertalen bizitza ia konplexutasun osoan irudika dezakegu; ez bakarrik zer egiten zuten, baizik eta baita jarduerak nola banatzen zituzten, baliabideak nola kudeatzen zituzten eta espazioa nola antolatzen zuten ere.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Eboluzioa