Abaunzko talde arkeologikoak aurkeztu du aurkikuntza: gizonezko neandertal heldu baten sei hezur aurkitu dituzte; zehazki, hiru metakarpo eta eskuineko eskuko hatz-hezur bat, baita proteinen analisien bidez identifikatutako bi zati ere.
Mikel Arlegi eta Andion Arteaga ikerketaren buruek adierazi dutenez, “aurkikuntza honek garrantzi handia du, ez bakarrik Nafarroako ondarearentzat, baita nazioarteko ikerketarentzat ere. Bereziki azpimarratuko genuke ez dela batere ohikoa, ezta Europa mailan ere, neandertal baten aztarnetan batera edukitzea zuzeneko datazioa, ongi kontserbatutako DNA eta testuinguru arkeologiko zehatza”.
Gainera, Nafarroan neandertalen aztarnen erregistroan zegoen hutsunea betetzen du. Ikertzaileen esanean, “informazio hori guztia uztartzeak aukera emango digu hobeki ulertzeko Europako azken neandertalak nor ziren, beste populazioekin zer harreman zuten, zer testuingurutan eta nola bizi ziren, eta haien desagerpenaren aurretik zer populazio-dinamika gertatu ziren”.
Aipatzekoa da Abauntz haitzuloa Pirinioen bi aldeen arteko pasabide naturaleko eremu batean dagoela. Kokapen pribilegiatu horrek aukera ematen du historiaurreko populazioen mugikortasun-dinamikak ikertzeko.
Hala, Nafarroako historiaurreko aztarnategi nagusietako bat da. Hain zuzen, haitzuloko sekuentzia arkeologikoak gizakien presentziaren ia 50.000 urteko historia dokumentatzen du: neandertalen okupazioetatik hasi eta erromatarren garaira arte, tartean Paleolitoko hainbat kultura, Neolitoa eta metalen aroa igarota.
Erlazionatuak
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



